Continue Reading" />

Hotzaldia

, Permalink 0

Lanera bizikletaz joateko ohitura daukat. Gertu bizi naiz, baina gustuko dut.

Goiz hartan ezinezkoa zen ordea. Eguraldi iragarpena argia izan zen. “Argi ibili”-tik, “prest egon”-era egin genuen jauzi. Horitik laranjara edo alderantziz, ez dakit. Baina hotzaldi galanta zetorren.

Tira, ni prest nengoen. Ahal nuen neurrian, jakina. Hala uste nuen behintzat.

Artilezko lepokoarekin bildu, burua txano zatar batekin estali eta etxean aurkitu nuen berokirik potoloena jantzi nuen. Eskularruak, jakina, eta belaunetarainoko larruzko bota marroiak. Prest abiatzeko.

Etxeko atea ireki eta berala ukabilkada baten moduko haize hotz kolpea jaso nuen muturrean. Buelta eman eta etxera bueltatzeko gogoa sartu zitzaidan baina giltzak ateratzeko eskularruak kendu behar nituela pentsatze hutsak… Motxila ondo estutu, eskuak eskularru eta guzti poltsikoetan sartu eta kalean behera abiatu nintzen, ez zegoen besterik.

Espaloiko harriek kris-kras egiten zuten nire pauso bakoitzeko, zuhaixkak izotz-zuriz jantzita zeuden, tarteka teilatuetatik jausten zen izotz ezpataren bat nire alboan iltzatzen zen elurretan… guztia izoztuta zegoen. Ahotik zerion hatsa, ke zuri hasieran baina kolpean lurreraino erortzen zen izotzezko harri koskor baten gisa. Zer zen hura? Ai ene.. baietz hanka bat hautsi!

Ia egunero egiten nuen ibilbidea egiten ari nintzen, astelehenetik igandera. Lanegun edo jaiegun, egunero. Bizi nintzen kaletik erdigunera joateko bidezidor estu bati jarraitu behar nion. Ez zen oso ibilbide erosoa egia esan. Baso moduko bat ere zeharkatu behar nuen. Aitortu behar dut berez ez dudala gehiegi atsegin ibilbidearen tarte hori. Aspaldi bele pilo batek hantxe aurkitu zuen bere bizitokia, eta komun faltan, goitik behera erori ohi ziren haien zeraren zerak. Jendeak normalki parasolekin zeharkatzen du parkeko aparteko parte hori. Eta ez pentsa, parasolak garbitzea ez da lan makala izaten, atera kontuak buru gainean eroriz gero. Baina tira, burua txano zatar harekin neraman estalita belarrietaraino, babestuta nengoen beraz beleen gorotzetik, bai eta haize izoztutik ere. Hau da, goitik etor zitekeen edozein erasotik babestuta nindoan.

Baina nahikoa lan nuen oina non jarri ondo pentsatzen gora begiratzen ibili gabe, ez nuen nahi izotz pista batean bezala irristaka hasi nahi.

Behin parkearen aparteko parte hura salbatuta kale nagusira zeramaten eskaileratara iritsi nintzen. Eskailera oso maldatsuak ziren, baina nahiko zabalak ziren erdian eskubanda bat izateko. Estu heldu nuen eskubanda. Metro batzuk baino ez, 44 eskailera-maila eta kale nagusira iritsiko nintzen. Erraz!

“Banoa!” pentsatu nuen hanka luzatzen nuen bitartean. Eskailerek ispiluak ziruditen, nire beldur aurpegia ederki islatzen zuten, eta horretxek despistatu ninduen, bat batean Banbi jaio berritan bezala zabal zabal eginda erori nintzen lurrera, barka, izotzetara. Hanka bat iparraldera eta bestea hegoaldera, balleteko dantzarien pare, baina askozaz ridikuluago. Une hartan ez nekien min hartu nuen edo ez, bost axola, sentitzen nuen gauza bakarra lotsa zen, eta ziztu bizian zutitu nintzen inguruko etxeetatik zetozkidan begirada zorrotzetatik ihesi. Zeharka begiratu nuen eta apenas ikusi nuen gortina bat edo beste irekita. Lasaitasun hasperena nabarmena izan zen, are gehiago hasperenak sortu zuen laino zuria ikusita. Orduan bai, orduan belaunean ziztadatxo bat nabaritu nuen. Baina aurrera jarraitu behar nuen, eta agure zahar baten modura hanka luzatu nuen poliki, tentuz, eskubanda gogor helduz, bizitza horretan joango balitzait bezala.

Baina hain gogor heltzen nuen eskubanda, sorbaldak estu-estu egin zitzaizkidala eta bizkarrean neraman motxilak beheraka irristatzen hasi zitzaidala. Eta beheraka etorri ahala motxilak besoak kateatzen zizkidan, eta jakina, ondorioz eskubanda ezin ondo eutsi. Sorbaldekin goraka kolpeak ematen hasi nintzen motxilak berriro gorako bidea hartuko zuelakoan… ai ene, inuzentea ni! Zerbait ongi irtengo zitzaidalakoan? Kolpetxoen eraginez motxilak gora egin beharrean buruan neraman txano zatar hura aurrera etortzen hasi zitzaidan begiak erabat estali arte. Orain mugimendua bikoitza zen. Sorbaldekin gora eta buruarekin atzera. Motxila bere lekura joan zedin eta txanoak gora egin zezan. Eta mugimendu sinkronizatu horretan erdi makurtuta nengoela konturatu nintzen, hau da, lasaitu egin nintzela neurri batean. Gertuago nengoela lurretik zutik egotetik baino. Erorita ere kolpea ezin zela oso larria izan alegia. Eskailerak jaistea baino ez zen falta, kale nagusira alegia. Han guztia errazagoa izango zen. Lurrean eseri eta irrist eginez jaistea errazagoa ez ote zen pentsatu nuen, baina ez zen kale nagusira agertzeko modu… nola esan… modu itxurosoena.

Begiak itxi nituen, arnasa hartu eta azken ahaleginaren aurrean irmo behar nuela pentsatu nuen. Horretarako itsu itsuan zutitzen hasi nintzen. Ez nuen ezer ikusten. Nahiago nuen txanoarekin begiak estalita izatea esku banda askatzea baino. Gainera, ez nuen goiko leihoetan begira egon zitekeen zelataririk ikusi ere egin nahi. Eta bat batean, flast! Oinek gora egin zidaten aurresku dantzari iaio baten gisan, bizkarrak lurraren kontra talka eta hantxe abiatu nintzen eskaileratan behera nire motxila lera balitza.

Entzun nuen hurrena txalo zaparrada bat izan zen. Gora eta biba! Poliki eskua txanora eraman nuen. Berandu baino lehen kendu egin beharko nuen, beraz hura zen unerik aproposena, edo ez. Txanoa kentzean kale nagusiko okindegiaren kafetegi barruan nengoen. Txaloka zegoen ezagunez inguratuta.

-Kafesnetxo bat?

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.