Continue Reading" />

Gin-tonica ontzi zabalean!

Etiketarik gabe Permalink 0

Emazteak asalduraz deitu zionean, Alfredo berehala irten zen sukaldetik. Ziur zen Maiteren, emaztearen asaldurak esperimenturen batekin zuela zerikusia. Beti saiatu izan zen emaztearen esperimentuekiko interesa erakusten nahiz eta ezagututa ere ezer ulertzen ez zuen.

-Bai, Maite, zer duzu? –galdetu zuen emaztearen lan-txokora iristean. –ikerketa ondo al doa? Berririk?

-Amaitu dut… amaitu dut! Begira!

Alfredo harri eta zur geratu zen bere aurrean kutxa lauki zuzen arrunt bat ikusi zuenean. Asteak, hilabeteak ikusi zuen emaztea lanean, baina inoiz ez zuen zer zen galdetu, zer suposatzen zen zela… une hartan ere, amaituta ere, ez zion ezeren antzik hartzen.

-Kutxatxo hori? Horretan haritu zara lanean denbora hau guztia? Kutxatxo horretan? Banoa sukaldera, tipulak sutan dauzkat…

-Kutxatxo bat? Begiratu gertuagotik, Alfredo, ez al duzu ikusten?

-Hor duen argazki hori?

-Horixe bera! Ikusten al duzu? Mugitu egiten da! Ikusten?

-Ba bai, ikusten dut! Laua, zuri-beltzean, oso txikia… telebistatxo baten itxura du! Telebista bat, aditu duzu, aspaldi asmatu zuten! Guk egongelan duguna ez da azken modelo bat, baina zure hori baino hobea da!

-Kar, kar, kar… ai ene Alfredotxo! Badakit gure telebistek irudi 3Dn ere ematen dituztela, estereoan entzun daitezkeela, usaina ematen dutenak ere ba omen daudela… baina…

-Bai –eten zion senarrak – ukimena ere barneratuta duen modelo bat atera omen dute, zuk uste horrelako bat erosi dezakegula? Telebista ikustea zirraragarriagoa litzateke… imajinatu, film baten erdian, ukituz, usainduz…

Maitek kokoteko bat eman zion Alfredo bere amets horretatik atera arazteko.

-Alfredo! –egin zion garrasi. –Hau ez da telebista bat, ez da denbora pasarako traste arrunt bat! Hau transmisio estralurtarren errezeptore bat da, Truxtia planetakoak transmisioak bereziki!

-Trustia? Zertaz ari zara? Ez dago izen hori duen planetarik!

-Trustia ez, Truxtia!

Maitek irribarre egin zuen senarraren ezjakintasuna ikusita.

-Ez dago gure eguzki sisteman, bihotza…Truxtia Bondolian sisteman dago. Duela urte batzuk semeak ohe azpian duen teleskopiotik begiratuz aurkitu eta interesa piztu zidan. Eta ba dakizu zer deskubritu nuen?

Alfredok bazekien galdera erretoriko zela eta emaztea itxurazko arretaz begiratu zuen bazekielako hizketaldi luze bezain ulertezin baten aurrean zegoela.

-Kointzidentzia harrigarri bat da. Bondoliak eguzkiaren tamaina berbera dauka. Truxtia hirugarren planeta da bere eguzki sistema horretan, lurra bezala. Lurraren iguala da ia gauza askotan, Bondoliarekiko distantzia lurrak eguzkiarekiko duen berdina da, bere diametroa, pisua, dentsitatea… guztia bat dator. Hotz-beroa, atmosfera, igual igualak… eta gauza guztien gainetik inportanteena, lurraren abiadura berdinean egiten du bira!

Alfredo bere pentsamendutan murgilduta zegoen. Zein zaila egiten zitzaion zientzialari handi batekin ezkonduta egotea eta bere gauzetan benetako interesa eta ulermena erakustea.

-Eta? –galdetu zuen aharrausi egiteari eusten saiatzen zen bitartean.

-Ez duzu ikusten? -Senarrak interes eskasa erakutsi arren Maitek irrikaz eman zizkion azalpen guztiak. – Konbentzituko banitu… ikerketa luze baten ondoren, Truxtia planetatik irteten ziren izpiak deskubritu nituen, eta horregatik sortu nuen errezeptore hau. Orain badakit arrazoia dudala. Begira jendea pantailatxoan… gure igualak dira, lur planetakoak izan zitezkeen, ezta?

-Zer da kutxa hori?

-Esan dizut ba, hau transmisio estralurtarren errezeptore bat da, Truxtia planetakoak  bereziki! Dena den ez nago ziur transmisio horiek zer diren… entretenimendua izan daiteke, edo Truxtiako bizilagun guztiek bakoitzak duen errezeptorearekin jasotzen duten formakuntza online bat… ez dakit, ez nago ziur…

-Tira, entretenimendua bada… argi dago gu baino askoz oinarrizkoak direla!

