Continue Reading" />

Turista bat naiz

Etiketarik gabe Permalink 0

Begiak kliskatu nituen. Zeri begira zeuden haiek guztiak? Bazkariko tomate arrastoak ote nituen aurpegian? Ez, hori baino okerragoa zen; izan ere, begira zeuden pertsona haiek oso bortizki erreakzionatzen hasi ziren. Batzuk zurbil jarri ziren, beste batzuk botaka egiten hasi ziren, izan zen buelta eman eta ihes egin zuenik ere. Gehienek begi irtenak zituzten eta konturatzerako konortea galtzen zuten ni ikusita bakarrik.

Ez naiz unibertsoko tiporik ederrena, badakit, baina jendearengan halako erreakzioak sortzea misterio bat zen niretzat une hartan. Ispilu bat eskuetan izanez gero erraz argitzeko moduko misterioa, hori bai, baina ez nuen, eta ezin misterioa argitu.

Oporretan nengoela gertatu zen. Turista talde batekin nenbilen autobusean Txinako harresia bisitatzen. Autobusean iritsi berri ginen, ni urduri nengoen, txikitatik liluratu ninduen harresiak. Ez nituen bide-lagunak itxaron, hormatzar haiek lehenengoa ikusi nahi nituen. Aho zabalik geratu nintzen haiek ikusita, ez da gauza berdina ordura arte izan nuen ikuspegitik ikustea eta hantxe, aurrez aurre ikustea. Begira nengoela autobuseko beste bidaiariak gerturatzen ari zirela nabaritzean, biratu eta marmarka hasi ziren guztiak, oihuka, garrasika. Guztiak niri begira. Ni harrituta.

-Zer? -galdetu nien inuzente. -Zer gertatzen zaizue zuei? Harrigarria harrizko harresia, ezta? -gehitu nuen barrez.

-Zera… zure itxura… zera dirudizu… -saiatu zen erantzuten irakasle itxura zuen batek makurtu eta botaka egiten hasi aurretik.

Azalean azkura jarri zitzaidan. Begiak busti zitzaizkidan. Ileak kizkurtu. Arropa deseroso nuen. Bat batean handiegia nuen guztia. Prakak gerrikoa izanda ere orkatiletaraino erori zitzaizkidan, alkandora eta jaka zaku baten modura belaunetaraino estaltzen ninduten. Zer ari zen gertatzen? Umoreari eusten saiatu nintzen, baina alperrik. Nire irribarreek ez zuten begira nituenak lasaitzen, ez horixe.

Autobuseko gidariak, bidaian harreman estua izatera iritsi ginen hark, autobuseko atera agertu eta oihu egin zuen.

-Joder, estralurtar bat!

Ateak itxi eta gurpilak irrintzika ziztu bizian alde egin zuen gu guztiak han utzita.

Esan liteke gertakizun hark hankaz gora bota zuela nire  mozorroa. Urtero egiten dut munduko toki liluragarrienak ezagutzeko eskapadaren bat. Suposatzen zen ez nintzela nire berezko itxurara gauerdi-arte itzuliko, baina azken hogeita lau orduetan tour turistikoaren bidaian zehar izandako ordu aldaketa guztiek despistatu egin ninduten, ez nintzen ordularia aldatzeaz gogoratu, zer egingo diogu ba?

Ontzi inudeak salbatu ninduen, han goian zegoen, besteentzat ikusezina, eta zaratatsua izan arren entzunezina. Ni jasotzen, xurgatzen hasi zen. Goraka nindoan nire bide-lagun turisten begiradapean disimulatzeko keinuak egiten nituen bitartean. Ikustekoak ziren haien aurpegiak ni lebitatzen ikustean, bat batean zizt, abiadura kosmikoan desagertu eta kito.

Tira, bueltatuko naiz, izan ere berehala hasiko dira Legazpiko Mirandaolan Olentzeroren etorrera ospatzen eta aurtengoan, azkenean, izena garaiz eman dut. Ni ere turista bat naiz.

 

Iruzkinak itxitak daude.