Continue Reading" />

Klik-klak-klik-klak…

Etiketarik gabe Permalink 0

Klik-klak-klik-klak… ez, ez da ordulariaren segundo-orratza… beste gauza estugarriago bat da, kurtsorea. Ordenagailuko kurtsorea. Hortxe, orrialde zurian, klik-klak-klik-klak… kurtsorea keinuka. Segundo bakoitzeko keinu bat. Minutu batean hirurogei. Hiru mila eta seiehun ordubetean. Egun osoa keinuka balego, laurogei mila eta laurehun aldiz. Ez dakit zenbat denbora daramadan pantailari begira klik-klak-klik-klak… estugarri horri begira, baina numero potolo horren gertu nagoela zin egingo nuke. Hori iruditu zait behintzat.. Ez, ez da entzuten. Hasieran ez… baina denbora luze bat begira eman ondoren zin dagizuet entzuten hasten zarela.

Sei esaldi besterik ez dauzkat idatzita. Sei. Klik-klak-klik-klak…eta hortxe dago berriro, keinuka, niri keinuka.

Pertsonaiari izena jartzeko unea da. Bai, badakit pentsatuta behar nuela. Bai, badakit ere aurrera egin beharrean nagoela. “Jarri edozein izen!” esaten diot neure buruari, gero amaitutakoan aldatu eta kito, erraza, ezta? Ba ez, ez da hain erraza, ez zait iruditzen behintzat. Orain ez. Politikoki zuzena izan naiteke, Ane aukeratu dezaket, ondo da, bai, edo Mikel. Baina biak ere eskolako liburuak ekartzen dizkidate gogora. “Ane eta Mikel zinera doaz. %20ko beherapena duten bi txartel dituzte. Sarrera bakoitzak zortzi euro balio badu, zenbat  kostatuko zaie adibidez… Igelak ikusteko sarrerak erostea?” Gainera bat, izen bat aukeratu behar dut, edo Ane edo Mikel. Bat. Eta oraindik ere ez daukat argi izatekotan ere Ane edo Mikel behar duen. Horrek ere eragina izango duelako jakina. Ez da berdina Mikel, Ane, Fatoumata, Kevin, Isaak, Andrea, Carlos Jose… bakoitzak izaera bat dakarrelako seriean, gaur egungo kotxeen moduan. Bere airbaga, bere abordoko ordenagailua, gps-a, abs-a… eta gurpilak, jakina, 4 gehi ordezkoa. Enpiñ, hau ataskoa!

Klik-klak-klik-klak… hura eteteko moduren bat egon behar du. Erotuko nau. Izan ere dagoeneko perspektiba galdu dut. Dagoeneko ez dakit Klik-klak-klik-klak…horrek blokeatu nauen edo blokeauta egoteak Klik-klak-klik-klak…horri begira eta adi egotea ekarri nauen. Baina hementxe nago, ez aurrera eta ez atzera. Kurtsore madarikatu horren Klik-klak-klik-klak…-ari begira. Segundoro klik, segundoro klak.

Pentsatzen jarrita, aizue agian ondorenak ematen dit beldurra. Hau da, izena aukeratu ondoren… zein izango da gure “X”ren konfliktoa edo arazoa? Kantzerra duela edo giltzak galdu dituela? Bere nagusiak kaleratu egingo du edo ardura (soldata) handiagoko lanpostu bat eskainiko dio? Hondartza ala mendia? Arraina edo haragia? Kola-kao bat edo kafea???

Bai, etenalditxo bat hartzeko unea da, kafetxo bat. Abagune bat. Pentsatu, hausnartu…

Horrelakoetan pelikula amerikanoak etortzen zaizkit burura. Idazleak zigarro bat pizten du, kristalezko basotxo txikia bourbonez bete eta trago batean klak, barrura. Klak esan al dut? Zurrut esan nahi nuen. Baina tira, nik ez dut erretzen, eta edan ere ez dut egiten, eta are gutxiago goizeko seietan. Kafearekin jarraituko dut. Begiak itxi eta nire burmuina industria-nabe baten moduan nabari dut. “Blokeatuta zaude! Blokeatuta zaude!” esaldiak oihartzuna egiten du nire barruan. Nire industria-nabean.