-Bai, entretenimenduari dagokionez bai, seguruenik. Eta agian beste guztian ere bai. Baina hori argitu beharko dugun zerbait da, hantxe bertan.

Orduan konturatu zen Alfredo Maitek hizketaldi hori botatzeko arrazoi argi bat zuela.

-Horra gora igotzeko asmoa duzu kasualitatez? –bere ahotsa dardarka hasi zen.

-Bihotza, -esan zion Maitek samurtasunez eta pazientzia handiz – ez zabiltza hitz egokiak erabiltzen ari. Badakit gora joatea dirudiela, baina baliteke gora izan beharrean, eskuinera, ezkerrera… beste dimentsio batetara izatea… hemen egin nitzakeen ikerketek ez dute gehiagorako ematen, hemendik aurrerakoak bertan egin behar dira.

Alfredo hitzik gabe zegoen, txundituta, zurtuta. Ohituta zegoen emazteak bere ikerketak zirela eta, tarteka etxetik kanpo denboraldiak egitea, baina honek beste itxura bat zuen.

-Ezin zara izen arraroko leku horretara joan! Ez dakizu ezer haietaz… agian ez dira gure modukoak!

-Begira argazkia, Alfredo… gu baino txikiagoak dirudite! Ez dirudi arazo handirik izango nukeenik, ezta?

-Irudi bat baino ez da! Eta gu baino askoz handiagoak balira?

Maitek burua astindu zuen. Berak ere bazituen bere zalantzak.

-Nirekin ezkondu zinenean bazenekien nire mundua ikerketak zirela, lekuan bertako ikerketak, zergatik zaude oraingoan hain kontra? Inoiz ez duzu hainbeste zalaparta sortu…

-Agian gure eguzki sistematik haratago joan nahi duzun lehen aldia delako?

-Hori ez da hórrela, bihotza… gogoratzen duzu duela bi urte aritu nintzen gobernuaren egitasmo hura?

-Ez zuen zerikusirik!

-Bai, badakizu baietz. Maika eta biak batera gaude honetan, biak batera berriro, beste askotan bezala. Biak gara zientzialariak, biak astronautak. Ez itzazu oztopoak jarri.

-Eta nola hitz egingo duzu bertakoekin?

-Ba hortxe dugu koxka bat! Gure komunikazio eta formazio gailuek ez dute inoiz arazorik izan gure eguzki sistemako beste hizkuntzak deskodetzeko, baina oraingo honetan zailtasunak izan dituzte, Truxtianera ez da hain samurra…

-Nik irudia ikusi dut… -kezkatu zen Alfredo –baina ez ditut hizketan entzun…

-Arrazoia duzu, ahotsa kendu diot ulertzen ez dugulako… arraroa delako, oso… entzun…

Maitek interruptorea sakatu zuen eta bat batean lan-txokoa Alfredok bere bizitza osoan entzun gabe zituen hots eta zarata arraroez bete zen.

-Itzali hori, itzali hori… jasan ezina da! –egin zuen oihu belarriak eskuekin tapatzen zituen bitartean – Seguru zaude hizkuntza hori ikasi nahi duzula?

-Hasita nago, baina ez da hain erraza. Lehen esan dizudan bezala gure komunikazio eta formazio gailuak ez dira oso lagungarri. Bizpahiru esaldi deskodetzea lortu dute, behin eta berriz errepikatzen direnak. Ez dakigu esan nahia zein den, baina Maikak eta biok ikasi egin ditugu lehen topo egitean erabiltzeko, agur moduan. Ziur naiz beraien hizkuntza erakutsiko digun inor aurkituko dugula, gure hizkuntza ikasi nahi duen norbait. Entzun,  entzun eta esan zer iruditzen zaizun nire ahoskera…

Alfredok emaztea hots eta zarata haiek ahoskatzen hasi zenean ero moduan jarri zen. Emaztea bigundu egin zen, eta zin egin zion Truxttiatik bueltan ilargira joango zirela bi astez oporretan.

Editoreak begirada altxatu zuen.

-Sentitzen dut ba, gazte… baina ez dugu interes berezirik horrelako istorioetan.

Gaztea urduri zegoen bere parean, aulki deseroso batean.

-Baina nire bizilagunak, zure lagunak… ona dela esan zidan, zure aldizkarirako…

-Nire lagun horrek, zure bizilagunak… -esan zuen editoreak –…oso gin-tonic ederrak prestatzen ditu, nireak baino hobeak… badakizu zergatik? Bera tabernaria delako eta ni editorea naizelako. Dena den badu zertan hobetua hark ere!

Gaztea, burumakur altxatu eta aterako bidea hartu zuen. Ateko eskutokia heldu eta azken galdera egiteko jiratu zen.

-Barkatu… baina esango zenidake behintzat ze arazo duen? Agian gustuko ez dituzun gauza horiek aldatuko banitu…

-Ba begira, esango dizut… nik aukeran ontzi zabalagoan aterako nuke gin-tonica!

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.