Continue Reading" />

Bizilagunak

Etiketarik gabe Permalink 1

Nork ez ditu tarteka arazo txikiak, ertainak edo handiagoak izan bizilagunekin? Tira, bai, beti ez da horrela izaten, baina bestela ez nuke zer kontatua izango. Nork ez ditu sufritu goikoaren zaratotsak, kateak arrastaka, lau dorretako gaztelua buruen gainean harriz harri eroriko balitz bezala…

Andrea nire gurasoen gainean bizi den emakumea da. Egun bakarrik bizi da bere Xarparekin, txakurrarekin. Familia etxean bizi zuenean beti izan ziren bizilagun onak, beti laguntzeko prest, beti irribarrea ezpainetan marraztuta. Baina oso zaratatsuak ere bai. Bazuen txoro txoro eginda amaitu zuen txakur bat, goizero goizero parketa haztakatzen zuena, eta ganoraz egin ezin zuenez zaunka hasten zena haserre. Baina txakurra hil zitzaionean, bakarrik geratu eta zahar egoitza batera joatea erabaki zuen. Agurtzera jaitsi zen, jakina.

-Pazientzia handia izan duzue nirekin. Nire seme-alabak, ilobak, txakurrak oso zalapartatsuak izan dira, nik beti esaten nien, beheko bizilagunak igoko dira kexuka… baina inoiz ez zarete kexatu, berrogei urtetan inoiz ez.

-Haur guztiak dira istilutsuak azpian bizi diren bizilagunentzat, baina pazientzia eta ohitzea besterik ez dago.

Andreak barre egin zuen.

-Gogoan dut aita zana jaiotetxean bizi ginela behean bizi zen gizonarekin topo egin zuela behin. Banketxe bateko zuzendari handiuste bat zen. Horrela esan zion goiz batean:

“-Begira, ezerk ez nau molestatzen, izan ere egun osoa etxetik kanpo ematen dudalako, baina bada gauza bat, hots bat, jasan ezin dudana.

-A bai? Zer da ba? -esan zion gure aitak.

-Zapatak! Gauero zapatak kendu eta erortzen uzten dituzu… klon eta klon… beti une beran, justu lo hartzera noanean. Eskertuko nizuke eskuarekin kenduko bazenitu, beste hankarekin bultza eginez kendu beharrean, eta poliki eta isilik lurrean utziko bazenitu.”

-Nire aitak baietz esan zion, jakina, nola ez, baina gau hartan, beti egiten zuen bezala, ohean eseri eta esker oineko zapata beti egiten zuen modura kendu zuen, beste hankarekin bultza eginez eta lurrera erortzen utziz. Zapatak burrunba egin zuen lurraren kontra eta orduan konturatu zen. “Ostras! Bankeroa!” Bigarren zapata tentu handiz kendu zuen eskuarekin eta suabe-suabe lurrean utzi. Hurrengo egunean aita banketxeko zuzendariarekin elkartu zen etxeko atarian.

“-Zer? Gaur hobeto egin al duz lo? -bota zion aitak.

-Ba zer nahi duzu esatea, ez dut begirik bildu gau osoan.

-Nola liteke baina?

-Ba bigarren zapata noiz erori zain pasa dudalako!”

 

Iruzkinak itxitak daude.