Continue Reading" />

Master of time

Etiketarik gabe Permalink 0

Ba zen behin ezer amaitzeko denborarik ez zuen haur bat. Ez eskolako lanak, ez etxekoak, ez eta lagunekin jolasean zegoenean ere. Zer esanik ez etxera ordurako itzultzeko garaian. Askotan bai eta gehienetan ere bai haren bila irten beharra zegoen etxera itzuliko bazen.

Gurasoek bazter guztiak nahastu zituzten haurraren arazoarentzat konponbide baten bila. Halako batean, bisitan etorria zen amonak bota zien… “nola jakingo du koitaduak zein ordutan bizi den ordularirik ez badu?”. “Arraioa, egia zen, zein lerdoak izan garen!” pentsatu zuten gurasoek. Haurrak denboratik kanpo bizi zen, ez zekien denbora zer zenik ere. Denbora bere bizitzaren parte izan behar zuen, eta denbora eskumuturrera lotu zioten. Esan eta egin. Ordulari koloretsu bat erosi zioten, denborak jartzen dituen mugarriak barneratu eta haietara egokitzeko plana martxan jartzeko unea zen.

Hurrengo goizean jaiki eta gosaldu ondoren berak hainbeste atsegin zituen abenturetako zeremoniak imitatuz bere aurrean belauniko jarri eta horrela esan zioten ordulari koloretsua eskumuturrera lotzen zioten bitartean.

-Gazte, hemendik aurrera zu izango zara “denboraren maisua”, “master of time”! Zein ordu den jakin nahi dugun bakoitzean zuri galdetu eta zuk esango diguzu!

Handik aurrera goizero zeremonia berdina ospatzen zuten, “master of time” izendatuz. Egunero-egunero. Berak harro egiten zuen barre, minutuen jabea sentitzen zen bere koloretako ordulariari begira. Gosaldu aurretik eta ondoren ordua galdetzen zioten gosaltzen zenbat denbora eman zuen jakin zezan. Janzteko garaian gauza bera, bai eta egunean zehar burutu behar zituen hainbat bete beharren garaian ere. Eskolan zegoenean ere irakasleari lanak burutzeko zenbat denbora zuen galdetzeko ere eskatu zioten. Ez zuen berehala denbora neurtzen ikasiko, baina emaitzak nabaritzen hasi ziren. Ez zen gauzak garaiz egiten hasi, baina konturatzen hasi zen gauzak berandu bukatzen zituela.

Atzo, eskolatik irten eta etxera halako batean iristean horrela esan zien gurasoei:

-Ba al dakizue egunero zenbat denbora egiten dugun eskola esaten zaion kartzela horretan?

Iruzkinak itxitak daude.