Continue Reading" />

Aigor

Etiketarik gabe Permalink 0

Patxik azken bost urteak adorea pilatzen eman zituen; bost urte Aigor mespretxatzen eta gorrotatzen zuela ametitzeko. Aigorrek Patxiren familiako senide errespetagarria izateari utzi zion aspalditxo, bai eta gelakide erosoa izateari ere. Berrogeialdia aitzakia aproposa zen Aigorri agur esateko. Segurtasun kontua zen. Etxea txikia zen. Denbora gehiegi hain toki estuan hainbeste jendea hara eta hona ibiltzeko. Aigorrek ez zion balio kalera maskota gisa paseatzera irteteko ere. Aigor paretik kendu behar zuen, ezinbestean, nola edo hala, bai ala bai; Ualapop zen konponbidea.

“Aigor izeneko bi metroko Birmaniako pitoia salgai”. Patxik ordenagailuko teklak zanpatzen zituen zeharka logelako bazterrera begiratzen zuen bitartean; han, kristal lodiko tanga barruan, Aigor; ezjakin, edo bai. Izan ere, Patxik beti pentsatu izan zuen pitoitzar hura adimen handiko izakia zela, bera baino pauso bat aurrerago zihoala beti. Sugeak begi bat ireki zuen eta bere nini zorrotzak Igor zeharkatu zuen mehatxari. Aigorren mihi zatibituak zartailu baten gisa tangako kristala kolpatu zuen. Zist. Gose zenean egiten zuen hori. Patxik txistua irentsi zuen.

Patxi, erdi dardarka, ordenagailuko pantaila begiratu eta Ualapop-erako iragarkia idazten jarraitu zuen, bizkarrarekin pantaila estaliz Aigor pitoiak zertan ari zen ikusi ez zezan. Ordu arte idatzitakoa errepasatu zuen. Bere munstro gelakidea maskota adeitsu eta dibertigarri gisa aurkeztu nahi zuen: “Aigorrek afalordua zortzi erditan behar du ezinbestean, bestela bere terrariumetik irten eta bere kabuz heltzen dio bere behar horri”. Baina nahita ere ezin gezurrik esan. Patxik ezin zuen ahaztu Aigor pitoiak etxeratu berritan bere ahizpa txikiaren hamsterra nola irentsi zuen. Patxik hamsterrak ihes egin zuela esan zien guraso eta ahizpari. Orduan salatu izan balu.

Berriro begiratu zuen sugetzarra. Bere begi zartatuek bizkarrean iltzatuta zituen. Patxik kopetako izerdia kendu eta iragarkia idazten amaitu zuen. “Edozein eskaintza onartzeko prest. Edozein”.

Iragarkia igo eta zain geratu zen, erantzunen baten zain. Inoiz iritsiko ez zen erantzun eta eskaintzaren zain. Nork irekiko zion bere etxekoa ateak “bizilagun” berri bati?

Egun herriko kaletan omen dabil hara eta hona. Berrogeialditik ihes egitea pentsatzen baduzue, badakizue hor kanpoan zer aurkitu dezakezuen. Abisatuta zaudete. Ni badaezpada etxean geratuko naiz.

Iruzkinak itxitak daude.