Continue Reading" />

Kolesterola

Etiketarik gabe Permalink 0

Bizitza ironia txikiz beteta dago, gainezka esango nuke nik. Analisiak jaso behar nituen egun berean, andregaiaren gurasoen etxera afaltzera joateko gonbita nuen, bere familia barazki-jalearen etxera. Ah! Medikuaren “gomendioa”? Haragi gehiegi jaten nuela eta kolesterola orekatuko banuen barazkiei aukera bat eman beharrean nengoela. To! Ez al da kasualitatea?

Eta hantxe nengoen, niri begira zeuden barazkiz betetako plater baten aurrean eserita, niri desafioka. Bitartean, mahaiaren bueltan andregaiaren anaia, bi ahizpak, hiru aitona-amonak, osaba, izeba, gurasoak eta katua, denak niri begira.

Hortxe zegoen, plateraren erdian burmuin itxurako barazki txuri hori, azalorea. Bi arrazoi bakarrik ditut azalorea gorrotatzeko, ez dira asko ezta? Lehenengoa belar gustua duela eta bigarrena ez dela haragia. Belarra jaten duen baserriko animalia bat banintz, ba ez nuke kexarik izango, baina naizena izanda, nahiago dut baserriko animalia horren haragia jan, jaten duen belarra baino. Inguruan begira nituen haiek guztiek agian ez dute kontzeptua ezagutuko, baina horri elikadura katea esaten zaio.

Sardexkarekin gauza berde bat hartu eta ahora eraman nuen. Nire digestio-sistema berehala altxa zen matxinadan. Burua aurrera bota eta ahoan nuena jaurti nuen berriro platerera era basatian eztul eginez. 21 begi nituen niri begira (ez dut esan aitonak soldaduskan begi bat galdu zuela).

-Ondo al zaude? -galdetu zidan andregaiak bizkarrean kolpatzen ninduen bitartean.

-Kontrako-eztarritik joan zaizu? -gehitu zuen amonak.

Kontrako-eztarritik? Nire gorputzeko hodirik ez zegoen prest berde koloreko ezer irensteko.

-Ondo nago, ondo nago… -gezurra, jakina.

Izerditan hasi nintzen. Platerean nuena jaten ez banuen andregaiaren guraso eta familia irainduko nuen. Andregaia irainduko nuen eta gure harremana pikutara.

-Hara! -bota zuen andregaiaren amak – ia haragi pastela ahaztu dut labean! -ziztu bizian abiatu zen sukalde aldera.

“Omnia vincit meatus!” pentsatu nuen. Haragiak guztia konkistatzen du. Mirari baten moduan nire onera bueltatu nintzen. Bi zati handi eskatu nituen, baina andregaiak platerera eskatutakoa atera zidanean esan zuenak bi ukabilkaden moduan astindu ninduen.

-Izugarri gustatuko zaizu amak prestatzen duen haragi “begetariano” pastela!

Izerdia, mareak gora egiten duen modura bueltatu zen nire kopetara. Ondoren dardarka hasi nintzen. Ikusmena ere galdu nuen. Eta bat batean, eromena. “Haragijalearen eromena” bezala ezagutzen dena sufritu nuen.

-Honi janaria deitzen diozue? Azenarioak, brokolia, arbia, azalorea… ez naiz mandoa, ez naiz zaldia, ez behia eta ez ardia, entzun? Ez dut txirriporroa izan nahi, baina “haragi begetariano pastela”? Haragirik ez duen haragia? Gauzak ez dira horrela! Haragia haragia da, eta barazkiak barazkiak! Haragi begetarianoa kontraesan bat da! Egia esan guztia da kontraesan bat etxe honetan! Gauza berde nazkagarri hau guztia janaria dela esatea kontraesan triste bat da!

Barazki pastel zati bat hartu eta jangela ondoko komunetik behera bota nuen, eta barazki pastelarekin batera andregaiarekin harremana. Horrela amaitu zen nire jazoera maniakoa.

Andregaiari barkamena eskatu nion. Mahaiaren bueltan aho zabalik zeudenei ere barkamena eskatu nien. Berandu, jakina, barkamena jasotzeko eta nire harremana berreskuratzeko. Oso gaizki.

Mingarria izan bazait ere medikuaren gomendioa jarraitu dut, haragia ezabatu dut nire dietatik. Eta bai, kolesterola orekatu dut, baina nire barruan desoreka izugarria sortu da. Odola gustura badago ere, nire bihotz haragijalea lur-jota bizi azken aspaldian.

Iruzkinak itxitak daude.