Leiho ondotik ordenagailuko pantaila begiratu dut. Estralurtartxoak imajinatu ditut kurtsorearen lekuan. Marrazki bizidunen atal baten antzera, batetik bestera eraikuntzan dagoen eraikin batean gora eta behera: izaki txikiak, langile urdinak, kaskoa jantzita. Kurtsoreak markatzen duen erritmora hara eta hona. Klik-klak-klik-klak… altzairuzko habeak eraman eta hormigoiaz betetako karroekin batetik bestera, edonon eta edonola kalearen erdian hormatzarra jasotzen dute, lotsagabe, hiriko gidarien harridurarako. Kapataza begira dute garabiaren gainetik. Esku koipetsuarekin katilua heltzen du eta nire modura zurrut egiten du. Nirean kafea dago baina haren katiluan nork jakin! Zigarroa irensten duen bitartean koipez zikindutako planoei begiratzen die. Ez dauka zentzurik, ezerk ez du zentzurik. Badirudi Klik-klak-klik-klak… erritmoa kontutan hartuta, estralurtar txikiek segundo batez bakarrik oroitzen dituztela kapatazak emandako aginduak. Handik aurrera ahaztu, kaosa. Horregatik hormatzarra hiriaren erdian. Horregatik torlojua erdi aske garabiaren oinarrian. Eta hau balantzaka, eta kapataza balantzaka katiluan duen edabe magikoa ez erortzeko ahaleginetan. Eguzkia ezkutatzen hasi da, eta estralurtartxoak konturatu dira. Jasotzen hasi dira. Hormatzarra jaso dute. Hormigoiaz betetako karroak jaso eta altzairuzko habiak bere lekura eraman dituzte. Kapatazak arnasa hartu du. Katilu barruko edabea salbatu du. Eskuarekin kopetako izerdia lehortu eta koipez egin du bertan tatuaje beltza. Formarik gabekoa. Gidariek aurrera egin ahal izan dute. Beraien harridurarako.

Leihotik begiratu dut. Euria ari du. Euria eta bero. Sargori. Afrikako oihan beltzean bezala. Tximinoen oihuak entzuten dira. Tiroak eta leherketak. Zer gertatzen da? Oihaneko zuhaitzen artean adar eta sasiak alde batera eginaz Viktoria ur-jauzietara iritsi naiz. Bertan tiroak eta leherketak zirenak su artifizialak direla jakin dut. Bikote bat besarkatuta ikuskizunari begira dago. Bat batean elkarri begiratuko diote. Desioa piztuko den une horretan… Klik-klak-klik-klak… biak niri begira daudela ohartzen naiz… begiak klik-klak-klik-klak… Ireki eta itxi eta ireki eta itxi eta ireki eta itxi… Viktoria ur-jauziak desagertu eta maitaleen trama ere, estralurtarrena bezala orrialde zuriak irentsiko du. Tira, sei lerro dun orrialde zuriak.

Ordenagailuaren kurtsorearen Klik-klak-klik-klak jasangaitzak irabaziko du. Sukaldeko konketara gerturatu eta baso bete ur edan dut. Kurtsoreak bere horretan jarraitzen du. Ordenagailura gerturatu eta ktrol-a eginez ordura arteko sei lerroak aukeratu eta ezabatu egin ditut.

Korrika egitera joango naiz. Burua hustu. Edo ez, kontrakoa, bete. Bete eta bueltatzean betetakoarekin kurtsoreari zaplaztekoa eman. Orrialde zuria bete, gainezka egin. Etxeko atetik irten eta atarian behera abiatu naiz. Ataritik irten eta berehala baten batek deitu nau. Nire izenez. Hara! Ez da ba izen txarra! Hots egin didanari eskuarekin keinu egin eta berriro arineketan abiatu naiz atarian gora etxeraino, ordenagailua ireki eta… lastima… orain sarrerako sei lerroak falta. Izena badaukat baina sarrerako sei lerroak falta.

Bai badakit, izena jarri eta hortik aurrera jarraitu nezake, baina ez da gauza bera izango, sarrera bat behar dut. Klik-klak-klik-klak… hasi da berriro.

 

 

 

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.