Continue Reading" />

Xigurni Uiber

, Permalink 0

Bart Donostiako taberna bateko komunerako bidean izar batekin egin nuen topo, bat batean, ezustean, hantxe, nire begien aurrean. Baina ez, hura ez zen autografoa eskatzeko ez lekua eta ez unea. Ez naiz ni oso autografo zalea gainera. Ni txiza egiteko zain nengoen bitartean bera kanpoko ispiluan begietako arrastoak bere lekuan zuzen eta bidetik irten gabe ote zeuden ziurtatzen. Zuzenean begira jarri nahi ez, eta nire begirada lurrera eraman nuen. Eta hantxe hasi zen nire ezin egona. Metro beteko takoiari lotuta, beste metro bateko komuneko paper zati luzea zeraman. Bandera bat balitz bezala, baina gazteluko dorrean eraman beharrean, gazteluko sotoko ziegetan zeraman gure izarrak. Zer egin baina? Zera egin nezakeen, nire ingelesa marabillosoa erabili… “Sorry miss Uiber, you have a komuneko paper piece in your zapata!” Baina seguru aski ez zidan ulertuko, goitik behera begiratuko ninduen eta alde egingo zuen bere ziegako estandartea arrastaka zeramala. Beraz “B” plana jarri nuen martxan. Nire zapatila berdeekin estandartea zapaldu eta berak alde egitean komuneko paper piecea hantxe geratuko zen, inoiz abandonatu beharko ez lukeen toki glamuroso hartan. “C” plana ere bazegoen, “allakuidaushorkonpon” bide erraza aukeratzea, baina ezin. Planak bazuen arrisku pixka bat, baina tira. Hausnarrean lurrera begira nenbilela, Xigurnik begietako arrastoarekin amaitu, lapitza poltsa txikian sartu eta alde egiten hasi zen. Berehala erreakzionatu behar nuen, erantzunak ya behar zuen. Mugimendu azkar, isil eta ezkutu batean, nire zapatilekin, plast, komuneko paper estandartea zapaldu eta zast, hantxe alde egin zuen begiratu ere egin ez ninduen miss Uiberrek paperezko kate lotsagarri hura han utzita.

Txiza egin, Xigurnik begietako arrastoa marraztu zuen konketan eskuak garbitu eta lagunengana joan nintzen, gustura, harro, egin beharrekoak eginda, burua tente, kontatuta ere inork sinistuko ez lidakeen balentria beteta. Baina lagunek barre algaraka egin zidaten ongietorria, urrunetik, inguruko guztiak beraien barre-festa partikularrera gehitzen ziren bitartean. Taberna guztia niri begira. Nola izan zuten ba ni eta Xigurniren arteko aferaren berri? Baina ez ninduten begietara begiratzen. Lurrera begiratu nuen eta hantxe zegoen, paperezko suge luzea niri segika, nire zapatila berdeetara itsatsita. Urrunago, barra ondoan, kolore urdineko edabe bati zurrutaka nor eta Miss Uiber, hura ere niri so, tira ez, nire oina kateatzen zuen estandarte lotsagarriari. Begirada gora egin eta elkarri begira geundela libre zuen eskuko hatz potoloa altxatu eta keinu egin zidan. OK.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.