Continue Reading" />

Plastikozko maitasuna

Etiketarik gabe Permalink 0

-Ei… Moli… bai?

-Ez, Sara, ez… segurtasun zaindaria lentzeria sailean dabil kuxkuxean oraindik…

-Allakuidaus, ezin dut gehiago, egun osoa kanpin-denda honen ondoan makurtuta eman dut, bizkarra txikituta daukat!

Sara tente jarri eta ostiko bat eman zion plastikozko eserleku tolesgarriari, jauzi txiki bat eman Moliren ondoraino. eta irribarre eginez eskua ipurdian jarri zion.

-Harrapatu egingo gaituzte, ikusiko duzu! -bota zuen Molik urduri piknika egiteko prestatuta zegoen mahai ondoan zutik zirkinik mugitu gabe plataforma txiki baten gainean.

-Eta? Non dago arazoa? Zer egingo dute gure plastikozko gorputz hauekin? Zer iraingarriagoa? -galdetu zuen Sarak -Jaitsi hortik eta diberti gaitezen apur bat!

-Zuk dibertsioaz duzun ikuspegiak beti ekartzen dizkigu arazoak!

Guarda txistuka entzun zuten, baina bat-batean igogailuaren ateak ixtearekin batera isiltasuna zabaldu zen saltokiko bigarren solairuan.

-Pozik? Orain bai? -bota zuen Molik lekutik urrunduz.

Moli bere plataformatik jaitsi eta Sararen atzetik abiatu zen emakume arropa saileraino. Han Sara gorputz osoko ispilu baten aurrean zegoen, alde batera eta bestera mugitzen zen, ispiluaren islan bere albo guztiak ikusi nahian.

-Nire burua gorputz honetan sartu zuena zubi batetik behera botako nuke… ez al zen posible fundamentuzko titi pare bat?

-Ez zara ba berriro kontu horrekin hasiko?

-Ez al zaizkizu patetikoak iruditzen? Ondo begiratu… esan nahi dudana da, plastikozkoak direla eta plastikoa moldatzen ari zirela… zer axola zitzaion bular aldean plastiko gehiago ipintzea? Prest nago ipurdikoa ahaztea, ze hor ere… baina ez, titiekin konformatuko nintzateke! Nola geratuko zait arropa ondo ba?

-Ez zait gustatzen horrela hasten zarenean..

-Benetan? Zuk ikusi al duzu zure hanka tartea?

Molik buruarekin ezetz.

-Zin degizut ez zitzaizula gustatuko, hobe duzu ez begiratzea, bai.

Molik eskua bere hanka tartera jaitsi eta bere begiak hondartzako baloien tamainara puztu ziren.

-Sasikumeak! -egin zuen oihu.

-Horixe bera! Orain jakingo dute plastikoan aurreztu dutena non gastatu beharko duten!!

Bitxitegi sailera joan ziren lehenengo. Han zirkonitazko materiala eta benetako diamanteak lekuz elkar trukatu zituzten. Patinete banatan igo eta gauza guztiei prezioaren etiketak kentzen hasi ziren. Horrek ataskua sortuko zuen ordain-kutxetan. Molik prezio pistola horietako bat aurkitu eta objektu garestienei prezio barregarriak jarri zizkieten. Sarak komunetako pixatoki eta kaka-ontzietan paper bolak sartu zituen, Molik bitartean komunetako ispiluetan marrazkiak egin zituen makillaje sailean hartutako ezpainetako-barra koloretsuekin.

Eguzkiaren lehen printzak leihotik sartzen hasi zirenean, Sara eta Moli abentura eta kirol sailera itzuli ziren, beren kanpin-dendaren ondora.

-Izugarri ondo pasatu dut! -bota zuen Molik.

-Tira, ez du bizitzan izan dugu zortea berdintzen, baina… -gehitu zuen Sarak begirada tristearekin. Sutondora gerturatu eta beste egun oso baterako hantxe makurtu zen Moliri begiarekin keinu egin ondoren.

-Beti izango ditugu gauak… -erantzun zion beste begi keinu batekin Molik bere plataformara igotzen zen bitartean.

Saltokiko ateak ireki zirenean eta lehen bezeroak sartzean, Moli bere plataformatik jaitsi eta Sararen ondora joanez, besarkatu eta magalean hartuta ezpain hotzak musukatu zituen.

-…eta egunak, ze demontre!

Eskua bere bular patetikoan jarri eta Sarak berea Moliren hanka tartera eraman ondoren egun osorako izoztu ziren berriro, orain bai.

Iruzkinak itxitak daude.