Continue Reading" />

August

Etiketarik gabe Permalink 0

Pertsona guztiak, oro har, bereziak dira, gara. Guztiok dugu zerbait ondokoak ez duena, desberdin egiten gaituena. Eskua kopetara eramanda, aurrean duguna zoratuta dagoela pentsatzen dugu egiten dituen ezohiko gauzengatik. Baina berezia den jende hori, horiek pentsatzen dute arruntak direla, zoratuta besteok gaudela, eta tira, baliteke edo ez.

August zen horietako bat. Zurgina. Egurra biluzten zuela esaten zuen, inguruko musek gidatzen omen zuten biluzte horretan. Begiak itxi eta zizelak egiten zuela lan guztia. Artista, edo artixta, nork jakin? Benetan berezia. Berak zioenez estralurtarren espazio-ontzi batek abduzitu zuen Saharan soldaduska egin zuen urte haietan eta handik zetorkiola artistatasuna. Tipo bitxia zen izan ere. Txikia, argala, hezur eta azal, hirurogei urte ingurukoa, beti monokuloa begian, buru handia, ilea aspaldi urdinduta eta luzea, gehienetan motots batekin bilduta. Ikustekoa nola negu edo uda, kazkabarra edo elurra, zero azpitik ere, alkandoraren hiruzpalau botoi zeramatzan bakarrik lotuta bere bularralde iletsua harrotasunez erakutsiz. Esku batean bi behatz bakarrik zituen; hatz lodia eta erakuslea salbatu zituen, besteak zizelarekin galdutakoak behin musen aginduei entzungor egiteagatik, horrela zioen Augustek. Hatz erakuslean harri-koxkor more distiradun eraztun deigarri bat luzitzen zuen, estralurtarrek eskainitakoa hau ere, bere botere artistikoen seinale. 

Hiriko alde zaharreko etxe zahar bateko azken pisu batean bizi zen. Egongela, logela, sukaldea eta estudioa, dena batean, eta komun txiki bat gortina koadrodun baten atzean. Hori bere “jauregia”. Sabaian bere musa estralurtarrekin kontaktua zuzena izatea laguntzen zion kristalezko tejabana bat. Bere garaian gardena seguru aski, baina denboraren poderioz, eta usoen laguntzarekin erabat opakua. Lurrean moketa zahar berde bat belarretan zapaltzen zuela sentitu arazten ziona. Ureztatu ere egiten zuen, atera kontuak, ezinbestekoa zela esaten zuen, bere untxientzat jarri zuen moketa berde hura. Ez al dizuet esan? Lau untxi zituen, izan zituen andregai bakoitzeko bat. Alizia, Teresa, Kontxi eta Karmen. Lau hauek serio xamar izandako andregaiak, “lagun berezien” zerrenda luzeagoa zen, luzeegia etxe txiki hartarako, Txindokipean baserri bat beharko zuen hauengatik ere untxitxo bat balu. Libre bizi ziren etxe barruan untxiak, inoiz ez zegoen jakiterik non ibili zitezkeen, bai, etxea bera txikia zen, baina bazuen leihotxo bat inguruko etxeen teilatura ematen zuena, eta hura ere untxien eremu bihurtu zen. Egun osoa musika jarrita zegoen Augusten paradisu txiki hartan, jazza. 20. Duke Ellington pianojolea gehien bat. Bere maskotek izugarri maite zuten musika hura eta garai hartakoa; gehien bat, Teresak. Estralurtarrak untxi gorpuztuta omen ziren, bere musak untxi bihurtuta.

Goiz eder eta distiratsu batean leihora agertu eta behera begiratzean, han azpian, seigarren pisuko terraza txikian Begoña bizilagunak ortutxo bat zuela deskubritu zuen. Hau da, ez loreak bakarrik, jangarriak ziren bere maskotentzat litxarreriak ere. Letxugak, tomateak eta azenarioak. Nola ez zuen eskaintza zerutiar hura ordurarte ikusi? Jauzi batean barrura egin eta plan bat landu zuen; Begoña bizilaguna lagunekin punttuan zaharren egoitzara joan bitartean abian jarriko zuen plana. Kalera irten eta beharrezko guztiak erosi zituen etxe aurreko burdindegian. Sokak eta untxien neurriko arnes modukoak. Itzultzean untxien gorputzera egokitzeko neurrira konpondu zituen. “Ene untxitxoak, orain zuek inoiz inon beste untxirik egin ez duen balentria egingo duzue”. Guztia prest utzi eta eskailerak jauzika jaitsi zituen seigarren pisuraino, Begoña joana zen edo ez jakitera. Etxeko txirrina jo eta ez zuen inork erantzun. Hura zen unea. Berriro gora, oraingoan jauzika ez, gorako bidea beti egiten zitzaion astunagoa. Kontxi untxia hartu eta arnesa jantzi zion. Leihora gerturatu eta soka askatzen hasi zen beherako bidean. Begoñaren terrazatxora iristean Kontxi letxuga zegoen txokora gerturatu eta han aritu zen koxk eta koxk. Ondoren gora. Beste untxiekin berdina egin zuen. Behera, letxuga, azenarioa edo tomatea jan eta gora. Neurrian, gehiegikeriarik gabe. Ez zuen nahi untxiek ortua lehen hegaldian birrintzea. Hura azken aldia izatea ez zuen nahi. Untxi bakoitzari litxarreriak dastatzeko tartetxo bat eman zion. Zer esango zuen ba Begoñak? Ziur zegoen maskotak atsegin zituela, baina, untxiak maskotatzat izango ote zituen? Berehala izango zuen galdera horren erantzuna.

