Egin ez ditudan maletak, egin ez ditudan bidaiak. Irakurri ez ditudan liburuak, idatzi ez ditudan gutunak. Bisitatu ez ditudan museoak, ikusi ez ditudan artelanak. Gozatu ez ditudan filmak, dastatu ez ditudan gutiziak. Ezagutu ez ditudan lagunak eta ahaztu ditudanak. Gorde dudan maitasuna eta irentsitako malkoak. Egin ahal izan dudan guzti hori eta egin ez dudan hori guztia ere badira nire parte bat. Ni hori ...
Batzuetan unibertsotik bueltaxka bat ematen dut. Unibertsoa tolestuta dago, kotxeko ateko zuloan daramadan mapa edo ganbarako kutxa zaharretan gordetzen ditugun planoen antzera. Liburu bat irekitzea teleskopiotik begiratzea bezala da, edo mikroskopio batetik, edo zergatik ez, treneko leihatilatik, hegazkineko leihotxotik, edo itsasontziko kamaroteko argi-zulotik…