Continue Reading" />

Aldarrikapenak

Etiketarik gabe Permalink 0

Egunero toki berdinean ikusten nuen. Hirurogei urte inguru zituela esango nuke; itxuraz indartsua, gogorra, azala zimurra… hirurogei esan dut baina agian gazteagoa zen, bizitzak astindutako pertsona zen. Esku batekin trastez betetako orga bati helduta eta bestearekin pankarta bat eutsiz. “Askatasuna olagarroentzat!” irakurri zitekeen, gutxi gorabehera. Letra gorri larriz idatzita. Eguzkiak, euriak, hotzak eta haizeak ere hondatu zuten kartela, urteak ez direla alperrik igarotzen, alegia, kartelarentzat ere ez, aldarrikapenentzat ere ez. Kartelari gogor eusten zion, goran, tinko eta tente, edonork ikusteko moduan, baina beti pentsatu izan nuen ni nintzela emakume hari erreparatzen zion bakarra, berari eta eusten zion aldarriari. Agian atzean zuen hormarekin bat egin zuelako, paisaiaren parte zelako dagoeneko, farolak, zakarrontzi eta postontzien modura. Agian hori guztiagatik besteek ez zioten jaramonik egiten.

Askotan galdetzen nion neure buruari bere aldarri hura hastapenetan beste zentzu zentzudunagoa ba ote zuen. Agian, pankartak hitzen bat galdu zuen urtetik urtera. Edo ez, agian inoiz ez zuen zentzu berezirik izan: “Askatasuna olagarroentzat!”. Nork jakin. Baina faltan izan zitzazkeen hitzek izugarri zabaltzen zuten aldarriaren aukerak. Askotan egin nituen saiakerak. Ez alperrik.

Egunero igarotzen nintzen bere ondotik, gau eta egun. Lanera bidean eta lanetik bueltan, tarteka txanponen bat bota, besteren baten fruta edo ogia eskaini… txanponei uko egiten zien, jakiei ordea ez zien muzinik egiten. Egunak joan eta egunak etorri. Goiz batean desagertu zen arte. Lehen egun hartan pentsatu nuen, agian, ondo ezik, ez joatea erabaki zuela. Baina egunak aurrera joan ziren eta haren arrastorik ez. Lau egun, sei, zazpi… aste bat, bi aste… arduratzen hasi nintzen. Inguruak arakatu nituen, inguruko taberna batean galdetu, parean zegoen tailerrean… inork ez zuen bere berri, batzuk nortaz, zertaz ari nintzen ere ez zekiten. Etsi egin nuen.

Handik hilabete batzuetara bere orga ikusi nuen autobus geltoki zaharreko bazter batean eta aldarriaren kartela ondoan lurrean botata. Eguzkiak letrak erre zituen baina oraindik atzeman zitezkeen. Inguruan begiratu nuen baina ez zegoen haren arrastorik. Susmoa nuen hilda egongo zela, nonbait. Ikusezin. Oharkabeko. Bakean joan izango zela espero nuen, nolabait bere ahalegin eta ekiteari esker egunen batean bere aldarria beteko zela sinistuta. Azkenean aske izango zirela, olagarroak alegia. Nork bere aldarrikapenak ditu. Aldarrikapen zentzugabeagoak ere badaude, ala ez?

Iruzkinak itxitak daude.