Continue Reading" />

Gate munstroa

, , Permalink 0

Gauak luze jo zuen, luzeegi, astuna, neketsua. Begiak bildu nahi eta ezin hori ezagutzen duzue, ezta? Horixe gertatu zitzaidan. Hantxe nengoen ni, lo egin nahian. Alde batera. Bestera. Buruz gora. Buruz behera. Esnea edan. Ehun flexio… ondo da, hogei bat… gorputza nekatzea komeni izaten da… alperrik. Bat batean hots arraro bat. Marmarra entzun nuen ohe azpian. Txakur baten antzekoa baina ez txakurraren iguala, ez zaunka, ez, tira ez dakit.

-Kaixo? Inor al da nire ohe azpian?

-Barkatu, ez dizut ulertu… zer galdetu duzu?

Hasperen egin nuen, urduri.

-Munstroak al daude nire ohe azpian?

-Kar, kar, kar… ez, jakina ezetz.

Bere ahotsa zakarra zen, akzio biziko pelikuletako aktoreena bezalakoa, edo bikoizleena, akotoreen benetako ahotsa nolakoa ote da…? Baina tira, gurera.

-Orduan nor zara? Zer zara zehazki?

-Zer naizen? Zer esan nahi duzu?

-Ba… horixe bera… zure izena da…? Nola nahi duzu deitzea?

-A! Hori… lagunek Gate deitzen naute, Col-Gate, aginen distirarengatik!

Ihes egitea aukera bat zen, baina ez, ze arraio, ez nuen logurarik.

-Lagunak?

-Ba bai! Zer uste duzu ba? Munstroek ez daukagula lagunik, ala?

-Munstroak? Ez didazu esan ba ohe azpian ez zeudela munstroak?

-Eta egia da, ez daude munstroak, munstroa dago, ni neu bakarrik!

-Jakina! Egia borobila!

Lasai nengoela erakutsi nahi nion.

-Aizu, mutikoa, eta zure izena?

-Nahiago nuke… Amak ezezagunekin ez hitz egiteko esaten zidan txikitan… eta mustroak ezezagunen taldean sartzen zarete, ezta?

-Tiko deituko zaitut! Tiko. Mutiko! Kar, kar, kar… Tiko ondo dago, bai! Ados?

-Tiko, bai, bale…

Nire benetako izena Jon da, baina ez esatea hobe. Nire nortasuna lapurtu zezakeen, horrelakoak gertatu izan dira, interneten irakurri dut, edo okerrago, nire izena eta datuak sarean zehar zabaldu. Hobe ez.

-Badakizu? Kar, kar, kar… tipo jatorra dirudizu! Ez zaitut jango! Kar, kar, kar… Medikuak haurrik gabeko dietan jarri nau! Eta medikuei kasu egin behar zaie!

-Ez naiz haur bat! Gazte bat naiz, nerabe bat! Txikia naiz tamainaz, baina hamabost urte ditut dagoeneko!

-Ondo da, ondo da… baina ez zaitut jango hala ere… egia esan gizakirik gabeko dieta bat da… aizu, nerabeak gizakiak zarete, ezta? Kar, kar, kar…

-Zer egiten duzu nire ohe azpian?

-Apustu bat! Zure ohe azpian 12 orduz ezkutatzen banintzen 20 euro emango zizkidala agindu dit munstro morroi batek!

-Nire ohea edo edozein ohe?

-Berak edozein ohe esan zuen. Auzoan nenbilen. Ohe extra handi baten bila, baina galdu, aizu. Nire botere teletrasportatzaileak erabili eta hementxe lurreratu nintzen, zure ohe azpian.

-Eta 20 euroak emango dizkizun horri nola frogatuko diozu nire ohe azpian egon zarela?

Bat batean flash batek itsutu ninduen. Horra nire galderari erantzuna. Ez dakit zerk itsutu ninduen, kameraren flashak edo Col-Gateren hortz eta agin distiratsuek.

-Selfie!

-Munstroek selfiak egiten dituzue? Teletransportatu zaitezkete?

-Tiko, Tiko, tiko… gauza asko daude munstroen inguruan ezagutzen ez dituzunak!

Galdera mordoa zetozkidan burura, baina esnatu nintzanean ez zegoen. Ohe azpian hautsa baino ez zegoen.

Mesanotxean selfie bat utzi zidan. Ni bakarrik agertzen nintzen.

Uau! Teletranportatzeaz gain ikusezinak ere badira munstroak!

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.