Continue Reading" />

Ebaristo eta Amadeo

, , Permalink 0

Ebaristo ohituretako gizona zen. Ostiralak azoka egunak zituen. Ezin zuen hutsik egin. Medikuak txanda ostiralean emanez gero argi uzten zion ez zela agertuko. Ostiralero herriko azokara joatea bere ezinbesteko ohituretako bat zen. Ez zegoen ezer munduan azoka eguna izorratuko zionik. Bere hileta ospakizunera ez zen agertuko ostirala tokatuz gero.

Arratsaldeko laurak ziren. Azoka eguna. Bazkal ondoren, azokatik bueltan, Lanrroberra hesiaren ondoan aparkatu, saski hutsak atera eta baserrira abiatu zen. Bidean, beti bezala ardiak zenbatu zituen. Berrehun eta zortzi behar zuten eta berrehun eta zortzi zeuden. Hesi ondoan kotxea utzi eta baserrirainoko bidean bere animalien inbentarioa egitea bere beste ohituretako bat zen. Ardiak, txerriak eta azkenik oiloak. Esan bezala berrehun eta zortzi ardiak han zeuden.  Guztiak. Ondoren, oilategira iritsi aurretik txerriak kontatzeko unea zen. Kontatu eta kieto geratu zen. Kolpean. Atzera egin eta berriro ekin zion kontaketari. Hamaika txerri. Hamaika txerri baino ez zeuden. Berriro kontatu eta berriro hamaika. Hamaika txerri hamabi behar zuten tokian. Hirugarren kontaketa bat egin zuen. Zalantzarik ez. Definitiboki txerri bat falta zen. Hamabi txerri egon behar zuten lekuan hamaika baino ez zeuden.

Buelta eman eta Amadeoren baserrira begiratu zuen. Auzo lagunaren baserrira.

-Hasieratik hartu diot susmo txarra azokan agurtu nauenean…

Alde bietara begiratu eta Amadeoren Suzukia han ez zegoela ikusita hesia gainetik pasatuta Amadeoren txerritegi aldera abiatu da . Begira bakarrean argitu du misterioa, han sei txerri zeuden, sei txerri bost behar zuten lekuan.

Amorruaren amorruz, oinkada sendoz baserriko atarira gerturatu eta ate joka hasi da. Bazekien, horrela uste zuen behintzat, han ez zegoela inor, baina amorrua nonbaitetik atera behar zuen. Atea kolpatu eta ustekabean ireki egin zen. Burua sartu eta deiadarka hasi zen. Erantzunik ez. Argi zegoen bizilaguna ez zegoela. Txerri bat gehiago zuela ospatzen ariko zen malapartatua. Baina burua atari barruan zuela hura zen hura aurkitu zuen altxorra. Hogei bat kaxa. Hogei bat kaxa tomate gorri ederrez beteta.

-Adarra joko zenidala uste zenuen, ezta, Amadeo? Oraintxe ikusiko duk!

Gaineko kaxa hartu eta lurrera bota zuen. Bere botatzarrekin zisp eta zasp txikitu zituen tomate gorri eder guztiak. Lehenengo kaxarekin amaitu eta berehala bigarrenarekin berdina egin zuen, hirugarrenarekin, laugarrenarekin… gelditu zenean bi kaxa baino ez ziren gelditzen.

-Behin hasita lanak amaitu egin behar dira!

Zisp eta zasp, tomate gorri ederrez betetako kaxa guztiak zanpatu zituen bere botatzarrekin.

Etxerako bidean, bere txerria soka batekin lotu eta eraman egin zuen, ondo egindako lanaren arrotasunez. Agian tomate gorri eder guztiak zanpatzea gehiegi izan zen? Hor konpon, ederki merezia zuen! Txerrikortara iristean hantxe utzi zuen bere hamabigarren txerria. Irribarre zabala zuela azken kontaketa baino ez zuen falta, oiloena. Eta aizue, hango kontaketak ere akatsa zuen. Oraingo honetan bat gutxiago izan beharrean bat gehiago zegoen. Hemezortzi oilo behar zuten lekuan hemeretzi zeuden. Hemeretzi oilo eta bi oilar. Oilo bat sobran zegoen. Berriro kontatu zuen. Eta berriro eta berriro. Bost kontaketa egin arte. Eta emaitza berdina. Hemeretzi oilo eta bi oilar. Oilo bat gehiago, oilo bat sobran.

Erabat zurtuta etxera sartu zen. Sukaldean emaztea aurkitu zuen. Aizto bat luzatu zion.

-Zure zain nengoen, alaba dator afaltzera… hasi patatak zuritzen!

Ebaristok, patatak zuritu ahala  hemeretzigarren oiloarengatik galdetu zion, behatzarekin ukuilu aldera seinalatuz.

-Konturatu zara? -esan zion emazteak – Ba kontua da Amadeo bizilaguna etorri zaidala goizean premiazko kontu batengatik beste txerri bat behar zuela. Oilo baten truke eman diot. Txerri zaharrena eman diot, eta hark oiloa bakarrik ez,  hogei kaxa tomate gorri eder eman dizkit trukean! Tomate kaxak bihar goizean ekarriko dizkit! Gero tratuan txarra naizela esango duzu! Azokan, ondo?

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.