Continue Reading" />

Horrela balitz…

Etiketarik gabe Permalink 4

Oroitzen dut beste bizitza batean nahi ez nuen tokietan egoten nintzela, ez orain bezala; orain nahi dudan tokian nago.

Oroitzen dut beste bizitza hartan ez nuela sentitzen nuena esaten, ez orain bezala; orain badakit plazera ematen duela sentitzen duzun hori esateak.

Beste bizitza hartan derrigorrezko besarkadak ematen nituela ere oroitzen dut, orain berriz gogoak ematen didanean besarkatzen dut, eta ederra da hori.

Ordutik, bizitza berri honetan nagoenetik zorabiatzen duten gauzetan bueltaka ibiltzeari uko egin diot, honengatik eta hargatik. Eta lasaigarria da.

Ikasi dut azalpenik behar duen ezer ez egitea, eskatu behar dudan ezer nahi ez izatea. Erregutzea ez dut gustuko.

Ikasi dut bizitza honetan haserrea hustu gabe ez oheratzen, amets gaiztoek zurrupatu ez nazaten.

Orain badakit ondoan egon nahi duzunean ez zaudela urruti.

Besterik gabe, berdin diola zer dioten besteek, berdin diola ipuinaren alde ezkutuak zer dioen.

Aspaldi damutu nintzen udako ekaitzetan babesera ihes egiteaz.

Gure itsasertzean utzi zenuen oinatzak bertan dirau, ez du itsasoak ezabatuko, ez du nahi.

Zu gabeko bizitza berri honetan gaudenetik begiak itxi, arnasa sakon hartu, eta bazatozela iruditzen zait.

Zu ez zauden bizitza berri honetan zu gabe bizitzen ikasi ditugun gauza guztiak zuri esker ikasi ditugula.

Baina entzun, nahiago genukeen zu hemen izatea eta hori guztia elkarrekin ikastea, Idurre…

Horrela balitz…

Iruzkinak itxitak daude.