Continue Reading" />

Saria

Etiketarik gabe Permalink 0

-Kaka zaharra! -bota zuen Perez jaunak. -Gelditu kotxea berehala! Gelditzeko agindu dizut!! Betaurrekoak galdu ditut!! Leihotik erori zaizkit!

Perez jaunak txistua irentsi zuen, urduritu egin zen. Bere urrezko betaurrekoak galdu zituen. Ez ikusteko behar zituelako, emazteak oparitutakoak zirelako baizik, haren aitak berari emandakoak. Baina berandu zihoan asteroko herriko aberatsen topaketara. 

-Berandu gabiltza, Perez jauna… -bota zion txoferrak.

Eta guztia doministiku batengatik. Aberatsen topaketara bidean zihoan doministiku batek betaurrekoak kotxeko leihotik bidali zituenean, eta nork jakin non ote zeuden. Kalea zikin zegoen, jende asko zebilen, eta ez zegoen kale miserable haietan ibiltzen ohituta.

“Hemen inork nire betaurreko preziatuak aurkitzen baditu, akabo, ez ditut berriro ere ikusiko!” pentsatu zuen bere baitan.

Horretan zebilela neskato bat ikusi zuen kalearen bestaldean korrika, esan dut lehen ere ikusteko betaurrekorik ez zituela behar, eskuan distira egiten zuen zerbait zeraman. Susmoa piztu zitzaion berehala.

-Aizu, neskato! Zatoz hona berehala! Bueltatu nire betaurrekoak!

Baina neskatoa ez zen geratu. Geroz eta azkarrago zihoan. Perez jauna segika joan zitzaion. Alde zaharrera zeraman zubia zeharkatzen hasi ziren. Neskatoak Perez jauna gainean zeraman kasi, negarrez ere hasi zen kasi. Halako batean harrapatu eta neskatoa beldurtuta oihuka hasi zen Perez jaunaren mehatsupean.

-Emadazu eskuan duzun hori belarriak moztea nahi ez baduzu!!

Neskatoak handik alde egin nahi zuen bakarrik, eta eskuan zeramana zubitik behera jaurti eta alde egin zuen.

Perez jauna, sasi arte batetik igaro eta zubiaren azpira jaitsi zen. Bat batean, espero gabe, ilunpe batean gizon mardul ugariren artean ikusi zuen bere burua. Guztiak Perez jaunari begira. Perez jaunak ikusi zuen baina aurrean zuen gizon mardularen keinua.

-Zera, barkatuko didazu baina jaka barruan ezkutatu berri duzun hori nirea da…

Gizona, guztien buru zirudiena, barrez hasi zen jaka barruan gorde zuena kanpotik ukituz. Inguruko guztiek ere barrez hasi ziren liderraren oihartzuna balira bezala.

-Hau zurea? Hemen horrelako sariak indartsuenak irabazten ditu… urrea al da? Uhmmm, urrea… Astero elkartzen gara zubi azpi honetan bailarako indartsuena nor den erabakitzeko, saririk gabe. Saria horixe, bailarako indartsuena izatearen ohorea… baina gaur… gaur bada saririk… Nork irabaziko du gaurko sari berezia?

Hangoak bibaka eta algaraka hasi ziren. Perez jauna liderrarengana gerturatu zen hau paparretik helduz.

-Entzudazu ondo, txepela, poltsikoan gorde duzun horrek balio handia du niretzat, zuk inoiz izan duzun guztia baino gehiago balio du, eta ez dut zuen moduko zorigaitzeko jende nazkagarria…

Hango morroiek pauso bat aurrera egin zuten Perez jaunaren irainak entzunda.

-Ondo da! -eten zion liderrak – Bailarako gizon indartsuenak gara, irabazten baduzu, zu izango zara bailarako gizonik indartsuena, eta gainera zure urrea zurekin eramango duzu!

Han zeuden guztiak zirkulu bat osatu zuten Perez jaunaren inguruan, honek maukak jaso eta hortzak estutu zituen.

-Nahi bezala, trauskil halakoak! -bota zuen Perez jaunak -Nor izango da lehenengoa?

 

~ * ~ * ~

 

Neskatoa oraindik lo zegoela mahaian eseri zen gosaltzera amak egunkaria irakurtzen zuen bitartean.

-Entzun hau, Maddalen… “Bart gauean “”Perez Ehorztetxeak” kateko enpresa-burua den  Erminio Perez jauna atxilotu zuten legez kanpoko borroka antolatu batean parte hartzeagatik!” -irakurri zuen amak -Inoiz ez diot itxura onik hartu Perez horri!

Neskatoa egunkaria begiratzeko gerturatu zen gailetak ahoan zituela. Argazkia ikustean eztulka hasi zen gaileta apurraz guztia zipriztinduz.

-Argazkikoa… argazkikoa atzo arratsean jarraitu ninduen gizona da, urrezko eskumuturrekoa lapurtu zidana da!

-Ez da egia izango? Berehala goaz Ertzaintzara, ezin zara jende aberatsaz fidatu! Are gutxiago besteen heriotzen kontura aberasten direnetaz!

Iruzkinak itxitak daude.