Continue Reading" />

Negua joan da

Etiketarik gabe Permalink 0

Agureak, ispiluari begira bere ile urdindua orraztuz irribarre egiten du goizero. Egunero aurkitzen du zimur berriren bat, eta horrek poza ematen dio. “Zimur bakoitza estropezu bat da, irribarre bat, bizitza da!” esaten dio bere buruari irribarrez. Ondoren bere sukalde xumeko beheko suan berotuko ditu eskuak. Hotz egiten du, negua da. Amantziok 74 urte ditu, bera ere bizitzaren neguan dago,  alargun berria da; urrezko ezteiak ospatu eta hamar egunetara joan zen Karmen, emaztea. Emazte aparta izateaz gain, Karmen benetako laguna zen.

Atean kolpe batek izutu eta bere pentsamenduetatik atera araziko du. Atea irekitzean, auzo-laguna aurkituko du, Begoña, alarguna bera ere, auzoko elizbarrutikoa, hantxe, bere etxeko atarian.

-Begira eta isilik egongo al zara goiz osoan? Hotz egiten du! -eta erantzunari zain geratu gabe barrura sartuko da Begoña.

-Zera, harritu egin nau zu hemen ikusteak, sartu, sartu…

Begoñak irribarre egingo dio.

-Konpota bat prestatu dizut… Badakit Karmen joan zenetik zaila izan dela zuretzat, ederki dakit nik zer den hori… ez da irensten erraza… baina haiek joan dira. Zure Karmen eta nire Iñazio. Zer egingo diogu ba?

Amantzio hitzik gabe dago. Irribarre bat behartzea baino ez zaio okurritu.

-Hotza hezurretaraino sartuta daukat… eta behin sartuta nola barrutik atera? –jarraitu du Begoñak Amantziok berokia kentzen lagunduko dion bitartean. Sutondora gerturatu eta eskuak igurtziko ditu honen berotan. –Hau negu hotza! Ez duzu uste?

Amantziok oraingoan ez du irribarrea behartu behar izan, berezkoa marraztu zaio erantzun aurretik. Begoñarengana gerturatuko da.

-Hala da, baina zurekin udaberria iritsi da nirera.

Begoña gorritu egin da bien eskuak sutondoan berotuz elkarlotzen diren bitartean.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*