Continue Reading" />

Dantza egingo dugu?

Etiketarik gabe Permalink 0

Nereak gutun-azal bat jarri zidan gosariko katiluaren ondoan.

-Zorionak!

-Bihar da.

-Badakit. Baina bihar egun osoko lana daukat eta arratsaldean ile-apaindegira noa.

Barruan txartel bat zegoen.

Zilarrezkoa zirudien.

Distiratsua.

Oso modernoa.

Iraganera ordubetez itzultzeko txartela. Eguna eta tokia nik aukeratu behar nituen.

Atzealdean ohar garrantzitsu bat zekarren: bidaia nire emaztearen bizitzako urtebeteren truke ordainduta zegoen.

-Zure urtebeteren truke?

-Bai.

-Zoratuta al zaude?

-Ez hasi.

Txartela mahai gainean utzi nuen.

-Zergatik egin duzu hori?

-Aspaldi honetan burumakur ikusten zaitut, ezertarako gogorik gabe.

Katiluari heldu eta kafe-zurrutada bat hartu zuen.

-Gure ezkontza-egunera joan zintezke. Beti esaten duzu ez zarela inoiz egun hartan bezain zoriontsu izan.

Ez nuen berehala erantzun.

-Nahi duzun tokira joan -esan zuen. -Oparia zuretzat da.

Bai. Gure ezkontza-eguna aukeratu nuen. Bazkalostea, zehazki, dantza hasi aurreko tartea.

Txartela trukatzera iraganerako bidaien agentziara joan nintzenean, bidaiaren baldintzak azaldu zizkidaten. Hogeitasei urte atzera egingo nuen eta ordubetez egon ahal izango nintzen han. Orain nekien guztia gogoratuko nuen, baina ezin izango nion inori etorkizunaz hitz egin.

-Eta behin ordubete hori amaituta?

-Itzuli egingo zara.

-Zuek abisatuko didazue?

-Hori da. Bost minutu falta direnean.

Kamera eraman ote nezakeen galdetu nuen.

Baietz esan zidaten.

Jatetxean agertu nintzenean, aita ogi zati bat zapoaren saltsan bustitzen ari zen. Poza eman zidan aita berriro ikusteak. Urteak ziren hil zela.

Haren ondoan geratu nintzen zutik.

-Zer? -galdetu zidan.- Zuk ez duzu jan behar?

Kamera altxatu nuen.

-Begiratu hona, aita.

Ahoa beteta zeukan. Eskua altxatu zidan, itxaroteko. Lehen argazkian begiak itxita atera zen.

Amari ere atera nion. Eta osaba Martini. Biak elkarrekin jarri nituen gero. Lehengusuak deitu nituen. Zerbitzari bati eskatu nion taldeko argazkia ateratzeko.

Nerea hurbildu zitzaidan.

Ederra zegoen. Tarteka soinekoaren behealdea zapaltzen zuen.

-Badatoz musikariak.

-Jarri hor, zure amaren ondoan!

Ama besarkatu zuen.

-Gogoratu guk irekitzen dugula dantzaldia!

-Lasai, bai -esan nion.

Bigarren argazki bat atera nien.

Musika hasi zenean, Nereak eskutik heldu zidan.

-Goazen.

-Bai. Utzi kamera mahaira eramaten.

Orduan aitak deitu zidan. Nire ogia jan ote zezakeen galdetu zidan jaten hasita bazegoen ere.

Barre egin nuen. Haren ondoan eseri nintzen. Osaba Joxerekin eztabaidan hasi zen soldaduskan ezagututako gizon baten abizena zela eta. Aitak Etxeberria zela zioen, osaba Joxek Etxebarria.

Bost minutuko abisua iritsi zitzaidanean, kamera bideo moduan jarri nuen.

-Aita, kontatu soldaduskan patatak zuritzera zigortu zintuztenekoa.

-Ehun aldiz entzun duzu, baina.

-Tira, ehun eta batgarrena. Mesedez.

Jaka ondo jarri zuen.

-Grabatzen ari al zara?

Baietz egin nion.

-Ba hasieratik kontatu beharko dut…

Etxera itzuli nintzenean, Nerea sukaldean zegoen, porruak garbitzen.

-Iepa! Zer moduz?

Kamera mahai gainean utzi nuen.

-Aita ikusi dut.

Txorrota itxi zuen.

-Eta?

-Berdin-berdin zegoen.

Eskuak lehortu eta nire ondoan eseri zen. Argazkiak erakutsi nizkion.

Batzuetan barre egiten zuen; beste batzuetan pantaila ukitzen zuen hatzarekin.

-Begira ama. Zein gazte.

Bideoa jarri nuen. Aitaren ahotsa entzun genuen. Nereak eskua belaunean jarri zidan.

-Haren ahotsa ere ahaztuta neukan -esan nuen.

Soldaduskako pasadizoa amaitu aurretik eten zen grabazioa.

Gero Nerearen argazki bat agertu zen. Mahai ondoan zegoen, zutik, kamerari begira.

-Soineko horrekin ezin nuen arnasa hartu.

Hurrengo argazkira pasatu nintzen.

-Dantza egin al duzu oraingoan nirekin? -galdetu zidan Nereak.

Hatza botoiaren gainean geratu zitzaidan.

-Ez dit astirik eman.

Nereak begiak jaitsi zituen. Gero, altxatu eta harraskara itzuli zen porruak garbitzen jarraitzera.

Biharamunean agentziara joan nintzen. Nereari urtea itzultzeko zer egin zitekeen galdetzera.

-Sentitzen dugu, bidaia eginda dago.

-Kendu niretik.

-Transferentzia egin nahi duzu?

-Bai, horrelako zerbait.

Langileak inprimaki bat atera zuen.

-Ondo da. Zuri urtebete kendu eta hari urtebete erantsiko diogu. Bion sinadurak behar ditugu.

Nire laukian sinatu nuen.

-Hau eginda, nor hilko da lehenengo?

Langileak begiratu egin zidan.

-Nork jakin.

Arratsaldean, Nerea ile-apaindegitik bueltatu berria zen.

-Moztu egin duzu. Ezkontza eguneko orrazkera berdina duzu.

-Horretara joan naiz.

Papera erakutsi nion. Betaurrekoak jantzi eta irakurri egin zuen, berokia kendu gabe.

-Zer da hau?

-Zure urtea berreskuratzeko.

-Zure urtebete emanda?

-Bai.

Nire sinadurari begiratu zion.

-Nik ez dizut urtebete eskatu.

-Badakit, baina itzuli egin nahi dizut.

Papera mahai gainean utzi zuen.

-Eta urte horretan zer egingo dut zu gabe?

-Horrek ez du esan nahi ni lehenago hilko naizenik.

-Ezta geroago ere, ezta?

Aulkian eseri nintzen.

-Gorputz txarrarekin geratu naiz.

Berokia erantzi zuen.

Luze egon ginen isilik. Papera bion artean zegoen. Nereak tolestu eta gutun-azalean sartu zuen.

-Lasai egon.

Altxatu eta eskua luzatu nion.

-Zer? -galdetu zuen.

-Dantza egingo dugu?

Begiratu egin zidan.

-Orain?

-Orain.

Zapatak kendu zituen, bata bestearen laguntzaz. Gero eskua eman zidan.

-Musika falta -esan nion.

-Ba kantatu egingo dugu dantzatu bitartean.

Gerritik heldu nion. Bi pauso eman genituen hozkailurantz, eta beste bi atzera.

Bi pauso berriro sukaldeko mahairantz, eta beste bi korridoreko aterantz.

Bi pauso logelarantz eta beste bi…

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.