Ostirala zen. Azoka eguna. Ostiralero bezala aste osorako barazkiak erostera hurbildu nintzen.
Guztia normal gizon hura pepinoa aztertzen ikusi nuen arte.
Gehiegizko arretaz eusten zuen. Elezaharretako ezpata bat aukeratzen balego bezala. Alde guztietatik begiratzen zuen. Atzetik, aurretik, goitik, azpitik. Lodiera, zuzena edo okerra zen, pisua. Eta halako batean pentsamendu batek harrapatu ninduen. Pentsamendu lizun bat zen.
Oso lizuna.
Hain zen lizuna, ingurura begiratu behar izan nuela inork isun morala jarriko ote zidan egiaztatzeko.
Baina ez zuen zentzurik. Nik ez nuen inoiz horrelako pentsamendurik izaten fruta saltoki baten aurrean. Nire buruak normalean pepinoak entsalada tristeekin lotzen zuen.
Argi ikusi nuen berehala: pentsamendu hura ez zen nirea. Norena orduan?
Ingurura begiratu nuen susmagarrien bila.
Lehen susmagarria pepinoa eskuan zuen gizona, noski.
Berrogeita hamapiko urte.
Jertse marroia.
Itxuragatik “Julian” izena zuena, zalantzarik gabe.
Izan zitekeen. Inork ez du pepino bat doako ardura horrekin aztertzen.
Orduan fruta saltzailea ikusi nuen.
Emakume gaztea zen. Aspertu aurpegiarekin dagoeneko zaporerik ez zuen txiklea mastekatzen. Gizonak pepinoa hobeto begiratzeko altxatu zuenean, berehala apartatu zuen begirada.
Horra bigarren susmagarria.
Bat batean beste pentsamendu bat.
-A ze nolako tamaina ederra!
Laranja kaxa handi batera heldu behar izan nintzen oreka ez galtzeko. Izerdi hotza.
Egoera okertzen ari zen unetik unera.
Alde guztietara begiratu nuen etsi-etsian. Erantzun bat behar nuen.
Atso batek ziazerbak aukeratzen zituen keinu zorrotzez. Ezinezkoa… baina tira, nork jakin!
Kirol monitore bat ere bazegoen bere txandaren zain. Txandalean. Bereziki ondo orraztuta, erlaxatuegi. Pepinoa ikusi zuenean irribarre egin zuen.
Hirugarren susmagarria hau.
Bitartean, “Julian”, baratzeko pepinoa helduz. Grial santua bakitz bezala.
Nire burua jo eta su:
-Sendoegia.
-Baina dotorea.
-Lesioak sortu ahal ote ditzake?
Galduta nengoen. Ez nekien pentsamenduak nondik zetozen. Piloten moduan zebiltzan nere buru barruan boteka.
Eta horretan nenbilela gauza izugarri bat gertatu zen.
Saltokiaren aurrean fruta ukitu eta ukitu ari zen mutiko batek pepinoa seinalatu zuen.
-Ama, zergatik dago mundu guztia pepinoari begira?
Erabateko isiltasuna zabaldu zen saltokiaren aurrean.
Saltzailea eztulka hasi zen.
Kirol monitoreak mugikorra begiratu zuen disimulatuz.
Atsoak inor begira ez zuela ikusita lau mandarina gorde zituen berokiaren poltsikoan.
Ama aurrean zituen tomateak baino gorriago jarri zen mutikoari eskuarekin ahoa estaliz. Irribarre lotsati bat egin zuen eskuan pepinoa zuen senarrari begira.
Eta nire buruan argi eta garbi:
-Hainbeste urte ezkonduta azokako fruta saltokian eszitatzen amaitzeko! Zoragarri, Karmentxu, zoragarri!
Iruzkina uztea