Continue Reading" />

08:00 a.m.

Etiketarik gabe Permalink 0

08:00 a.m.

Lierni.

-Amaaa!! Non daude nire galtzerdiak??

-Galtzerdien tiraderan!! Non bestela!?

-Ba ez daude!

-Ba hor behar dute…

-Baina hauek ez, besteak…

-Besteak? Ba hor ez badaude orduan garbitzeko, edo esekita…

-Galtzerdiak behar ditut!

Ziztu bizian eskaileratan gora eta Lierniren logelan sartuko da. Tiradera zabalik eta galtzerdi piloa lurrean botata.

-Zertan zabiltza?

-Esan dizut, galtzerdien bila!

-Baina zein galtzerdi?

-Marradunak! Marradunak behar ditut! Praka hauekin eta zapatilla hauekin marradunak erabiltzen ditut beti!

-Ba gaurkoagatik jantzi zuriak mesedez.

-Ba ez! Marradunak behar ditut! Beti erabiltzen ditut marradunak praka hauekin…

-…eta zapatilla hauekin, bai, baina behingoagatik?

Oiertxoren negarra entzuten da eskailera azpian. Sillatxoan lotuta utzi du haurtzaindegira eramateko prest. Baina negar zotinka dago. Behera jaitsi beharrean dago. Oiertxoren garraxiek gora egin dute dezibeliotan eta larrialdian.

-Galtzerdiak ama, galtzerdi marradunak!

Begiak zabal zabalik begiratzen du ama. Bizitza jokoan balu bezala.

-Ba garbigailuan izango dira!

Amak beherako bidea hartuko du, Oiertxoren garraxiak jasan ezinak dira, eta hori gutxi balitz Txak txakurra ere zaunka hasi da. Oier negarrez hastea eta Txak zaunka hastea beti bat izaten da. Eskaileratan behera doala Lierni gelako atera irteten da.

-Baina ama…

Lierniren ezpainak dardarka daude, begiak betetzen hasi zaizkio, handi-handi, distiratsu.

-Baina ama, partida daukat…

-Ba galtzerdi zuriekin ere partidak jokatu daitezke!

-Baina irabazteko marradunak behar ditut!

-Oier negarrez dago! Behera noa!

-Baina…

-Galtzerdi marradunak, bai, badakit…

Lierni protestaka, Oiertxo garrasika, Txak zaunka… eta orain telefonoa. Rosa izango da, bizilaguna, Txak zaunka dagoela esateko deika, seguru. Baina benetan uste du emakume horrek ez dutela txakurra entzuten? Alajaina! Tira… ba agian bai, Oierren garrasiak hain dira ozenak apenas entzuten dituela Txaken zaunkak.

-Gosaltzera, Lierni! Berehala!

Amak arnasa hartu eta bataila eremua dirudien jangela begiratzen du. Lierni arnas-hoska ari da, nik entzuteko moduan, galtzerdi marradun horiek munduaren akabera ekarriko ote dute? Oierrek garrasika jarraitzen du, Txak txakurra zaunka eta aurreko bi hankak kaleko atearen kontra harramazka, telefonoa jo eta su eta orain presio-eltzea txistuka.

Akzioan sartzeko unea.

Lierni eskutik heldu eta mahaira eramango du.

-Gosaldu, ia!

Amaren arrankeak Oier isilarazi du, magia! Honen ondotik pasatzean platano bat eman dio eta honek egoera ulertuko balu bezala irribarre bat bueltatuko dio trukean. Atearen kontra saltoka dagoen Txak txakurrari irteten utziko dio. Honek zaunka egiteari utzi eta telefonoa isilduko da. Ukondoarekin presio-eltzea sutatik kenduko du.

Lierni isildu egin da eta zerealak irensten ari da begiak zabal zabal eginda. Ama desagertu eta bi galtzerdi marradunekin agertuko da bi banderatxoen modura airean eraginez.

-Galtzerdi marradunak!

Zikinak, hori bai, baina zer axola du? Super-heroien helburua lur planetara bakea eta lasaitasuna ekartzea da, eta egongelara orain bakea itzuli da, oraingoz, berriro, hurrengo krisialdirarte…

-Eskerrik asko, ama!

08:05

Gaur ere lortu du.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.