Bizitza handiegi geratzen zitzaion.
Ez zuen gogoratzen noiz hasi zen hori sentitzen. Haurra zela agian; eskolan nagusitan zer izan nahi zuten galdetzen zietenean. Besteek berehala altxatzen zuten eskua.
-Medikua!
-Suhiltzailea!
-Futbolaria!
-Albaitaria!
Bera, bitartean, arkatzaren puntari begira geratzen zen, han erantzunen bar ezkutatuta balego bezala.
Irakaslea gerturatzen zitzaionean sorbaldak altxatzen zituen.
-Nik… ez dakit.
Ikaskideek barre egiten zuten. Agian maleziaz. Agian ez. Haurrek ez dute hori desberdintzen jakiten. Barre batek, ordea, urte asko iraun dezake barruan.
Etxean “ez dakit” esateak ere ez zuen laguntzen.
Aita gizon praktikoa zen. Bihurkin batekin eta alanbre zati batekin ia edozer konpontzen zuen.
Ama, berriz, goxo, etxeko agintea zeraman horietakoa.
-Ikasi zerbait serioa -esaten zion-. Bizitza ez dago txorakerietarako.
Berak burua makurtzen zuen.
Txikitan trenak marraztea gustatzen zitzaion. Ezinezko trenak.
Bagoi bat liburutegia zen.
Bestea zuhaitzez betetako lorategia.
Hirugarren batean, sekreturen bat kontatu nahi zutenek bakarrik bidaiatu zezaketen.
Koadernoak betetzen zituen existitzen ez ziren herrialdeen mapekin eta inon agertzen ez ziren geltokiekin.
Egun batean aitak marrazki haietako bat ikusi zuen sukaldeko mahai gainean.
-Polita da -esan zion.
Une batez marrazkiari begira geratu zen.
-Baina horrek ez dizu jaten emango.
Ez zion asmo txarrez esan.
Aitzitik. Babestu nahi zuen.
Horregatik egin zion haibeste min.
Maitasunetik jaurtitako geziak izaten dira sakonen sartzen direnak.
Harrezkero, marrazki guztiak zapata-kaxa batean gordetzen zituen, ohe azpian.
Bizitza handiegi geratzen zitzaion.
Igandetako jaka bezala; anaia zaharraren zapatak bezala; besteek bere bizkarrean, oharkabean, uzten zituzten itxaropen guztiak bezala.
Istitutoan konturatu zen ez zela hain desberdina.
Erabakiak hartzeko motelagoa zen.
Besteek, lagunak, maitasunak eta bideak naturaltasunez aukeratzen zituzten bitartean, berak dena gehiegi pentsatzen zuen.
Eta hitz egokia aukeratzen zuenerako, elkarrizketa amaituta egoten zen.
Miren zuen gustuko.
Ile motza.
Liburuetako bazterretan idazteko ohitura zuen.
Eta barre egiten zuenean jertsearen mahukarekin estaltzen zuen ahoa.
Hilabeteak eman zituen hari zer esan pentsatzen.
-Kaixo.
-Kaixo -erantzun zion Mirenek.
Eta hantxe amaitu zitzaion hilabetetan pilatutako ausardia.
Mirenek, ordea, ez zuen isiltasuna deseroso utzi.
Autobusa iritsi bitartean hitzari heldu zion. Matematikako azterketaz aritu zen.
Euriaz.
Beti tabako usaina zerion filosofiako irakasleaz.
Ez zuten inoiz garrantzia gehiegi zuen ezertaz hitz egin.
Autobusera igotzera zihoala, Mirenek buelta eman eta irribarre txiki bat eskaini zion.
-Eta zuk? Inoiz ez duzu ezer esaten?
Irribarre egin zuen.
Galdera ulertu izan ez balu bezala.
Baina galdera hura urte askotan geratu zitzaion barruan.
Istitutua amaitzean ikasketak aukeratu behar izan zituen.
Egia esan, ez zuen inoiz jakin aukeraketa hura benetan nork egin zuen.
-Horrek etorkizuna dauka!
-Lan segurua izango duzu.
-Hori komeni zaizu.
-Bai, polita da hori, baina zaletasun hutsa.
Orduan ikasi zuen amets gehienak asteburuetarako uzten direla.
