Continue Reading" />

Miru beltza

Etiketarik gabe Permalink 0

Aspaldi miru beltza ikusten ez nuela. Hilabete gutxienez. Uste nuen alde eginda egongo zela, edo ohiturak aldatuta besterik gabe, edo nork jakin. Atzo, korrika egitera irten nintzenean argindar poste guztiak begiratu nituen ea haietakoren batean irmo, tente niri begira aurkitzen nuen, baina ez alperrik, ez zegoen miru beltzaren arrastorik. Gaur beranduago irten naiz, goizean ez dut tarterik izan eta arratsaldean irtetea pentsatu dut, eta ostirala izanda, bidean kotxe gehiegi ibiliko zela pentsatuta, bidezidorretatik ibili naiz. Batzuetan egiten dut; zuhaitzak, putzuak, soinu desberdinak entzuteko besterik ez bada. Udazkena bideak hostoz betetzen hasita da. Eta bueltan nentorrela ikusi dut. Etxetik gertu. Argazki baterako posean bezala. Atzaparretan presa txiki bat zuela iruditu zait. Irribarre egin dut, poza eman dit ikusteak. Eskuarekin agur egin eta aurrera jarraitu dut, beste bidezidor bat hartuta. Eta aurrerago beste hegazti handi bat. Harraparia hau ere. Iruditu zait. Miru beltza miru beltza dela behin agure batek esan zidalako dakit, bestela niretzat denak arranoak. Hau ere arranoa niretzat, baina jakizu. Haizeak bularreko lumak dantza arazten zizkion, luma beltz, luma marroi eta luma zuriak. Niri begira zegoen. Balkoitik begira dagoen bizilagun baten modura. Lagun zaharrak ikuste atsegin dut; lagun berriak egitea ere bai.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.