Continue Reading" />

Mamu bat eta hiru Olentzero!

Etiketarik gabe Permalink 0

Agurea egongelako kulunkarian eseri zen, poliki, oraindik hezurretako mina balu bezala. Ahaztu egiten zuen beste gauza asko bezala mina iraganeko gauza zela, ez  zen ba erraz ohitzen berrikuntzetara. Eta bat batean desagertu egin zen, nahita, jakina. Agertu, desagertu, agertu, desagertu eta agertu beste behin. Ikusgarri mantentzea erabaki zuen, hasperen egin zuen.

-Mamua izatearen lanbide hau bada bitxia… aldrebesa da gero!

Kexatu zen egongela goitik behera begiratuz, bera han egonda ere hutsik zegoen egongela.

-Gabon gaua eta inor ez oheratzeko, inor ez zuhaitz azpian, inor ez etxean, alegia…

Marmarka ari zen egongelako Gabonetako zuhaitza begiratzen zuen bitartean, lanparetatik zintzilik zeuden girlandak, leihoak apaintzen zituzten irudiak… Hainbeste apaingarri eta non dira ba Gabonak? Zuhaitzaren ondoan opariak zeuden, papera kenduta, bata bestearen gainean botata, ahaztuta, utzita. Zuhaitzean zintzilik zeuden argien pilak amaitzen ari ziren eta argi triste bat zebilen keinuka. Lurra postalez, zorion agurrez, eta mihura eta gorosti hostoez beteta zegoen.

-Esker txarreko familia! Azkenean egin dute! Lortu dute! Ni bizirik nengoela egiten ausartu ez zirena azkenean egin egin dute. Gabonak etxetik kanpo, alajaina! Hantxe izango dira, Benidormeko hotelen batean, hondartzan agian…

Ordura arte inoiz halakorik eta orain? Orain zergatik? Hamar hilabete besterik ez hil zela eta dagoeneko horrelako erabakiak hartzen?

-Badakite baina ez dela nire gustuko erabaki bat? Zeinen agudo ahazten den hemen jendea jendeaz.

Baina bera han zegoen, emandako hitza betetzen. Hil eta gero gauzak jarraitzen zuten edo ez kontatuko ziela agindu zien eta bera han zegoen, bere lekukotasuna azaltzeko asmoz. Bere heriotzaz gozatzen ari zela erakutsi nahi zien. Tira, familiakoak ere ari ziren bai bere heriotzaz gozatzen, alajaina!

Etxea hotza zegoen, argi zegoen Gabonak baino gutxienez bizpahiru egun lehenago egin zutela oparien banaketa, beheko sua aspaldi itzalita eta erradiadoreetan berotasunaren seinalerik ez. Eskerrak berak ez zuen ez hotzik eta ez berorik ere sentitzen, hori ere hilda egotearen abantaila.

Pentsamendu horietan nahasirik zegoela tinbreak jo zuen. Kolpean zutitu zen agurea. Bueltan dagoeneko? Benidormetik bueltan? Inozo koadrila! Ez da posible… berriro tinbre joka!

-Ezin dira etxekoak izan, giltza dute, eta gainera badakite ez dagoela inor, ez naute ni espero behintzat, seguru!

Berriro tinbre joka, ate joka gero eta bat batean ostiko batek atea ireki zuen. Eta agurea isilik, jakina, horixe bai zen sartu zirenak entzun nahi zutena, tira entzun ez nahi zutena.

Sarrerako atearen hotsa entzun zuen, sukaldeko leihoko kristal hotsa, gelako leihoa ere entzun zuen. Mamua zen eta beldurtuta aizue! Agerian zegoen eta desagertzea erabaki zuen. Ezkutuko lekuko une batez behintzat. Eta derrepente, etxeko atetik sartu zena, sukaldeko kristalak hautsiz sartu zena eta logelako leihoa erabili zuena hantxe batu ziren, egongelan. Kantuak dioen bezala, “Horra, horra, gure Olentzerok!” Hiru Olentzero, hirurak txapela, bizarra, aurpegia ikatzez zikinduta eta lepotik zintzilik zaku bana.

Behin etxe barruan bizarrak leporaino jaitsi eta txapela kendu zuten. Egongela begiratu, eta zakua lurrean utziz irribarre egin zuten lasai.

-Ikusten? Etxea ederki aukeratu dut! Inozo hauek uste zuten argiak piztuta utzita barruan inor bazegoela pentsatuko genuela! Orain hau guztia gurea da! Lan erraza!

-Zuk? Zuk ondoko etxean esan zenuen!

-Igual bai, baina hau esan nahi nuen!

-Eztabaidan ez zarete orain hasiko ezta? Hasi zaitezte zakuak betetzen!

Hiru Olentzero faltsuak etxea goitik behera arakatzen hasi ziren, tira, egia esan inongo irizpiderik gabe bidean aurkitzen zuten guztia zakura botatzen zuten.

Agurea ikusezin moduan zegoen oraindik, eta zerbait egin behar zuen hauek etxetik botatzeko. Egia esan plan borobila zuten Olentzero hauek. Gabonetan Benidormera oporretan doan etxe batera joan, mozorroak ere primerakoak (nori deituko dio atentzioa Olentzeroz jantzita doazen hiru morroik?) Baina zerbait egin behar zuen hura geldiarazteko.

-Goazen goiko solairura!

Esan zuen Olentzeroetako batek.

-Iepa, begira hau! Iphone 7a da! Honek 1000 euro inuru balio ditu! Zatozte!

Hirurak elkartu eta telefonoa besoarekin urrundu zuen.

-Esan selfie…

-Selfie! -hirurak.

-Argazki ederra, bai horixe!

“Eta seguru aski azkena!” Bota zuen ahots zakar batekin agureak oraindik bere ikusezin moduan ezkutatuta. Argazkia izorratu zien, bai alajaina, hirurek garrasia bota zuten, hiru ahotsetan. Sakon sakonetik irtendako oihua, garrasia, benetan beldurra sortzen den leku ezkutu horretatik irtendakoa. Ez zen “uuuu…” bat, ez, hau “aaaaaarghhhhh” bat izan zen.

Olentzero bati iphone 7 eskuetatik ihes egin zion eta lurrera (merkeak dira ba!), Olentzeroa sukaldeko leihotik ihesian zihoan eta beste biak honen atzetik segundo batez atean kateatu ziren ez aurrera eta ez atzera. Ondoren gaueko iluntasunean desagertu ziren hirurak.

Zakuak han ahaztu zituzten, eta telefonoa ere lurrean zegoen pantaila gorantz begira, han argazki bat, hiru morroi eta mamu bat.

Familia Benidormetik bueltatzean bi galdera behintzat erantzungo zituen argazkiak.

Nork utzi du etxea hankaz gora?

Hil eta gero ba al dago beste zerbait?

-Hobe dute hurrengo Gabonetan Benidormera badoaz ni hemen ez ahaztea, bestela damutuko zaie!

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.