Astelehenetik ostiralera, bizitza serioa.
Eta indarrik geratzen bazen, asteburuan, norbera benetan maite zuen horretara hurbiltzen zen pixka bat.
Zerbait “serioa” ikasi zuen.
Lan “serio” bat aurkitu zuen.
Alkandora “serioak” erosi zituen.
Eta ia konturatu gabe, besteen esaldiak bere egiten hasi zen.
-Errealista izan behar da.
-Ez da arriskatzeko garaia.
-Hobe txoria eskuan…
Bizitza handiegi geratzen zitzaion oraindik ere.
Baina ordurako bazekien nola ezkutatu.
Lanean iritzia eskatzen ziotenean, beti berdin erantzuten zuen.
-Zuek erabakitakoa ondo iruditzen zait.
Lagunek planen bat proposatzen bazioten.
-Berdin zait.
Afaltzera nora?
-Edozein lekutan.
Zer ikusiko dugu?
-Zuek erabaki!
Oporretara?
-Emaidazue ezusteko bat!
Besteak eroso sentitzen ziren. Berak, berriz, ez zuen inoiz bere burua agerian utzi behar.
Bere burua agerian uzteak arriskua zuen. Norbaitek bere iritzia gustuko ez izatea gerta zitekeen. Eta horrek beldurra ematen zion.
Horregatik, denborarekin, denek pertsona fidagarritzat hartu zuten.
-Zugan beti izan daiteke konfidantza.
-Zu beti zaude hor.
-Sekulako laguna zara.
Irribarre egiten zuen.
Ez zekien “ez” esaten.
Erruduntasunak leku handiegia hartzen zuen barruan.
Edonorentzat zegoen prest.
Ama medikura eramateko.
Lagun bati etxez aldatzen laguntzeko.
Lanean ordu gehiago geratzeko.
Besteen arazoak entzuteko.
Bereak isiltzeko.
Askotan esaten zioten.
-Santu bat zara.
Denborarekin emakume on batekin ezkondu zen.
Bizitza ona izan zuen.
Ez ikusgarria. Baina lasaia.
Etxe epela.
Fakturak karpeta berean.
Bonbillaren bat izorratu orduko, ordezkoa prest.
Urtebetetzeak ahaztu gabe.
Eta, hala ere, gauero, denak lo zeudenean, logelako tiradera ireki eta koaderno beltza ateratzen zuen.
Ez zuen beti idazten.
Batzuetan aurretik idatzitakoa irakurtzen zuen.
Koaderno hura ilusio handiz erosi zuen urte batzuk lehenago.
Hilabete luzez hutsik egon zen.
Halako batean, orri zuriaren erdian esaldi bakarra idatzi zuen:
“Bizitza handiegi geratzen zait”.
Berehala itxi zuen.
Norbaitek irakur zezakeen beldur balitz bezala.
Eta armairuaren atzealdean ezkutatu zuen.
Aita hil zen.
Amari berriz, mundua pixkanaka txikitzen joan zitzaion.
Lehenego azokara joateari utzi zion.
Gero sukaldean gero eta denbora gutxiago ematen zuen.
Egunak nahasten hasi zen.
Eta azkenerako koilaratxoak zakarrontzira botatzen zituen.
Berak hartu behar izan zuen guztiarenn ardura.
Medikuak.
Errezetak.
Paperak.
Telefono deiak.
Bisitak.
Eta batez ere, pazientzia.
Bitxia zen.
Bizitza osoan zer egin behar zuen esan zion emakume hark, orain geldera bera egiten zion arratsaldero.
-Eta orain… zer egin behar dut?
Ama hil zenean etxea hutsik geratu zen.
Sei hilabetetan inork ez zuen atea ireki.
Pertsianak itxita.
Postontzia iragarkiz gainezka.
Etxe batzuek ere bere dolua egiten dutela ematen du.
Azaro amaieran sartu zuen giltza berriro zerrailan.
Euri xehea ari zuen.
Konturatu orduko hezurretaraino bustitzen duen horietakoa.
Atea ireki zuen.
Usain zahar batek hartu zuen.
Egurra.
Hautsa.
Eta egin berria ez zen saldaren oroitzapena.
Atarian geratu zen.
Giltzak eskuan estututa.
