Continue Reading" />

Txanponak poltsikoan

Etiketarik gabe Permalink 0

Haurra nintzela banuen ohitura bat. Aitortzen dut inoiz ez nintzela harekin oso harro sentitu.

Dirua hartzen nion aitari.

Ez zen ezer asko. Kromo batzuk erosteko adina. Erregaliz gorria edo pipa zorro bat.

Lanetik noiz bueltatu itxaroten nuen. Jaka ate atzean zintzilikatu eta komunera eskuak garbitzera joaten zen. Hura zen unea. Eskua jakaren poltsikoan sartu eta inor konturatu baino lehen txanponen bat erreskatatzen nuen.

Edo hori uste nuen nik.

Urteen poderioz jakin bai nuen gurasoek guztia jakiten dutela.

Bitxiena ordea, txanponak inoiz ez zetozela bakarrik zen.

Beti agertzen zen torlojuren bat.

Edo dranbalaren bat.

Edo zirrindolaren bat.

Malguki bat inoiz.

Nik amorruz apartatzen nituen.

-Beti berdin…

Pieza txiki haiek lekua kentzen zuten. Niretzat haietako bakoitzak txanpon bati lekua kentzen zion.

Arratsalde batean guztiak mahai gainean pilatu nituen.

-Begira, ama, hau guztia zeraman aitak poltsikoan! Nola ez ditu ba poltsikoak zulatuko?

Amak begirada altxatu, irribarre egin eta esan zidan:

-Ba bueltatu egin beharko zenizkioke. Agian noizbait beharko ditu!

Nik arnasotsa atera nuen.

Zertarako beharko zuen bat dranbala erdoildu bat?

Nire ustetan ez zuten ezertarako balio.

Aita mahai ondotik pasa zen, pilo hura ikusi eta berriro poltsikoan gorde zituen. Txintik esan gabe.

Sekula ez nuen zergatik galdetu.

Berak ere ez zidan azaldu.

Urteek beren lana egin zuten,

Haurtzaroa joan zen.

Pezetak ere bai.

Eta kontura tu orduko aita ere bai. Joan zitzaigun.

Handik egun batzuetara, isiltasuna baretzen hasi zenean, hantxe zegoen.

Ate atzean zintzilik.

Aitaren jaka.

Poliki hartu nuen. Betiko usaina zuen oraindik. Xaboi, metal eta denboraren usaina.

Aspaldi ez bezala, eskua sartu nuen poltsikoan, baina ez txanpon bila.

Nire behatzek zerbait ukitu zuten. Hotza.

Atera baino lehen ere irribarrea irten zitzaidan.

Dranbala bat.

Bakarra.

Txikia.

Gasta-gasta eginda.

Orindik ere koipea zuen. Lehor eta itsatsita.

Esku barrun eutsi nuen.

Ulertu nuen zergatik agertzen ziren beti txanponen artean.

Ez zuten bere poltsikoan bidaiatzen garrantzitsuak zirelako.

Aitak hainbeste ordu ematen zituen lanean berarekin itzultzen zirela etxera. Konturatu gabe, jarraitu genezan, bizitzan uzten zituen ogi apurrak ziren.

Haurtzaro osoa pasa nuen txanpon bila aitaren poltsikoak arakatzen.

Eta benetako altxorra mespretxuz alde batera botatzen nituen haiek ziren.

Egun lokarri batean lotuta lepotik zintzilik daramat dranbala hura.

Inork ez du usteko ezer esan nahi duenik.

Balorerik gabeko zera bat besterik ez dela.

Aita bizi izan zen artean hartu nizkion txanpon guztiak baino gehiago balio zuen.

Txanpon guztiak kromoak, erregaliz gorria eta pipa zorroak erosten gastatu nituen.

Dranbala hark, ordea, bere lana egiten jarraitzen du.

Bi torlojuen antzera, aita eta biok lotzen gaitu oraindik.

Denborak ere askatu ezin duen oroimen bati eutsiz.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.