Continue Reading" />

Mangoa eta esne-gaina

Etiketarik gabe Permalink 0

Kale zaharreko izozki dendan ezagutu ginen. Ilaran zegoen bera ere, nire aurrean bera. Saltzaileak zer nahi zuen galdetu zionean, galduta bezala, buelta eman eta nik zer eskatuko nuen galdetu zidan.

-Mango eta esne-gaina.

Berdina eskatu zuen eta nirea ere ordaintzen tematu zen. Behin horrela hasita elkarren ondoan eseri ginen kanpoan zegoen terrazan. Ez zuen hitzik egin hasieran eta nik zergatik eseri ote nintzen bere ondoan galdetzen nion nire buruari. Damututa, bai, aitortzen dut. Espaloian gora eta behera zebilen jendeari begira zegoen, gehienak erosketak egiten, baliteke nire modukoren bat ere izatea, ostirala izanda lana lehenago amaitu eta bueltatxo bat ematen egotea. Horrela denbora luzez egon ondoren bere izozkia begiratu zuen eta azkenean hitz egin zuen.

-Zer ote da mangoa, ezta? Ez dut inoiz mangorik jan, zuk?

Barre egin genuen. Ondoren pixka bat gehiago hitz egin genuen, eta gero gehiago. Aitortuko dizuet arraro xamarra zela, baina ba zuen zerbait erakargarri egiten zuena, maitagarria. Nigan interes berezia zuela zirudien, edo hori uste nuen nik, galdera asko eta asko egin zizkidan, eta hori gutxi balitz erantzunak ere entzun zituen. Zenbatek egiten dute hori?

Izozkiak amaitu genituenean altxa eta agurtu ondoren bakoitzak bere norabideari jarraitu zion.

-Aizu, barkatu, ba al da hemen inguruan hotel edo pentsioren bat?

Orduan jabetu nintzen maleta handi bat zeramala. Baina ez nuen erantzunik. Bizitza osoa toki berean bizi zarenean ez duzu hotelik ezagutzen, ez duzu haien beharrik. Nire etxean geratu zitekeela esan nion, sofa eroso bat banuela. Egun pare bat badira…

Bi aste oso egin zituen nire etxeko sofan. Une gozoak pasa genituen, dantza, paseo luzeak, piknika parkean… ah, eta hondartza… hondartza ere erakutsi nion. Itsasoa maite omen zuen, txunditu egiten omen zuen, hipnotizatu. Ondarretan eseri eta luze eman zuen itsasoko olatuen joan etorriari begira. Igeri egitea proposatu nionean hain pozik jarri zen jauzi batean, korrika sartu zela arropak kendu ere egin gabe.

Gau hartan nire ohea eskaini nion. Ez dizuet esango zer gertatu zen, baina bai ahaztezina izan zela.

Hurrengo egunean ez zegoen. Sofan ez zegoen bere arrastorik. Etxe osoan ez zegoen bere oinatzik. Ez dakit noiz ikusiko ote dudan berriro. Ez dakit berriro ikusiko ote dudan ere. Sukaldeko mahai gainean esfera distiratsu bat zegoen, eta ohar bat. “Ahazten ez nauzun bitartean, argia ez da itzaliko”.

Iruzkinak itxitak daude.