Continue Reading" />

Jarri maskota bat zure bizitzan!

Etiketarik gabe Permalink 1

Otsailak 7. Hileroko adopzio eguna zen. Mikela, azken maskotaren uhala hartu eta aspaldiko partez zaindegira bertaratu ginen. Pena ematen zuten, hantxe zeuden guztiak guri begira, eutanasiarako programatuta, hain harrituta, hain beldurtuta, hain galduak. “Nola uzten dituzte horrela, abandonatuta, heriotzara kondenatuak?” Morko semea eta biok korridoretik gindoazen hirunaka pilatutako kristalezko kaiolen ondotik. Asko zeuden, tamaina guztietakoak, eta zaindegiko arduradunak esan zigunez, aurreko astean baino gutxiago hala ere. Aurreko astean erdiak sakrifikatu zituzten. Kristalaren beste aldetik hutsik eta zurtuta begiratzen gintuzten. Gehienak etsituta, itxaropenik gabe, handik inork aterako zituenaren esperantza guztiak galduta.

Morko eta biok guztiak eramango genituzke posible balitz. Baina gauzak zeuden moduan egonda, nahikoa egin genuen azken bi urteetan sei “adoptatuta”. Oso maskota aproposak dira etxerako, benetan eskertzen dute eskaintzen dizkiegun beste hiruzpalau bizitza urteak. Leialak, maitagarriak, goxoak. Ez dago gizaki heldu bat bezalakorik. Erabat ados nago zaindegiko leloarekin, “Jarri maskota bat zure bizitzan!”. Jarri, jarri!

Aurpegira begiratzea besterik ez dago. Gauza asko jakin daitezke beraien begietara begiratuta soilik. Botata nola uzten dituzten ez dut ulertzen. Kalean, abandonaturik, zabor artean aurkitutako edozerekin elikatuz… hotzikarak ematen dizkit pentsatuta bakarrik. Piztien modura bizi dira, txoko ilunetan kumeak haziz. Baina horretan ere, maila baxuenetan ere duintasun minimo bat ere badagoela esango nuke. Kalekoak izanda ere, ondo garbituta, ondo elikatuta, goi mailako pedigririk garestieneko piezak direla esan liteke. Arrazarik gabienekoak.

Orain arte beti esperientzia ona izan dugu maskotekin. Lehenengo hura oroitzen dut. Paulo. Oso maitatua izan zen gurean izan zen urte haietan. Hankaz gora jartzen zuen guztia, baina kariñoa hartu nion besoa hautsi zuen arte. Etxekoen haserrea jaso nuen, bai, baina zertarako behar nuen besoa puskatuta zuen maskota bat? Jakina gainetik kendu nuela. Oraindik ez dakit nola harrapatu zuen besoa garajeko atearekin, tira, horrelakoak ere gertatzen dira. Baina aizue, haren ordez beste bat hartu genuen. Maskota guztien bizitzak dira bereziak, guztiek dute bere edertasun propioa, guztiek dute salbatuak izateko arrazoiren bat. Eta ez al da egia Pauloz desegin izan ez banintz ez genukeela Mikela adoptatuko?

Poliki goaz Morko eta biok kristalezko kaiolen korridoretik, beraien aurpegiei begira. Morkori atzealdean belauniko dagoen gizaki eme bat erakusten diot. Eme heldua da, azal leunekoa dirudi, hile gorria, berezia. Morkok esan dit begiak bustita dituela hark ere. Eztabaida izaten dugu beti etxean, negarra ote den ala ez. Itxura badu, baina nork daki. Negar egiteko sentitu egin behar dute, eta… sentitzen al dute ba? Morkori gustatu zaio eta ziztu bizian arduradunaren bila joan da.

Arduradunak soka batekin lotu du kristalezko kaiolatik ateratzeko.

-Eme ederra da aukeratu duzuena, bai horixe!

Arduradunak azken azterketa egiten dio. Mikrotxipa jarri eta kito, gurea izango da. Mikrotxipa jartzean gure maskota berriak min oihu txiki barregarri bat bota du. Gure uhala lotu eta kontratua sinatu ondoren bagoaz gure transportagailura.

-Kaiolan besteekin batera jarriko dugu, taldean bizitzea omen dute gustuko, telebista saio batean entzun nuen.

Kanpoko aireak on egiten diola ematen du. Transportagailuan sartzean marru egin eta txoko batean kuzkurtu da gure maskota berria.

-Begira, dardarka dago- esan diot Morkorri.

-Gustuko gaituen seinale, ezta?

-Ez du ba hotza izango?

-Baliteke, baina gustuko nau… Jaime deituko diot, leihotik behera erori zitzaiguna bezala.

-Hori ez al zen Julen?

-Ez, hura Jaime zen! Jaime jarriko diogu, erabakita dago!

-Baina Jaime al da eme izena?

-Zer axola dio?

-Arrazoi duzu, zer axola dio!

Morkok eskuarekin laztan egingo dio eta maskota berriak marru eginaz besoa kenduko dio.

-Zein jolastia den? Ederki konponduko gara, Jaime! Gustuko nau!

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.