Handik bi egunetara, Alizia untxia seigarreneko ortuan azenario laranja distiratsuak dastatze bidean zela Begoña uste baino lehenago itzuli zen bere eguneroko punttu partidatik. Terrazako atea ireki zuen etxea aireztatzeko eta orduan ikusi zuen zeru aldetik hegorik gabeko untxi bat zetorrela parapentean. “Honek amesgaiztoa behar du” pentsatu zuen eszena sinesgaitz hari begira. Aliziak lasai hartu zuen lur Begoñaren ortuan eta ordurako Begoña sutzen hasi zegoen. Are gehiago untxi hura bere letxuga berde eta freskoena irensten ari zela ikustean. Kimatzeko guraizeak hartu eta arnesa lotzen zuen soka moztu zuen.

August shockean zegoen. Ezin zuen ezer egin. Bazekien Begoña ez zela edozein preziotan saltzeko prest egon zitekeen emakumea, are gehiago bere barazkiak irentsi nahi izan zituen zerutik eroritako haragi freskoa eskuetan zuela.

Ba bai, Begoñak oso gustuko zituen untxiak ere, baina ilar eta patatekin egindako saltsarekin. Handik egun batzuetara izan zuen horren berri, Begoña terrazatxora irten eta gora begira oihuka hasi zenean: “Zoragarria egon da, zure untxia jan dut! Datorren astebururako ere gorde dut pixka bat izozkailuan, nahi baduzu? Kar, kar, kar…”.  Baina hori nahikoa ez, eta bere amorrua lau haizetara zabaltzeko Aliziaren hezurrak terrazatxoaren zoruan zabaldu zituen, probokazio bat Augustek argi ikusi zitzan. Hura Augusten sufrimendua. Agur bat merezi zuen Alizia untxiak, eta haiek ez ziren moduak. Ez Augusten iritzian, berak beste mistizismo bat nahi zuen untxi gorpuztutako estralurtarrarentzat, Aliziarentzat. Zeremonia bat ospatu nahi zuen, beste maskota baten sentimendu gozoek gidatua. Txakurtxo batek balioko ziola erabaki zuen, hark Aliziaren hezurtxoak maitatuko zituen. Plan borobil bat irudikatu zuen horretarako ere. Ondoko auzoko parkera gerturatu eta kanixe txiki bat korreatik helduta zeraman atso batekin egin zuen tratua hura ederki limurtuta. Kanixearen nagusia terrazaren azpian geratu zen kalean, Augustek txakurtxoa arnesari lotuta airean askatzen zuen bitartean terrazatxora bidean. Jende andana bildu zen kalean, terrazatxora begira. Guztiek eskua kopetara eramaten zuten zenbat jende bitxi dagoen munduan marmarka. Kanixe bat arnes bati lotuta zortzigarren pisutik zintzilik? Zein zen ero haren asmoa? Kanixea terrazatxora iritsi zenean Aliziaren hezurtxoak miazkatzeari ekin zion, hura gozamena hezur eta azal zen lau hankako zaunkalari txikiarentzat. Ez zuen asko behar izan hezurtxoak irensteko. Alizia kanixearen parte zen orain, haren hezurtxoak behinik behin. Augusti nahikoa iruditu zitzaion eta gorako bidean ekarri zuen kanixea. Behin goran, besarkatu eta Alizia zenaren epeltasuna nabaritu zuen kanixean estutze hartan. Helburua beteta kanixea bere nagusiari itzuli zion.

Baina erregea hila, berriak jo du ezkila; eta halaxe untxi berri bat iritsi zen Augusten paradisu hartara. Izena? Andregai berriarena, Klaudia, ondoko auzoko kanixearen nagusia. 

Esandakoa. Pertsona guztiak, oro har, bereziak dira, gara. Guztiok dugu zerbait ondokoak ez duena, desberdin egiten gaituena. Eskua kopetara eramanda, aurrean duguna zoratuta dagoela pentsatzen dugu egiten dituen ezohiko gauzengatik. Bai, August berezia da. Baina nor naiz ni August artista, zurgina, untxi domatzailea edo ero bat zen epaitzeko?

Iruzkinak itxitak daude.