Continue Reading" />

Familia ugaria

Etiketarik gabe Permalink 0

“…atzaparra aurrera luzatzen du, bere atzealdeko hankak berriz lurrera ondo kateatuta, adatsak airean dantzan eta marru egiten du ozen. Errekan ura edaten ari den hegazti-saldo migratzaile batek izututa zerura bidean doa ihes. Bere ondokoak hankaz lurra kolpatzen du hondar hauts laino bat altxatuz, honek ere marru egiten du buztana astinduz. Zebra-taldeak ihes egiten du galopan beldurraren beldurrez. Bien aurrean dagoen oreinaren haragi odoltsuan euliak dabiltza. Lehoi arrak haragia usaintzen du, emeak berriz marru bere letaginak erakutsiz. Arrak buztana hankartean sartu eta badoa handik. Ondo ulertu du agindua.”

-Itzali telebista eta zoaz zaborra ateratzera!

Senarrak ere ondo baino hobeto ulertu du agindua. Etorri zirenetik inoiz ez du atsegin izan gauez etxetik irtetea. Ez dira pauso asko etxetik organikoaren edukiontzia dagoen lekuraino, baina hainbeste dira arriskuak… Edukiontziaren tapa jaistean emandako kolpeak azpian zegoen katu beltza izutu du eta bizilagunaren hortentsien artean ezkutatu da. Gizonak ere sustoa hartu du. Ziztu bizian itzuli da etxera. Sartu eta berehala krisketaz itxi du atea. Harraskan lehortzen zeuden bi katilu hartu eta emazteak infusioak prestatzeko berotzen jarritako uraz bete ditu bi katiluak. Batean “ama” jartzen du, bestean berriz “aita”.

Katilu bat emazteari eskaini eta aulkian erortzen utzi du bere gorputz argala.

-Zergatik guri? Zergatik?

-Jakingo banu… pertsona onak ginela uste nuen, horrela zioen txostenak, gogoratzen? “Jende jatorra, atsegina eta ulerkorra”… Gogoratzen duzu?

-Hau guztia letra txikia ez irakurtzeagatik gertatu zaigu, argi asko jartzen du, ezin ditugu itzuli!

Itzal bat igaro da sukaldeko leihotik ziztu bizian. Biek batera begiratu zuten.

-Nor zen?

-Nola nahi duzu ba jakitea? Nik ez dakit zuk nola desberdintzen dituzun… hobe duzu begiratzera joatea. Berriro askatzen badira gureak egin du!

-Ondo da, joango naiz! -bota du marmarrean senarrak.

Zutitu eta aulkia bultzatu du sukaldeko alde batetik bestera.

-Madarikatuak! Beti ni, beti ni… zure ideia zela ahaztu duzu? Zuk nahi izan ez bazenu ez ginateke orain horrela, zoriontsu izango ginen… eta begira nola gauden… malko artean eta eskaletasunean.

-Ez niri orain horrelakorik bota, aditu? Hasieratik ados zinen nirekin! “Beti ni, beti ni…” Eta nork egin zituen garajeko konponketak? E? Esan! Nork eraiki zuen etxe atzeko txabola? Eta guztiok batera oporretara joateko autokarabana? Zure eskuz eraiki zenituen sehaskak, bat bakoitzarentzat! Eta hazi zirenean literak? Zuk egingo zenituela eta zuk egingo zenituela… Hiru litera, sei ohe! Hasieran ez zenuen kexarik!

-Hau azken aldia da, bizirik bueltatzen banaiz behintzat… Entzun didazu? Serio ari naiz!

-Ez daukagu erremediorik… ez, ez… zuk ere ez… irtengo zara, beraien aurpegi leun eta goxoak ikusiko dituzu, begi handi horien distirak harrapatuko zaitu eta bihar guztia desberdina izango den itxaropenak bultzatuta, buztana hankartera bildu eta hona itzuliko zara, beti bezala.

Senarra sukaldeko ateko krisketa kendu eta irten egin da atea kolpe batekin itxiz. Gauean, hostoen gainean emandako pausoek trumoiak dirudite. Emazteak dardarti sukaldeko leihotik begira. Itzalak agertzen hasi dira, berriro, alde guztietatik, senarra inguratu arte; emazteak atzeraka pausoak eman ditu bizkarrarekin sukaldeko horman itsatsiz oihu egin nahian baina ezinean. Sukaldeko atea kolpean ireki da, senarra lau hankatan dator erdi arrastaka, ihes egin nahian hau ere baina ezinean. Honen atzetik, jauzika, saltoka kanpoan itzal zirenak sukaldea bete dute.

-Eeeeeeez!! -orain bai, oihu egin du emazteak.

-Bihar guztia desberdina izango da, maite… ezta txikitxook?

Iruzkinak itxitak daude.