Continue Reading" />

Gezur berdaderoak

Etiketarik gabe Permalink 0

Ezin zuen gezurrak esatea ekidin. Ezinezkoa. Nahi gabe ere gezurrak esaten zituen. Lotan gezurrak, ur azpian gezurrak, mutu ere gezurretan.

Ez zuen ospe onik bizilagunen artean. Inork ez zuen sinesten. Behin tximista batek jo omen ziola eta ordutik bere itzalak metro bat atzetik jarraitzen ziola; sagarra begiak itxita janez gero burua handitzen zela. Jendeak begiak jiratu eta kasurik egin gabe alde egiten zuen gizona bakarrik utzita.

Harik eta egun batean erabaki bat hartu zuen arte.

Bere ahotik gezurrak besterik ezin bazituen bota, hemendik aurrera gezurrik zoragarrienak esango zituen.

Orduan hasi zen benetan.

Itsas azpiko hiriez hitz egiten zuen; latinera hitz egiten zuten txakurrez; mundu osoa elikatzeko adina janari gordetzen zuten hozkailuez.

Orain bai, herritarrak entzuten geratzen ziren.

Jendeak izugarri maite zuen.

Herriko tabernan berriketan hasten zenean guztiak isiltzen ziren.

Herrian zehar paseora abiatzen zenean haurrek jarraitu egiten zuten.

Eta triste zeuden herritarrak beregana jotzen hasi ziren.

Bere gezurrak errealitatea baino hobeak zirelako.

Alargun batek esan zuen urteetan lehen aldiz gauak tirada baten lo egiten zituela arratsaldero ilargia itsasoan bainatzen zela entzun zionetik. Haurrek jada ez zioten beldurrik iluntasunari katu urdinek ezkutuan babesten zietelako.

Herria poliki-poliki gezur horien barruan bizitzen hasi zen.

Kanpotar bat herrira iritsi zen arte.

Gizon txikia zen, serioa, grisa. Zintzoa bezain jasanezina.

-Hori ez zen gertatu!

-Diozuna ezinezkoa da!

-Txakurrek zaunka egiten dute, ez latineraz!

Inork ez zuen ezer esan.

Baina gizon gris txiki zintzo bezain jasanezinak berriro egin zion aurre gure herritarrari.

Eta hurrengoan berriro.

Herria zatitzen hasi zen.

Baziren egia bakarrik entzun nahi zutenak.

Baziren istorio ederrak behar zituztenak.

Eztabaidak gehitzen hasi ziren. Irainak hasi ziren. Gero liskarrak. Bazkari isilak. Lagunarte apurtuak. Familia bananduak.

Eta guztien erdian, gure gizona, isilik.

Gauzak horrela, alkateak herritar guztiak bildu zituen herriko plazan.

-Honek ezin du horrela jarraitu! Gaur egia osoa jakingo dugu behin betiko!

Orduan, gure gizon gezurtiari begiratu eta galdetu zion:

-Benetan ezin duzu gezurrak esatea ekidin?

Plaza guztia mutu geratu zen.

Gizonak denbora pixka bat hartu zuen. Eskuak patriketan sartu zituen. Zerura begiratu zuen lainoek zerbait xuxurlatuko baliote bezala.

Eztarria garbitu eta irribarre egin zuen hitz egin baino lehen:

-Jakina ahal dudala!

Eta herriak ez zuen jakin hura izan ote zen esan zuen lehen egia…

Ala azken-aurreko gezurra.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.