Continue Reading" />

Ederki goaz

Etiketarik gabe Permalink 0

Ba ez dakit urte hau ona ala txarra izan den. Hor nonbait apuntatuta daukat, baina alferkeria ematen dit egunerokoaren bila hastea. Orokorrean ondo egon dela esango nuke.

Bidaiaren bat edo beste egin dut. Desastre handiegirik ez dut pairatu.

Telebista saio “arrakastatsu” bat sortu eta jarri dut abian, gidoi mordoa idatzi dut.

Txori bati bizia “salbatu” nion.

Hainbat marroiei ezezkoa esaten ausartu naiz (nahiz eta ez jakin honek onurak edo kalteak ekarriko dizkidan).

Alabari eskulan inportante bat egiten lagundu diogu. Nola ari den handitzen. Pozik ote nagoen galdetzen dit uneoro. Nola erakutsi ematen didan poza barruan kabitu ere ez zaidala egiten,

Ehunka otordu prestatu ditut sukaldean.

Hainbat lantxo aurrera atera ditut. Batzuk besteak baino hobe.

Semeari bere ametsetan lagundu diogu. Bai ez eta ez bai den garai horretan gaude, blues-etik rockera eta balada goxotik metal zorrotzera jauzi egiten dugu erritmo bizian.

Webgune hau martxan jarri dut, eta “tubo-eskape” zoragarria suertatu zait.

Itsasoa ikusi dut behin baino gehiagotan eta mendira ere joan naiz tarteka. Infinitora begiratzeak erakartzen nau.

Kirola egiteari ekin diot berriro ere. Gustura.

Bizilagun bati garajeko atea irekitzen lagundu nion (esker onez muxu bat eta ardo botila bat eman zizkidan Irimo puntan edan genuena).

Lagunekin barre egin dut. Hiletetan topo egiten hasi gara, besarkada bat lagun. Ez galdu irribarrea.

Haragia, arraina eta barazkiak jan ditut, fruta ere bai. Ez naiz marisko zalea.

Egin beharrekoen kutxan gordeta zuen horri heldu dio eta lagungarri naizelakoan badoa. Hortxe gaude.

Barre asko egin dugu eta etorkizunerako barre gehiago landatu ditugu.

Seme-alabek poz handiak eman dizkigute, elkarrizketa sakon bezain barregarriak izan ditugu nire gidoietan zalantzarik gabe bihar edo etzi plagiatuko ditudanak.

Irribarre, negar, oihu, haserretu, hunkitu, poztu, gozatu, garraxi, amets eta berriro esnatu! Ah, eta noizbait mozkortu ere bai! Baina zer arraio!

Eta aizue, horrela izanda ere, sentsazioa daukat askotan ez naizela ni neure bizitzaren gidoigilea. Besten batek idatzitakoari jarraitzen diodala sentitzen dut tarteka. Ametsetan lo nagoela. Baina ez, besten batek idatzitakoa bada ere, beti gertatzen den bezala, zuzendari batek ematen dio forma, bere forma, azken forma; eta kasu honetan ni naiz nire bizitzaren zuzendaria. Eta ni pertsonaia nagusia. Joan eta etortzen den pertsonaia bat, jaso, landatu, gidatu, jaiki, zutitu, jokatu eta jolastu. Jauzi, negar, idatzi, garrasi eta borrokan dabilena.  Denboraren mapa zeharkatzen, errealitatearen errekan urlasterretan aurre eginez. Hiru dimentsiotako film bat bada ere askotan lau dimentsiokoa dirudi. Ez dago nora joan, ez da besterik; bizitza hauxe da. Hauxe eta irribarre egitea. Egin irribarre. Eta eskerrak ez nagoen bakarrik. Ez dakit nor den pilotu eta nor kopilotu, bost axola, baina bagoaz, eta ederki goaz elkarrekin goazelako seguruenik.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.