Continue Reading" />

Ihesaldi eguna

Etiketarik gabe Permalink 0

Beraien gorputzak ohe gainean erortzen entzuten dudanean, horixe da unea; logelara sartu eta nire begiak koltxoiaren gainean kokatzen ditut. Orduan adi-adi begiratzen dut.

Beren begiak nireekin gurutzatzen direnean ohe gaineko “jolasa” eten egiten da.

-Ezin dut! -esaten du neskak- ezin dut hor jarrita guri begira badago!

-Ez digu enbarazurik egingo… begira nola nagoen! -erantzuten dio nire nagusiak hankartea erakutsiz.

-Ba nik ezin dut, kito!

-Txakur zaharra!

Ohetik altxa, lurrean dauden kuxinekin estropuz egin, ni lepotik heldu eta etxetik kanpora ateratzen nau. Etxeko atea danbateko batekin ixten duen unean, ziup! Hesi azpian zulatu dudan pasabidetik alde egiten dut.

-Askatasuna!

Basatia sentitzen naiz une horretan, auzoan zehar korrika, inork atzetik tira egin gabe, garrasirik bota gabe. Ahotik lerde aparduna, belarriak hegoak bailira dantzan eta buztana… tira, buztana ez, gure arrazakoek ez daukagu, beno bai, badaukagu maina motza, laburra.

Lore, setter handiustearen lorategira sartu naiz, baina haren nagusiaren aurpegi zimurtua leihotik begira ikustean etorritako bidea desegin eta auzora etorri berri den frantziar kanitxe bati bisita egitea erabaki dut. Jabeak hiltzaile itxura dauka, baina badakizue, zakur zaunkalariak hozkadarik ez. Azken astean kanitxe horren atzealdea usaintzea amestu dut. Zaunka egin dut eztarria urratu arte, baina han ez da kanitxerik, non ote da mon amour?

Aurrera egin dut, mantsoago orain. Hainbeste usain dago inguru honetan, usain gozo, usain hordigarri. Semaforoan argi uzten du Gau huskyak inguru hori berea dela. Etxe urdinean bizi den amonaren artzain txakurrak, Ustelek, aspaldi ditu arazo gastrikoak. Xalto pitbula, beldurgarri bezain zikina da. Tira, bera edo bere nagusia. Betiko zalantza.

Ba usain festa horretan nik ere nire arrastoa utzi dut bazter guztietan. Farola, postontzi, lorategi, zuhaitz eta zakarrontzi orotan. Nire txangoa plaza ondoko jatetxearen atzeko ateko zakarrontziaren ondoan amaitzen dut. Belauniko.

Horretan nabilela, belarriak tente jartzen zaizkit. Seko geratzen naiz lekuan. Hots hori nahasezina da. Iñakiren land rober zahar herdoildua da. Nik ardi gazta hondar, oilasko azal eta ogi koskorrak lardaskatzen ditudan bitartean han agertzen da bera. Jakiten du horrelakoetan ni non aurkitu. Land Roberra gelditu, jaitsi eta bata bestearengana maitaleen moduan korrika abiatzen gara. Kamera geldoan ia, arratsaldeetan telebistan botatzen dituzten film lazgarrietan bezala. Berak besoetan hartzen nau eta errieta botatzen dit beldurtu egin dudalako. Musukatu egiten nau.

Tira, maite ditut halako ihesaldiak tarteka.

Irrikatan nago nagusiak hurrengo zita noiz izango.

P.D. Ah! Goiko argazkikoa ni naiz, Zapo! Ederra, ezta?

Iruzkinak itxitak daude.