Continue Reading" />

Eztakit

Etiketarik gabe Permalink 0

Eztakit munstro bat zen, edo da. Izatez munstroa delako, baina tira, gero gerokoak. Munstroa nire ohe azpian bizi zen. Gauero, lo nengoela, munstroa nire ohe azpitik irteten zen, besoak bere buru itsusi baino itsusiagoaren gainetik altxatu eta aaaaaaarrrrggggghhhhh!!! Orro izugarri bat botatzen zuen, odola ere izozteko moduko orroa. Ni, jakina, esnatu egiten nintzen, begietara begiratzen nion, bere begi gorri argitsuetara eta horrela esaten nion.

“Aizu, isildu zaitez, edo baxuago egin orro! Lo egin nahian nabil! Bestela ere nahiko kostatzen zait ba begiak biltzea! Zoaz berriro ohe azpira, armairura edo zatozen tokira. Irakurri, ardiak zenbatu, musika entzun, sudokuak egin… baina egiten duzuna egiten duzula… egon isilik! Lo egin nahian nabil!” Besoak jeitsi eta otzan eta apal ohe azpira erretiratzen zen.

Horrela aritu ginen gauak joan eta gauak etorri. Egunak joan eta egunak etorri. Asteak joan eta asteak etorri… Nekatu zen arte. Konturatu zen arte. Egun batetik bestera norabidez aldatzea erabaki zuen arte. Joera aldaketa bat. Gau hartan lo hartu nuela pentsatu zuen arte itxaron zuen, beti bezala, ohe azpitik irten, suabe, poliki, gozo-gozo nire pareraino etorri eta…

“Gabon” xuxurlatu zidan belarrira.

Berak horrela uste bazuen ere, ez nengoen lo.  Begiak ireki nituen.

“Tira, azkenean konturatzen hasi zara! Ez da gutxi! Pozten naiz” esan nion.

Munstroa nire ohe ondoan eseri zen.

“Bai, hala da, baina ez dakit badakizun edo ez, baina ni munstro bat naiz, eta historiak, liburuek, tradizioek diote munstroek izua zabaltzen dugula… begiratzen duzun tokian begiratzen duzula, bai eta interneten ere argi eta garbi ikusiko duzu… zuk nire beldur izan beharko zenuke!”

Nik ez nuen munstroa mindu nahi, baina jakin behar zuen. Jakin behar zuen ez zuela beldurrik ematen, ez zuela izurik zabaltzen. Horretarako sena behar zen, eta argi zegoen bere bihotza, jarrera, burua, dena delakoa ez zegoela prestatuta inor beldurtzeko. Are gutxiago ni beldurtzeko. Horixe behar genuen!

Musntroak orro egin zuen, ozen, leihoetako kristalek ere dar-dar egin zuten, baina nik ez. Bere begi gorri argitsuek distira egin zuten, logela guztia gorriz tindatzeko lain.

“Uztazu! Saiatuta ere ez duzu lortuko! Biok dakigu munstro itxura baduzu ere, ez zarela munstroa! Ni ez nauzula izutzen!”

Munstroak hasperen egin zuen, triste jarri zen, buru makur.

“Lasai egon” esan nion, irribarre ere egin nion, eskua heldu ere bai, “lagunak izan gaitezke… zein da zure izena?” galdetu nion.

“Eztakit” esan zidan.

“Nola ez dakizula? Jaio zinenean etxekoek izenen bat jarriko zizuten ba… amak, aitak, anai arrebek… nola deitzen zintuzten?” Munstroari ezin egona sartu zitzaion. Urduri jarri zen. “Eztakit!”

Nik barre egin nuen, baina izena hura bazuen zer esango nion ba nik? Ez dakit Eztakit izen bat izan zitekeenik ere, baina zer demontre!

“Zoragarri, Eztakit… nire laguna izan nahi duzu?”

Eztakit-i malko batek ihes egin zion, bai, ikusi egin nuen; nahiz eta bere begi gorri distiratsutik ihes egin eta berehala bere atzaparrarekin lehortu. “Bai” erantzun zidan.

“Ondo da” erantzun nion, “orain etorri zaren bidetik segi berriro ohe azpira, egizu lo, gezurra badirudi ere gauak lo egiteko omen dira eta, eta bihar, esnatutakoan parkera joango gara nire lagunak ezagutzera. Deseatzen nago nire lagunen aurpegiak ikusteko! Haiek bai izutuko direla, edozerekin izutzen dira eta! Ederki pasako dugu. Ziur nago lagun handiak izango garela aurrerantzean.”

Eztakit ohe azpira labaindu zen. Aurrerago jakin nuen betidanik izan nintzela bere gustukoa, berak esan zidan, eta zer esango dizuet ba nik, nire gustukoa ere bazen bera. Seguru aski horregatik ezin ninduen izutu eta horregatik ez nintzen izutzen.

Zin egin nion, nengoen lekuan nengoela, beti izango zela tokitxo bat nire ohe azpian beretzat, nire lagunarentzat.

Gaur egun nire ohe azpian jarraitzen ote duen? Eztakit!

 

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.