Continue Reading" />

Poni urdina

Etiketarik gabe Permalink 1

Amak ederra naizela esaten du, inoiz ikusi duen neskatorik ederrena; baina nik ez dut uste Mirari bezain ederra naizenik. Mirari lehengusina da. Aitak ere polita naizela dio. Nik ere horrela uste dut, batez ere soineko urdina janzten dudanean. Izugarri atsegin dut soineko urdinarekin dantza egitea, eta jirak eta birak ematea. Jirak eta birak. Ikusi beharko zenukete dantza egiten dudanean, jirak eta birak ematen ditudanean, jauzika hasten naizenean.

Balleta maite dut. Astero entseatzen dut. Berak esaten du oso polita nagoela nire soineko urdinarekin dantza egiten dudanean. Asteazkenetan ballet klasetara noa eta batzuetan aita, beste batzuetan ama eta askotan biak ni ikustera etortzen dira. Egunak eta egunak emango nituzke jiraka eta biraka, horrela, begira. Jiraka eta biraka aritzetik gehien atsegin dudana gelditzen naizenean da, makurtu eta burua lurrean ipintzen dut; geldik egon arren beste guztiak jiraka eta biraka jarraitzen du.

Jonek dio poniak neskak direla eta ni mutila naizenez ezin naizela ponia izan. Dioenez, poniak ez dira benetakoak, magikoak omen dira eta magia benetan existitzen ez denez…

Batzuetan poniak marrazten ditut etxeko atariaren aurrean klarionarekin. Bizilagunek diote ez nituzkeela soinekoak erabili beharko, mutilek ez dituztelako soinekoak erabiltzen. Aitak eta amak kasurik ez egiteko esaten didate. Ni nahi dudana izan naitekeela.

Aitak ponien inguruko ipuinak kontatzen dizkidanean asko atsegin dut. Berak dio ezagutzen duela zaldientzako mantak, ponien inguruko liburuak, filmak eta zaldi gainean ibiltzeko larruzko bota luzeak saltzen dituzten denda bat. Urtebetetze egunean poniak dituzten galtzerdi batzuk oparitu zizkidaten. Noizbait joan nahiko nuke denda horretara, amak dio eramango nautela, denak joango garela.

Nire izena Joseba da. Bihar udaletxera goaz. Bihar Josebe izango naiz. Poni urdin ederrena.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.