Batzuetan uste dugu zerbait oroitzea, kontatu ahal izatean datzala.
Data bat. Toki bat. Gela bat deskribatu ahal izatean, ahots bat, gertakizun zehatz bat.
Baina badira gauza batzuk irudiak desagertu baino haratago irauten dutenak.
Hitzik gabe bizirauten dutenak.
Nik ez dut aita oroitzen, txikiegia nintzela hil zen, eta geratzen zaizkidan oroitzapen bakar horiek zalantzak ditut benetakoak izango ote diren. Agian ikusi ditudan argazki gutxi horietatik datoz. Edo besteei entzundakoak, hainbestetan errepikatu eta nire barnean tokia hartu dutela nik bizi izan banitu bezala.
Baina badira egunak haren hutsunea nabarmen sentitzen dudana.
Ez idea baten gisa.
Hutsune fisikoa da. Barrutik eta kanpotik.
Haur bat bere aita deika entzuten dudanean nabari dut. Agure batek taberna batean barre egiten duenean. Esku handi batzuk gauza txiki bat konpontzen ikusten ditudanean. Ziur nago noizbait ni kulunkan eta berak bere beso sendoekin bultza egingo ninduela. Ni barrez eta bera barrez. Baina ez dut oroitzen. Hala izango zela sinistu nahi izaten dut.
Eta horrek gauza bitxi bat ulertzen lagundu dit: memoria ez da buruan soilik bizi.
Falta zaigun horretan ere bizi da. Ezer ez baida ahazten oroitzen ez badugu ere.
Beste toki batean daude orioitzapenak, gorputzean. Keinuetan. Azalpenik ez duten beldurretan. Maitasunarekin eta galerekin harremana izaten ikasten den moduarekin.
Batzuetan pentsatzen dut pertsonak, izatez, aztarna ikusezin askoren pilaketa garela. Azaltzeko hitzik ez duten markak, baina barruan eragiten dutenak, isilpean.
Lurrazpian dauden zuhaitzaren sustraien modura.
Ez dira ikusten baina guztia eusten dute.
Horregatik badaude tristurak motiborik gabe azaltzen direnak. Edo bat bateko samurtasunak. Edo inoiz kontzienteki bizi izan ez dugun hori sentitzeko sentsazioa.
Iragana ez da inoiz desagertzen. Oroimenekin hitz egiteari utzi eta isiltasunekin egiten digu harramazka.
Oroitzen ez ditugun haiek gure barnean nabari ditugu.
Begiratzeko modu bat.
Isiltzekoa.
Zain egotekoa.
Agian haztea horretan datza: oroitu ezin dugun guztiarekin eraikiak garela ikastean.
Ahaztutako ahotsekin.
Heldu gintuzten eskuekin.
Besarkatu gintuzten besoekin.
Kulunkan bultza egiten zigun aitarekin.
Memoriak ateak itxita ere, gorputzak bidea ezagutzen duelako.
Batzuetan ziur nago gauzak ez direla ahazten oroitzen ez baditugu ere.
Iruzkina uztea