Continue Reading" />

Gaurik luzeena… neguburua!

Etiketarik gabe Permalink 0

Osaba zenak kontatu zidan, denboran atzera eginda, mendeak eta mendeak bailarak balira bezala zeharkatuz garai magiko batera iritsita, bertan gertatu omen zela guztia, bertan erein omen zen garenaren hazia…

Kontatu zidanean ipuina zela pentsatu nuen, baina amaieran esaldi bat bota zidan, “izena duen guztia bada”. Euskaldunontzat hitzek duten garrantzia ederki azaltzen du esaldi horrek. Mendeetan hitzak dantzan ibili dira ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi gurera iritsi arte. Hauxe osabak niri utzitako ondarea, altxorra…

Garai hartan Jentilak bizi ziren gure lur hauetan, eta diotenez Jentil baten eta Lamia baten arteko maitasunetik jaio omen zen lehen gizakia. Jentilak oso azkarrak omen ziren. Jentilek erakutsi zieten gizakiei harria lantzen, lamiek erakutsi zieten zubiak eraikitzen, gizakiek Ahaide Nagusiengandik ikasi omen zuten burdina urtzen ondoren lantresnak egiteko… eta nola ez, garia landatzen irina egiteko…

Milaka urtetan eguzkia gurtu izan zuten. Eguzkiak ematen zien argia, eguzkiak ematen zien beroa. Hori dela eta uda partean udaburua, udako solztizioa ospatzen zuten, egunik luzeena, hortik aurrera eguna laburtzen eta gaua luzatzen hasten zen. Eta neguan neguburua, neguko solstizioa, gaurik luzeena, handik aurrera eguna luzatzen eta gaua laburtzen hasten zen. Eta da.

Baina behin, neguburua, neguko solztizioa ospatzen ari zirela argi distiratsu bat agertu omen zen sortaldetik. Argi indartsu bat. Dantzan eta kantuan ari ziren Jentil eta Ahaide Nagusi guztiak seko geratu ziren, aho zabalik. Inoiz ikusi gabeko hura zer ote zen? Zuhaitz ihartu baten ondoan etzanda zegoen agurearengana gerturatu ziren, Jentilen artean zaharrena zen eta baten batek hura zer zen jakitekotan, agureak jakin behar zuen. Honek argi distiratsua ikustean bere hezur zaharrak tente jarriz ihesian joan zen, kobazulora sartu zen deiadarka.

-Kixmi da, amaitu da Ahaide Nagusion garaia, badator gizakien aroa!

Agurea kobazuloan ezkutatu zen eta honen atzetik Ahaide Nagusi guztiak. Jentil, Lami, Basajaun, Basandere… guztiak kobazuloan sartu eta harkaitz izugarri handi batekin tapatu zuten sarrera. Ez, guztiak ez. Haietako bat kanpoan geratu zen, azken Jentilak bailaran bizi ziren gizakiei ohartarazi behar zien.

Bailarara jaitsi zenean, negua zen, ilun zegoen. Ezkutatuta omen zeuden gizaki guztiak, hotzak. Azken Jentilak hura ikusita, berriro mendira igo eta Jentilek berotzeko erabiltzen zuten harri miragarria jaso eta eraman zien. Etxez etxe banatu zuen. Ikatza.

Handik aurrera urtero urtero, neguburuan gizakiengana jaisten omen zen gizakiei ikatza eramatera. Hori omen zen neguko oparia, urre beltza.

Azken Jentil hura Olentzero da. Azken Jentila, aspaldiko garai baten ondarea, legatua. Gure izatearen haria. Izena duen guztia bada, Olentzero badenik ezin ukatu!

Diotenez gure baso eta oihanetan barneratuz gero, oraindik ere Lamiaren bat kantuan entzun dezakegu, Jentilak ikusi agian, Basajaun usaindu… edo zergatik ez, iratxo edo galtzagorriren bat gurekin jolastu nahian agertu… hori bai, begiak itxi eta sinisteko gaitasuna badugu…

 

0 Iruzkin

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.