Continue Reading" />

Arraildurak eta pitzadurak

Etiketarik gabe Permalink 0

Akatsak aurkituko dizkidazu. Asko dauzkat. Nik baino hobeto nork jakingo du gaizki dagoena bakarrik ikusten badut? Gertutik ere ez naiz hurbiltzen inolako giza formako perfekziora. Baina inperfekzio honek ematen dit begirada arrunta, hilkorra, topikoa esango nuke. Adin batetik aurrera nire akatsekin harro egoten hasi nintzen. Eta horrela behar du, izan ere badaude arrastoak, oinatzak gainetik kendu ezin ditugunak. Harkaitzetan ez zaizkigu akatsak iruditzen, arrakalak ikusten ditugu, pitzadurak. Batzuetan gogoko ditugu, efektu ederra egiten dutelako. Euria ari duenean euri tantak geratzen diren zirrikituak dira. Arraildura horiek gauzak islatzen dituzte argiari eta euriari esker. Ni ere horrelakoa naiz, baditut nire pitzadurak, nire arraildurak. Tarteka hauek konpontzen saiatu izan naiz, baina alperrik. Egia esan ezkutatze ariketa bat baino ez dugu egiten. Nire akatsak maite ditut, nireak direlako. Batzuetan ikusten dudana idatziz adierazten saiatzen naiz. Ez dut arrazoia izan nahi izaten. Ez dut arrazoia izan beharrik. Ez da arrazoi unibertsala existitzen. Ez dut nahi izaten inor konbentzitzea iritziz alda dezan. Ez dut behar.

Plutonen bizi naizela pentsatzen dut batzuetan. Pluton atsegin dut. Bakardadea dago Plutonen. Bakardade horretan ur tanten soinua entzun dezaket. Inguruan beste planeta batzuk ere ikusten ditut, eta han jendea ere ikusten dut. Tarteka urrutitik agur egiten diet hain bakarrik ez sentitzeko, hori bakarrik.

Ni ere arrailduratan dagoen ur tanta baten distira bat baino ez naiz. Zu bezala, guztiok bezala.  Orain, idatzi dudan honekin nahi duzuna egin. Zakarrontzira bota, edo urdaiazpikoarekin bezala xerrak egin.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.