Continue Reading" />

Mikelek labean sartu zuen pastela.

Etiketarik gabe Permalink 0

Lau urte zituela, lokatzez betetako putzu baten aurrean eseri eta lokatzezko tarta izugarri bat egin zuen. Udako eguzkipean labekatu zuen. “Aitona, begira, hemen duzu pastela!” Aitonak eskuarekin jan egiten zuenaren keinua egin zuen. “Uhmmm… zoragarria dago!”  Baina Mikeleri korapiloa egin zitzaion eztarria aitonak lokatz pastel zatia eskuan zuela urtzen hasi zitzaionean, “Hara, ene jainkoa, erori egin zait!” Mikele korrika lokatz putzura abiatu zen negarrez, “Beste bat egingo dizut” eta berehala hasi zen eskuekin pastel berriari forma ematen. Denborarekin oso trebea egin zen.

Bost urte bete zituenean aitonaren baratzeko zuhaitzetik gerezi guztiak jaso zituen, baldekada oso bat bete zuen. Txantxangorriak zuhaitzaren adarretan pausatzen ziren Mikelek bere sukaldari jolaseko masa nola lantzen zuen begiratzeko.  “Pastel hori amaitzen duzunean zuhaitzetik lapurtu dizkiguzun gereziak berreskuratuko ditugu, ez dugu presarik!”

“Ez, ez duzue egingo, pastel hau nire aitonarentzat da!” Oraingo honetan oilategitik arrautzak bildu zituen, dozena erdi bat. Sei. Aitonak esan zion behin, badaudela oiloak preso bezala bizi direnak, arrautzak errun eta arrautzak errun. Aitonarenak hara eta hona zebiltzan egun osoan. Libre ziren. Nahiko libre. Arrautzak aurreko nahasketari gehitu zizkion. Baina pastela amaitu zuenean aitona ez zegoen behar zuen lekuan. Han, hemen, atzean, aurrean begiratu zuen aitonaren bila eta horretan zebilela txantxangorriek pastel gaineko geriza guztiak jan zituzten.

Baina horrek ez zuen geldi arazi. Zazpi urterekin irina atera zuen  despentsatik. Txakurraren ontziko uretan irina nahastu zuen. Oilategitik  oilo nahiko libreen dozena erdi arrautza, sei, gehitu zituen. Aitonak konpotarako gordeta zituen sagarrak nahastu zizkion. “Nola labekatuko dut pastela?” egin zion oihu aitonari, baina aitonaren erantzunik ez zuen jaso. Pentsatu egin zuen, han eta hemen begiratu eta azkenean oiloen hesia osatzen zuten adreiluekin labe bat egin zuen. Oiloak orain bai zirela libre.  Hantxe sartu zuen pastela. Udako eguzkipean egingo zen, egun osoa beharko bazuen ere. “Zure pastela listo dago, aitona!” Aitona oilategiaren atzean zegoen baratzean lanean, Mikele beregana joan, aitzurra eskutik kendu eta paparretik helduta eraman zuen laberaino. “Honek denbora gehiago behar du!” Mikele tristetu egin zen. “Baina konponbidea du… zuk oiloak oilategian sartu arazten dituzun bitartean nik labea konponduko dizut!” Mikelek preso sartu zituen oiloak berriro. Aitonak egurra lortu zuen eta Mikelek eraikitako labearen azpian zuloa eginda hantxe eman zien su egurrei. “Orain bai, hau bai labe ederra!” Mikelek irribarre egin zuen, baina bat batean haize kolpe batek suaren garrak indartu zituen eta erretxinak hegan hasi ziren. Oilategiko teilatuak su hartu zuen. “Agudo, Mikele, esan amonari suhiltzaileei deitzeko!” Mikele korrika sartu zen etxean aitonak agindutakoa egitera. Berehala iritsi ziren suhiltzaileak. Hauek beren tutu malguak atera eta oilategiko teilatuko sua itzali zuten, oiloak ez ziren erre, ez, baina erdiak ito ziren. Behin sua itzalita, denak adreiluzko labearen inguruan bildu ziren. “Zer da usain zoragarri hori?” Mikeleri masailak gorritu zitzaizkion. “Nire pastela da” Labetik atera zuenean urre koloreko txigortu zoragarria zuen pastelak. Mikelek aitonaren labanarekin pastel zoragarriaren zati bana eman zien suhiltzaileei. “Sekula horrelakori jan gabe ginen!” esaten zuten behatzak miazkatzen zituzten bitartean.

Txantxangorriak zuhaitzaren adarretatik begira zeuden. Gaur ezingo zuten pastelik jan. Bizirik irten ziren oiloak han-hemenka zebiltzan txioka, libre, baina hartutako sustoarekin ez zuten arrautza askorik errungo datozen egunetan. Zakurrak berriz bere urontzia ahoan hartuta tutu malguaren azpian jartzen zuen hau bete nahian.

Mikelek pastelak labekatzen jarraituko zuen.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.