Continue Reading" />

Eginbeharrak

Etiketarik gabe Permalink 0

Heriotzak bere agenda errepasatu ondoren betozkoa ilundu zuen.

-Aldapetako Joxe berriro nire zerrendan?

-Ez ni begiratu! -erantzun zion idazkariak azazkal zorrotzekin txiklearekin eginda zuen puxika haustearekin batera. -Oraintxe gehitu dut, bai.

-Baina zergatik jarri duzu Aldapetako Joxe gaurko? Aurreko astean bisitatu nuen, ezin al du egun batzuk itxaron?

-Esan dizut, nik programatu egiten ditut bakarrik. -Idazkariak txiklea ahotik atera eta iletxo bat atera zuen ahotik.

-Eta datorren urterako utziko bagenu? Badakizu zein lanpetuta nabilen azken aldian. Gerran dabiltzan axolagabe horiek direla, gripea dela eta lehertzear dagoen sumendiarekin ezin iritsita nabil!

Txiklea ahora sartzera zihoan baina zorrotz begiratu zuen bere nagusi heriotzari.

-Sumendi bat lehertzear? Beti azkena naiz gauzak jakiten etxe honetan!

-Ba bai, zirkularra aurreko astean zabaldu zuten, baina hori ez da kontua!

Idazkariak txiklea ahoan sartu eta mastekatzen jarraitu zuen.

Orduan, zein da kontua?

-Kontua da nekatuta nagoela. Lan gehiegi daukat azken aldian. Urte asko eramaten ditut lanbide honetan, lehen ondo zegoen, dibertigarria ere ba zen batzuetan, primeran pasatzen nuen tarteka, baina azken aldian, eromen honek jarraitzen badu, utzi egin beharko dut.

-Utzi? Kar-kar! Badakizu ezin duzula hori egin!

Heriotzak esekitokitik bere kapa beltza hartu eta sorbalda hezurtsuen gainera bota zuen.

-Bai, badakit, ez daukazu gogoratu beharrik! Barruak husten ari naiz. Baina benetan bisitatu behar dut Aldapetako Joxe gaur?

Idazkariak kafez zikindutako teklatuan tikli-takla hasi zen begiak erdi itxiz ordenagailuko pantaila begiratuz.

-Hemen dioenez, Joxe horrek pikante gehiegi jan du azken aldian komeni ez zaiola jakinda ere, badirudi lanetik bota dutela azken aldian komunera joan eta lo hartzen zuelako eta edarian aurkitu omen du kontsolamendua. Zuk erabaki zer egingo duzun?

Heriotzak gela osoa zeharkatu zuen kristal lodiko betaurrekoak poltsikotik atera eta idazkariaren atzean jarrita sorbalden gainetik ordenagailuaren pantaila begiratu zuen.

-Madarikatua! Hori guztia dakizu gizajo horri buruz?

-Teknologia ez al da miragarria?

Ba hain miragarria bada, ezin al diozu Aldapetako Joxeri azken aukeratxo bat eman? Datorren urte-arte bakarrik!

-Ez!”

Idazkariak zerbait idatzi zuen, ondoren berriro begiak estututa pantaila begiratuta esan zion.

-Zure azken aukera da gainera, zigorra jasotzeko zorian zaude! Begira.

-Urte oso bateko zigorra? Soldata eta ekonomaturako deskontu txartelik gabe?

Heriotzak bere esku txankilak bere kopeta zabalean jarri zuen.

-Txantxa bat behar du honek, txantxa astun bat!

-Ba ez, zure begiekin ikusi duzu!”

Burumakur eskua oraindik kopetan zuela aterantz abiatu zen marmarka.

-Zigorra! Zoratuta gaude! Hainbeste urte enpresa honen alde lanean eta huts bakar batengatik zigorra? Ba bisitatuko dut berriro Aldapetako Joxe hori, baina ziur nago ez dela etorriko, jakizu! Betiko erantzuna emango dit, betiko koplak eta betiko dantzak! Prest ez dagoela, ez ninduela inondik inora espero… Eta konturatzerako agure kabroi horrek etxetik botako nau, aurreko urtean bezala, eta aurrekoan eta aurrekoan!

-Hamaiketakoa prestatu dizut! – esan zion zakote-ontzia emanez. -Lana da, zure lana, zure eginbeharra, zuk egin beharrekoa.

Eta heriotza bulegotik irten eta eskailera mekanikoan gora abiatu zen marmarka oraindik ere.

-Bai bai, nire eginbeharra; guztiok daukagu eginbeharren bat!

Iruzkinak itxitak daude.