Continue Reading" />

Mendira behin joango eta…

, , Permalink 0

Ez ba, ez naiz oso mendizalea. Han goraino igo berriro jaisteko? Ez da hori nire filosofia. Baina lehengo batean Urbiarako bidea hartu nuen. Kotxea Arantzazun utzi, eta hantxe abiatu nintzen. Pausoak eman eta eman. Bata bestearen atzetik jakina. Ordu beteko bidea zela oroitzen nuen txikitako ibilaldiak ematen genituen garaitik. Nekea sentitzen hasi eta berehala ordularira begiratu eta bost minutu baino ez zirela pasa ikusi nuen. Buff! Nork agindu dit niri gaur mendira etortzea? Baina hantxe nengoen, eta behin abiatuta ezin atzera egin ezta?

Ordu erdi igaro zenean, atsedentxo bat hartzeko garaia ere bazela eta pagadi eder batean gelditu nintzen. Iturri eder baten ondoan. Euritakoa lurrean zabaldu eta bertan eseri nintzen. Motxila ireki eta etxean prestatutako urdaiazpiko tortilla ogitartekoa jateari ekin nion. Ederra. Baina hiruzpalau mokaduen ondoren, sentsazio arraro bat nabaritzen hasi nintzen. Norbait begira izango ba
nu bezala. Alde guztietara begiratu ondoren, aurkitu nuen nire zelataria. Eskuin aldean, nigandik 25 metrotara, sasi artean ezkutaturik, bere burutxo berdea erakutsiz. Ahate bat zen. Irribarre batek ihes egin zidan, zer bestela. Hantxe zegoen ahatetxo horixka hura, niri begira. Baina nekatuta nengoen, gose, eta oraindik beste ordu erdi nuen Urbiako bordara arte, beraz ogitartekoa amaitzea erabaki nuen, ahate berdeak etorritako bidetik alde egingo zuelakoan.

Baina ogitartekoa jaten ari nintzela ahatearen begiak iltzatuta nabari nituen nire eskuin masailean. Sekula saiatu al zarete ahate batekin elkarrizketa bat eramaten? Oso nahasgarria da, zuk hitz egin, bai, hitz egiten duzu, baina ez duzu erantzunik jasotzen. Lotsa puntu bat ere nabaritzen da… eta inork entzungo banindu? Tira, nire zentzu guztiak ogitartekoan, paisaian, naturaren usainetan jartzen saiatu nintzen, ahatea ahaztu nahian. Baina ezinbestean nire begiek sasiartera eramaten ninduten, zorrotz eta irmo begira nuen ahatearen bila. Han jarraitzen zuen, nire mugimendurik galdu nahi izango ez balu bezala, geldi. Zirkinik ere egin gabe, bere begi ilun eta irtenekin.

Besoa mugitu nuen, ahateak beldurturik ihes egingo zuelakoan, “alde, alde hemendik!” baina alperrik. Begirada zuzena, zorrotza. Otartekoa lurrean utzi eta orain bi besoekin saiatu nintzen. “Alde hemendik! Zoaz pikutara ahate lotsagabea!” Ahatea geldi, begira.

Barregarri sentitzen nintzen. Nola ez ba? Egoera halakoa zen, barregarria. Ogitartekoari zati bat kendu, pilotatxo bat egin eta ahatearen norabidean bota nuen. Ahatea zegoen sasietatik metro pare batera geratu zen. Ahatea ez zen mugitu. Ogitartekoari paso egin zion. Begira nuen. Zirkinik egin gabe, bere begirada zuzen eta zorrotzarekin.

Ezin nuen sinetsi. Hantxe nengoen ni, atrapaturik, ahate baten begiradapean. Ondoan nuen makil bat hartu eta bota egin nion, ez, jakina, ez nuen ahatea jotzeko asmorik, uxatzea besterik ez nuen nahi. Etxean prestatutako ogitartekoa lasai jan. Baina makila nire eskuetatik irteterako damutu nintzen. Makilaren norabidea begiradarekin aldatu nahiko banu bezala begiratzen nuen, makila kamera geldoan zihoan, bueltak emanaz, ahatearen begi beltz eta irtenak niri begira, ni makilaren ibilbideari. Dunba! Ahatearen bizkarrean jo zuen makilak.

Zer gertatuko zen ba? Zer egingo zuen bere senean dagoen edozein ahatek? Karranka hasi eta alde egin, ezta? Ba ez. Geldirik jarraitzen zuen, bere begirada zorrotzarekin. Orduan konturatu nintzen hura guztia oso arraroa zela. Hura ez zela arrunta.

Hamaiketakoa berriro lurrean utzi, zutitu eta beregana abiatu nintzen. Ahate zoro harekin aurrez aurre gauzak argitzeko asmoarekin hurbildu nintzen. Geroz eta gertuago negoen, baina bera mugitu ere ez. Lotsagabe halakoa.

Bost metrotara negoen, bost pauso, hiru pauso, bera geldi. Kieto. Jakina, pentsatu nuen nere baitan, jendea mendira joatearen kalteak, ahate hura gizakienganako beldur guztia galdua zuen. Nire oinak ahatearen oinen aurrean, makurtu eta bere mokoa ukitu nuen, ez koxka egingo ez zidan beldurrez. Hantxe nengoen. Gizakia izadiarekin aurrez aurre. Eskua luzatu eta nire eskuekin hartzera nindoala… zast! Beste esku bat aurreratu zitzaidan. Ahatetxoa hartu eta eskerrak eman ondoren alde egin zuen. Inoiz ikusi dudan apeu errealistena zen. Gomazko ahatetxoa. Bere ehiztari lagunak eraman zuen nire lagun berria.

Bai badakit, jende askok esan dit. Urbian ez da ahaterik ez eta ahateak ehizatzen dituen ehiztaririk. Ez da arrunta behintzat. Ni mendira joatea bezain arraroa dela alegia. Baina zin dagit kontatutako guztia ez dela gezurra. Zertxobait apaindu dut, jakina.

Motxila bizkar gainera bota eta Arantzazurako bidea hartu nuen, bueltan. Nahikoa abentura zen hura egun baterako. Datorren igandean berriro abiatuko naiz Urbia aldera. Gure esku dago ekimenaren barruan, giza katea antolatu da bertan. Ia nire ahatetxo laguna ere bertan den.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.