Continue Reading" />

Hamaseigarren solairuko agurea

Etiketarik gabe Permalink 0

Hamaseigarren solairuan lana egiten zuen agureak ez zuen izenik. Tira bai, jakina izena izango zuela, bere ama zenak, aspaldi, oso aspaldi jarriko zion izenen bat, baina esan nahi dudana da guk ez genuela ezagutzen. Ez genuen bere izena ezagutzen, ez genekien nor zen, eta garrantzitsuena, ez genekien zer egiten zuen, non egiten zuen lan. Eta gu, bere lankideak ginen, enpresa berdinean egiten genuen lan. Jakin beharra genuen.

Gurean bakoitzak bere lana du, gure bulego txikia, edo handia, edo mahaia, eta guztiok gure mahaian gure izena daraman kartela daukagu, edo bulego txikian edo bulego handian. Batzuk mahaian, eta beste batzuk atean. Mailaren arabera. Asko gara, eta guztion izena gogoratzea ez da erraza izaten. Baina nik bai, nik guztiak gogoratzen ditut, dakizkidanak, baina agurearen izena ez nuen gogoratzen. Nola gogoratu inoiz jakin ez dudana?

Inork ez daki non egiten duen lan, bai, hamaseigarren solairuan bai, baina kito, ezer gutxi gehiago dakigu. Behin lankide batzuen artean lankide guztien inbentarioa egitea erabaki genuen. Horrela sobran agertuko zen izena berea izango zela ondorioztatu genuen. Klarionarekin ate, mahai eta bulego bakoitzaren ondoan ixa bat marraztu genuen langile guztien zerrendatik izen bat azpimarratzen genuen bakoitzeko. Baina alperrik. Bera ez zen inon agertzen. Hamaseigarren solairuak irentsiko balu bezala. Berak ez du inon lanik egiten. Ez ate, ez mahai ez eta bulegotan ere. Baina goizero agertzen da, igogailura igo eta hamaseigarren solairuko pasilloan desagertzen da, magia. Baina ez pentsa, hamaiketakoaren orduan beti agertzen da berriro ere. Magia.

Behin zozketa egin genuen. Sarituak lana izango zuen hamaiketakoaren orduan. Agurea jarraitu eta zer egiten zuen ikertu. Xabierri tokatu zitzaion, bekadunari. Ze zorte txarra ezta? Xabier bere misiotik itzuli zenean, agurea erreka ondoko parkeko laugarren bankuan etzan eta hamabi minutuz lo kuluxka egin zuela esan zigun. Ondoren altxatu, bankuaren ondoan dagoen iturritik ur trago bat edan eta berriro igogailuan hamaseigarren solairura. Existitzen ez zen bere bulegora, existitzen ez zen bere lanera. Hurrengo egunetan txandaka jarraituko genuela erabaki genuen. Agureak errutina berdina jarraitzen zuen. Hamaiketakoaren orduan erreka ondoko parkera joan, laugarren bankuan etzan, hamabi minutuz lo egin, esnatu iturrian ur tragoa eta berriro buelta. Berdin dio hiriko zaratotsa, eguraldia (pago adartsu eta zabal baten azpian dago laugarren bankua) eta bi minuturo erreka igarotzen duen motora. Agurea lo. Berak bere hamabi minutuko lo kuluxka egiten du. Bai ala bai. Nire txanda iritsi zen. Hamaiketakoaren ordua iritsi zen eta puntual han agertu zen ataritik kanpora gure agurea. Bai, erreka ondoko parkera joan zen. Laugarren bankuan etzan zen. Eta lo hartu zuen. Hura inbidia. Nik ere erraztasun horrekin hartu nahiko nuke lo. Lasaitasun horrekin, patxada horrekin.

Galdetu! Pentsatuko du zuetakoren batek. Baina bulegoan inork ez dio aurre egin nahi. Administraziokoek giza errekurtsokoen ardura dela diote, eta hauek berriz nominak banatzen dituztenena, ekonomia arlokoena. Hango batek ideia bat izan zuen arte. Memorandum bat bidaliko zuten departamentu guztietara. Izen abizen eta segurtasun zenbakiekin. Izenak eta zenbakiak batu ahala izenik gabeko edo zenbakirik gabeko baten bat agertuz gero, horra gure agure misteriotsua. Baina inork espero ez zuena, ekintza horrekin iruzurra egiten ari ziren hainbaten izenak agertuko zirela zen. Dozena ba iruzurgile, lanera agertzen ez zirenak. Kaka nahasteak agurearen misterioa ahaztu arazi zigun epe luze batean.

Gaur egun oraindik inork ez daki nor den agurea. Egunero etortzen jarraitzen du, hamaiketakoaren orduan erreka ondoko parkera joaten jarraitzen du, laugarren bankuan hamabi minutuko lo kuluxka egitera. Bere horretan uztea erabaki dugu. A! Behin lankide batek esan zuen enpresako nagusiaren antza hartzen ziola. Baina nola liteke horrelako ardura duen agure batek lasaitasun horrekin erreka ondoko parkeko laugarren bankuan hamabi minutuz hain lasai lo egitea?

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.