Hona hemen garai guztien gainetik aurrera egin duen arte ilun bat: odontologia, dentistak bai.
Izan ere, nola da posible zientziak eta teknologiak aurrera egin duten bezala aurrera eginda, erdi-aroko torturen itzalean bere horretan jarraitzea?
Ondo begiratuta zerbaitetan aurrera egin dute bai; ahoa ireki eta despistatzen bazara zenbatezinak dira ahoan sartuko dizkizuten trasteak!
Aizue, eta zergatik dentistek beraien “lantxoa” egiteko tortura-aulki horretan eseri arazten zaituzte oinak buruaren gainetik jarrita? Odola da erantzuna. Odola nahi dute, odola bor-bor hor goian, tira hor beran, orain burua eta ahoa beran daudelako.
Beste gauza bat. Ez al dira konturatzen, hortxe etzanda zaudela, ahoa zabal zabal eginda, eta barruan taladro moduko hori tarraka-tarraka dutela alferrik dela elkarrizketa bat abian jartzea? “Eta, zer moduz bestela? Aurrekoan zure anaia ikusi nuen… hura non bizi da? Reala ondo, ezta?” Ez al dira konturatzen ezin dugula erantzun!!!??? Fisikoki ezinezkoa da! Baina berdin zaie. “Azkenean hotza iritsi da, e?”
Nire azken bisitan hortz bat konpontzera joan nintzen. Baina ez inongo arazorik ematen zidalako edo minez nengoelako, konponketa bat behar zuelako baizik. Hautsi egin zitzaidan hortz bat zen. Baina ez gozokiak jateagatik edo lehengusuak ehizatutako usoa jatean berunezko perdigoi bati kosk egiteagatik, ez, aurreko bisita batean taladroak ihes egin eta ondoko hortzean krask egin zidalako baizik.
Imaginatu. Hantxe. Tortura aulkira “lotuta”. Esan bezala buruz behera, ahoa zabal-zabalik eta zain, urduri, izututa bai. Derrepente aspiragailuaren zarata zrup-zup-zup-zup jakizu zer xurgatzen. Eta pentsamendu horretan nagoela begi-bazterretik hodi luze bat gerturatzen somatzen dut, luzea, oso luzea, non amaitzen den ikusi ere egiten ez dena. Hura ere zrup-zup-zup-zup, eta keinu bakar bat egiteko betarik gabe xiringa zorrotz eta luze baten distirak itsutzen nau. Begiak itxi eta zast. “Zer moduz?” Nola galdetu dezakete hori? Ez al dute ikusten egoera horretan hitzik esateko gai ez garela? Badakite bai. Jakina dakitela. Baina hortik aurrera ezereza. Nirekin alferrik gastatzen dute anestesia, beti zorabiatzen bainaiz ezinbestean xiringa zorrotz distiratsua ikusi eta berehala.
Haluzinagarria da egoera horretan burutik pasatzen diren pentsamendu guztiak. Baina horiek beste baterako utziko ditugu.
Konortea berreskuratzen hasterako ahoa husten ari zaizkizu. Bat, bi, hiru… kontua galdu egiten duzu! Ahoan lantresnak sartu dizkizutenean ezin izan dituzu zenbatu eta are gutxiago ateratzerakoan. Eta orduan dator tortura sesio horretako unerik… unerik…ziur naiz dentisten unerik dibertigarriena dela, beraiena, gurea berriz lotsagarriena. Tira, plastikozko edalontzi zuri bat eman eta “ahoa garbitu!” esaten dizutenean. Apostu egingo nuke dentista titulua jaso baino lehen pasa beharreko azken froga dutela. Bezeroa tonto aurpegiarekin eta lokartutako ezpainen artean ura dariola daudela barreari eustea. Beraiek badakite ezinezkoa dela. Badakite ahoa gorputz-atal bizigabe bat dela une horretan eta ezinezkoa dela “ahoa garbitzea” tonto aurpegia jarri gabe, baina hala ere “ahoa garbitu!” esaten dizute.
Ziur nago une horretan dentista eta erizainaren artean begiradak gurutzatzen dituztela “begira tentel hau, gaurko tonto aurpegien sailkapenean bigarren jarriko dugu!”
Ene bada, txapelduna banintz sikiera!
Iruzkina uztea