Continue Reading" />

Haurtzaintzan

Etiketarik gabe Permalink 0

Josuk haurrak gorroto zituen. Bere hitzetan “haurrak pertsona helduak arazoetan sartu arazten dituzten izaki txiki higuingarriak” ziren. Jakina bera ere haurra izandakoa zela, baina aspaldi. Bere ustetan.

Gogoan dut nola bizilagun batek mesede bat eskatu zion txanpon batzuen truke. Gatibuk, haiek ere gorroto zituen, herriko plazan jotzen zuen eta emaztearekin joateko asmoa zuen bizilagunak. Hori bai, Josuk mesedetxoa egiten bazion. Inoiz ez zuen haur baten gobernua bere gain hartu, baina txanpon haiek merezi zuten ahalegina.

6 urte besterik ez zituen “kakanarruak”. Ez zuen harekin inolako eztabaida, berriketaldi, harremanik nahi. Afaltzen ere ez ematea erabaki zuen aldez aurretik. Bere plana gurasoek alde egin eta berehala mukizua oheratzea zen.

Ondoren bizilagunak hozkailuan zituen garagardo, bat, bi, lau edo zazpi hartu eta netflixi zukua ateratzea zen bere asmoa. Baina ez zituen haurrak ezagutzen. Berehala hasi zen deiadarka bere gelatik. Zer nahi zuen? Zer nahiko zuen ba. Ipuin bat kontatzea.

Josuk asko jota komunean zegoenean xanpu potearen atzealdeko letrak begiratzen zituen, baina zer erremedio. Ipuina irakurri edo akabo garagardo-netflix festa.

Zer irakurtzea nahi zuen galdetu zion. Honek ohe azpitik betiko ipuin klasikoen liburu mardul bat atera zion. Txanogorritxo. Hori irakurtzeko eskatu zion.

Josuk irribarre egin zuen. Txanogorritxo? Buruz zekien ipuin hura, baina bere ukitu propioa emango zion, 2020ko bertsio modernoa asmatzea pentsatu zuen. Ondo pasatuko zuten.

Txanogorritxo basora ezkutatzera joan zela kontatu zion, poliziarengandik ihesi. Banku baten lapurreta leporatzen zioten. Bere amona baso hartan bizi zen, marihuana plantazio bat zuen eta bailarako banatzaile ezagunena zen, landetxea non zuen inork ez bazekien ere. Txanogorritxok bai, jakina. Haren bila joana zen, bere landetxean gorde nahi zuen lapurretaren zalaparta pasa bitartean. 

Josu kontakizun horretan zebilela, haurrak otsoaren berri eskatu zion. Non zegoen otsoa?

Hainbeste erakarri zion Josuri Txanogorritxo eta bere amonaren istorio berri honek otsoarekin ahaztu zela. Otsoa non zegoen? Ba Txanogorritxok zuhaitz baten atzean ezkutaturik ikusi zuela esan zion. Isilpean, hark ikusi gabe gerturatu eta zein begi handiak zituen oihukatuz sekulako sustoa eman ziola. Otsoak Txanogorritxori ez, Txanogorritxok otsoari. Azken honek jauzi batean alde egin zuen izuturik. Handik gutxira berriro ikusi zuela, oraingoan ere zuhaitz baten atzean makurturik. Berriro gerturatu eta orain bere ahoaren tamaina neurrigabea aipatu zion, deiadarka jakina. Otsoak izututa alde egin zuen berriro ere.

Txanogorritxo eta amonaren istoriora bueltatzeko asmoa zuen Josuk, Txanogorritxo gazteagotan droga trafikatzaile izan zela hiru txerritxoekin batera, orain lapurretan lagundu diotenak. Edurnezuri hiltzailearen alaba sekretua ere bazela. Marierrauskin Estatu Batuetako jatorria zuten langile esplotatzailearen bazkidea. Baina ez zion hori guztian sakontzeko betarik eman. Mukizuak lo hartu zuen.

Orduan bai, orduan garagardoei heldu eta larruzko sofa gainean bota zuen gorputza netflixi sua emateko asmotan.

Hurrengo egunean, bere etxean esnatu zenean harro zegoen. Mutikoa ederki gobernatu zuela, eta zergatik ez, agian beste egunen batean txanpon batzuk irabazteko modu erraz horri heltzeko aukera izango zuela. Baina ez, derrepente dei bat jaso zuen. Bizilaguna zen. Bere semeak marihuana landa bat zuen Txanogorritxoren amonaren kontua nondik atera zuen galdetu zion; banku bat hiru txerritxoekin batera lapurtu zuela; eta otsoa zuhaitz baten atzean zergatik ezkutatzen zen galdetu zion. Josuk txistua irentsi eta otso gaixoa zuhaitzaren atzean kaka egin nahian ezkutatzen zela erantzun zion. Bizilaguna ez zuen konbentzitu. 

Ez zioten gehiago deitu.

Hori bai, mutiko kakanarrua zain izan zuen hurrengo egunean atariko eskailera atzean. Ipuinean, otsoa zergatik zegoen zuhaitz atzean makurtuta jakin nahi zuen. “Zertan egongo zen ba?” bota zion Josuk, “kaka egin nahian. 7 arkumetxoak jan ondoren lehor lehor eginda geratu zen. Erabat idortuta”.

Iruzkinak itxitak daude.