Continue Reading" />

Zuen marketara, prest… pun!

Minutu gutxi falta dira. Estadio osoko komunetako hotsa entzuten dut nagoen tokitik. Eskarmentua hartuta beharko nuke dagoeneko, baina keba, adrenalinak gora egiten dit une honetan beti, nire bihotzaren taupadek formula bateko kotxe baten motorra dirudite. Lasai hartzen dut arnasa, sakon, urduritasuna kontrolatu nahian. Lerrokatuta gaude denak, kamera gure aurretik igarotzen da, bakoitzaren aurrean geldiune bat eginez. Niregana iristean jendetzaren burrunbak goia jokatzen du. Bi eskuekin agurtzen ditut, nire irribarreak adrenalina tsunamia tapatzen du. Nire unea da. Aske naiz. Berehala guztia erabakiko da.

Gure aurrean more koloreko alkandora duen epailea, aurpegian profesionaltasunak ematen dion lasaitasuna nabari zaio, hemen egotearen satisfazioa, gu gara heroiak, gu gara joko olinpikoetako jainko eta jainkosak. Aurrera egiteko eskatzen digu, abiapuntura. Niretzat presio handieneko unea da. Hegazkinetik salto egitera doan paraxutista baten moduan sentitzen naiz. Salto egiteari uko egiterik badu. Buelta eman eta atzera egin, baina ez, nik aurrera egiten dut. Abiapuntuan kokatzean ez da atzera biderik izango.

Lasterketak hemen irabazten eta galtzen dira, hasi baino lehen. Kontzentrazioa. Lasterketa aurreikusten dut. Nire marka berdintzea ondo legoke, marka jaistea arrakasta, markatik gora… Hasiera, lehen ehun metroak, zuzen, begiak itxita ere joan naiteke, ondoren bihurgunea eta hortxe nire hankak topera, oihuka bezala… beste lasterkari guztiak bizkarrean behar ditut ordurako, eta azken partea, garrantzitsuena, gogoan izan beharrekoa: domina nirea dela sinistu baino lehen egin beharreko azken ahalegina.

-Zuen marketara!

Azken pentsamendu horri eusten diot. Arnasketa sakon guztiak entzuten ditut. Nireak eta nire aldamenekoenak. Oinak pistako goma moduko horri lotzen ditut, azkazalak zorrotz, behatzak tente, giharrak irmo. Guztia bere lekuan eta behar den modura. Azken irudi horri eutsi, domina nirea dela sinistu baino lehen egin beharreko ahalegina. Begiak alde batera eramanda zeharka ikusi dezaket lasterkari estatubatuarra. Hori da arerioa. Ametsa lapurtu diezadakedan emakume bakarra.

-Prest!

Gorputza altxatzen dut, odola behatz puntetaraino ponpatzen du bihotzak. Ikusleak isilik, isiltasun osoa, isiltasun estua. Nire bihotzaren taupaden erritmora korritzerik banu… Eta bat batean hots bat dator nire belarrietara, Entzun nahi ez nuen gauza bakarra. Deskuidu bat, distrakzioa, zalantza, azken irudia burutik kenduko didana, lasterketari hasiera ematen dion tiroak ezustean harrapatuko nau, baina banoa, ahalegin handiagoa beharko dut, nire muskuluek ahalko dute, oinek bide onetik naramate, pista nirea da, aurrera noa ziztu bizian, hortxe bihurgunea, estatubatuarra da aurrean doan bakarra, bizpahiru pausoetara, harrapatuko dut… baina… berriro ahotsa bueltan.

-Zer ari zara ikusten? Joko olinpikoak berriro? Urtezaharreko errepikapen hauek… zatoz! Txanpaina irekitzera goaz!

Altxa eta zeharka estatubatuarrak domina irabazi duela ikusten dut. Beti irabazten du berak, bai eta errepikapenetan ere.

 

 

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.