Une batez amaren ahotsa entzutea iruditu zitzaion.
-Kendu zapatak!
Edo aitaren eztula egongelatik.
Baina etxe huts batek nekez itzultzen du inor.
Armairuak husten hasi zen.
Arretaz tolestutako arropak.
Izenik gabeko argazkiak.
Botoi solteak.
Galtzerdi galduak.
Geldik zeuden hiru erloju.
Amaren errosario zaharrean korapilatuta, aitaren betaurrekoak.
Bere gelara iritsi zenean dena bere tokian zegoen.
Ohe estua.
Apalak.
Hormako orbana.
Urteetan estali zuen koadroa lurrean erorita.
Ohe ertzean eseri zen.
Orduan ikusi zuen.
Ohe azpian.
Zapata-kaxa.
Makurtu eta poliki atera zuen.
Bihotza azkarrago hasi zitzaion.
Ireki zuen.
Marrazkiak.
Dozenaka.
Tren ezinezkoak.
Liburutegia zeraman bagoia.
Zuhaitzez betetako lorategia.
Triste zeudenentzat marraztutako bagoiak.
Eta oroitzen ez zuen marrazki bat.
Gizon bat.
Liburu erraldoi bat idazten.
Marrazki guztien artean, letra traketsez, esaldi bat.
“Handitan…”
Lurrean eseri zen.
Ez zuen negarrik egin.
Harritu egin zen.
Ahaztuta zeukan inoiz ametsik izan zuela.
Bat batean urte askotako ahotsak itzuli zitzaizkion.
-Horrek ez dizu jaten emango.
-Zerbait serioa ikasi.
-Ez arriskatu.
-Besteek erabaki dezatela.
-Berdin dit.
Azken hura berea zen.
Hatzarekin marrazkia ukitu zuen.
Orduan ulertu zuen.
Ez zen bizitza handiegi geratzen zitzaiolako.
Ezta bera txikiegia zelako ere.
Urte haiek guztietan bere neurrikoa ez zen bizitza janzten saiatu zelako baizik.
Besteek aukeratutakoa.
Besteek idatzitakoa.
Besteek espero zutena.
Horregatik nekatzen zen hainbeste.
Marrazkien artean bakarra aukeratu zuen.
Liburu erraldoiean idazten ari zen gizonarena.
Kontu handiz tolestu eta jakaren barruko poltsikoan gorde zuen.
Gero etxea husten jarraitu zuen.
Arropak kutxetan.
Argazkiak.
Paperak.
Kanpotik ikusita betiko gizona zen.
Isila.
Arduratsua.
Lanean trebea.
Baina barruan aspaldiko ate txiki bat ireki izan balitz bezala sentitzen zen.
Etxera iritsi zenean armairu atzealdean gordeta zuen koaderno beltza bilatu zuen.
Manta zahar baten eta erabiltzen ez zituen kable batzuen azpian zegoen.
Lehen orria ireki zuen.
Esaldi bakarra zegoen idatzita.
“Bizitza handiegi geratzen zitzaidan”.
Luzaroan begira geratu zen.
Arkatza hartu zuen.
Eta idazten hasi zen.
Hasieran poliki.
Gero azkarrago.
Oroitzapen bat.
Gero beste bat.
Eta hitzak bata bestearen atzetik etorri ziren, urte luzez itxita egon den urtegi bateko ateak ireki izan balituzte bezala. Brausta.
Goizaldea iritsi zitzaion.
Biharamunean lankide batek galdetu zion.
-Gaur ordu pare bat gehiago geratu zaitezke?
Automatikoki “bai” esatera zihoan.
Ohitura.
Arnasa hartu zuen.
-Gaur ezinezkoa zait.
Lankideak burua makurtu zuen.
-Lasai.
Eta beste norbaiti galdetzera joan zen.
Ez zen ezer gertatu.
Horrek harritu zuen gehien.
Lana amaitzean paper-denda batean sartu zen.
Koaderno berri bat erosi zuen.
Azal urdinekoa.
Etxerako bidean lanbroa hasi zuen.
Kale berak ziren.
Semaforo berak.
Espaloi berak.
Jende bera presaka.
Eta lehen aldiz oinetakoak bere neurrikoak zirela sentitu zuen.
Bereak.
Iruzkina uztea