Continue Reading" />

Bai, esan!

Etiketarik gabe Permalink 0

-Zer nahi duzu esatea? Aspaldi hasi nintzen horrela. Lehen molestatzen ez ninduten gauzek orain nire onetik ateratzen naute. Mehatxuak dira, nire kontra dago guztia. Munduko gizaki guztien artean ni aukeratu izan banindute bezala. Guztia eta guztiak nire kontra.

Gidatzen ari naizenean beste gidari guztiak dira. Aurreratu egiten naute, edo zaildu egiten didate bidera irtetea. Klaxona jotzen didate, aurpegi arraroak jartzen dizkidate, beraien kotxe barruetan deiadar egiten didate, eta jakizu ezpainak irakurtzeko gaitasuna garatu dudala azken aldian, ez dut esango zer esaten didaten, hobe da.

Eta kalean oinez noanean? Beste oinezkoek nire kontra egiten dute talka, beste inoren kontra ez, nire kontra. Bultza, putzu batean sartu eta zipriztindu egiten naute, imajinatu, etxetik irten berria eta egun guztirako prakak zikinduta.

Zerbait erosi nahi dudala? Ba agortuta, aizu, edo aurreko astean hautsi zitzaidan irratiak ez dauka garantiarik edo berria erosi nahi eta ikusi dudan horrek ez dauka zerikusirik katalogoan ikusitakoarekin.

Pribatutasuna diozu? Zelatan dauzkat alde guztietan… posta elektronikoa, mugikorra… alde guztietatik.

Etxean gauza guztiek lurrera egiten dute jauzi. Edalontziek, platerek… gaur, hona etorri aurretik, pilula hartzera nindoanean, urez betetako edalontzia erori zait, eta jakina hartu beharreko pilula kristal artean nahastu da. Ez dut hartu jakina. Biharko pilula gaur hartu nezakeela? Pentsatu dut, baina orduan arazoa bihar izango nukeen, zer uste duzu ba? Inozoa naizela?

Hau guztia berria da niretzat. Aldatu egin naiz. Onartzen dut batzuetan zalantzak dauzkadala erruduna ni edo mundu guztia den. Komuneko ispiluaren aurrean paratzen naizenean eta nire burua ikusten dudanean ez naiz errekonozitzen. Nola iritsi ote naiz honaino? Entzun izan dut batzuetan haurrek beldurra izaten diotela hazteari, handitzean ispiluaren aurrean aurkituko duten horrek izutuko edo gustatuko ez zaielakoan, ezagutzen duten nagusi horren modukoak izango ote diren. Ziur nago nik txikitan ariketa hori egin izan banu eta naizen hau ikusi izan banu beldurtu, izutu egingo nintzela.

Bai, badakit nire erreakzioak ez datozela bat hauek eragiten dituzten gauzekin. Bizilagunaren txakurrari errieta egiten diot zaunka ez egiteagatik, auzoko haurrei jolasteagatik, bai eta etxe aurretik bizikletan igarotzen den agureari ere horrregatik, bizikletan ibiltzeagatik. Udaletxera, argi konpainiakoari edo ur zerbitzukoari deitzen diodanean, buff… orduan eztanda egiten dut; platerak hausten ditut, egunkariak erretzen ditut, telefonoaren aria eteten dut, posta txikitzen dut. Eta orain larriena kontatuko dizut…

-Ondo da, jauna, baina ilara sortzen ari zara… tori, zure ogia!

-Zekaleduna, bai… egun ona izan!

-Bai eta zuk ere!

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.