Continue Reading" />

Bai, esan?

Etiketarik gabe Permalink 0

Garai batean, dei klase hau hasi zenean, “ez, eskerrik asko!” erantzuten nien eta eskegi. Bai, dei komertzialez ari naiz. Batzuetan ordea, bost minuturen buruan hiru dei izaten zirenean, aitzakiak asmatzen nituen. 

“-Afal ordua da eta katua izokinari begira dago, aio”. Adibidez.

Baina azken aldian nire aldartea aldatzen hasi zen. Erabat.

Telefonoz bestaldeko saltzailea bere ikasitako diskurtsoarekin hasi orduko, ni “Bizkaia maite” kantuaren letra errezitatzen hasten nintzen eta “atzo goizean entzun nuen” bota orduko eskegi egiten zidan. Arrakasta izugarria izan nuen taktika honekin. Dei gehienak Espainia aldetik zetozen eta hitz zipitzik ez ulertzeaz gain, asko dakite kostu alderatzeez, kilovatio orduko eta hainbat urteetarako akordioez, baina ezer gutxi “buruan orlegi, bihotzean suaz”.

Baina espero ez duzunean, ttak, saltzaileak badaki euskaraz.  

-“Sua” esan duzu? Ba ez duzu beharko zure etxea berotzeko, energia berriztatzaileez ari naiz, entzun nire eskaintza. Eskegi.

Abizena aldrebesa daukat Ebro azpialdekoentzat. Hori bai,  izenarekin geratzen dira, Segundo, eta betiko txisteari heltzen diote, “nunca primero?” (kar, kar, kar…) Eta nik eskegi, jakina. Eta ez pentsa, bada berriro deitzen duenik deia eten dela esanez. NIK ESKEGI DUT!! Egingo nieke oihu, baina kikildu egiten naiz, agindutako betetzea da beraien lana. 

Eta beti da beste dei berri bat, ahotsa diferentea, horretan ez dute hanka sartzen, eta dei berri horri nik kanta berria. 

“Ni bizi naiz baserrian animalien erdian…”. Jakina badirela beraien kabuz deia eteten dutenak, baina beste batzuk ordea…

-Bizitzeko toki ezin hobea baserria, jauna, baina aseguru on bat beharko zenuke… baserriarentzat, zuretzat, animaliarik baduzu?

Ona, ausarta saltzailea. Baina ni horrelakoetarako prest nago. “Barakaldokoa naiz eta daukat paro obrero…”

Honek jokoz kanpo uzten ditu. Nola salduko diote  ezer langabezian dagoen bati? Pi-pi-pi-pi… Garaipena beste behin ere.

Baina oroitzen dut Jose Angelen dei hura.

“Behin joan nintzen azokara, erosi nuen txakur txiki bat…” Kar, kar, kar… zaila egiten zitzaien txakur txiki baten aitzakian edozein salerosketa-negozio aipatzea, baina ez Jose Angeli.

-Ulertzen dut  zuretzat maskota garrantzitsua izatea, baina ez al da garrantzitsuagoa telefonoko fakturan aurreztea zure maskota horri litxarreriak erosi ahal izateko?

Nik kantu berri batekin erantzun:  “Gu gazte ginadela txalupa guztiak, txakurtxo bat ohi zuten…” Eta bat batean Jose Angelek: 

-“…ontzi barrenean. 

-“Begi erne, abila, ez zen zaunkaria…“ 

-“ihes zihoan arraina harrapatzailea…”

Ona zen Jose Angel, oso ona.

-Eta zure maskotarentzat, Txurikori gertatu zitzaiona gertatu ez dakion, aseguru bikain bat daukadala esaten badizut?

Bi urtetarako aseguru bat erosi nion txakurrarentzat. Gaixotasun eta istripuetatik babesten zuen, bai eta edonori eraso egingo balio ere. Ordutik lagunak gara Jose Angel eta biok. Eta oraindik zalantzatan nago txakur bat etxera ekarri edo ez. Ikusiko dugu, konpainia handia egingo didala txakur batek dio Jose Angelek.

Iruzkinak itxitak daude.