Continue Reading" />

Jeinu baten bisita goiztiarra

, , Permalink 0

Goizero goizero orrialde zuri berri bati egiten diot aurre. Jaiki eta egiten dudan lehen gauza ordenagailua piztea izaten da. Dokumentu zuria ireki, berria alegia eta gosaria prestatzeari ekiten diot. Beti berdina: laranja zukua, baserriko ogia xigortuta olio txorrotada batekin eta kafea. Ez dago gaizki ezta? Prest daukadanean irratia pizten dut; gosaltzen dudan bitartean 6etako albisteak datoz. “Goizeko 6rak dira. Euskadi Irratiko informazio zerbitzuak. Goiz kronika.” Eta orrialde zuriari begiratzen diot.

Baina ez, gaur ez zegoen zuri, tira ez da egia osoa, dokumentua bai, zuri zegoen baina pantailaren erdian mezu ezezagun bat agertu da. Ez zen beti erabiltzen dudan courier letra. Eta ez zen 12 tamainakoa, handiagoa zen, koloretakoa, kolore askokoa, letra bakoitza kolore desberdin batekoa, baina arraroena mezua zen: “3 desio emango dizkizut!” Ahoan nuen ogi zatia hortxe geratu zait, ez atzera eta ez aurrera. Zer zen mezu hura? Baina informazio hura  ogiarekin batera irentsi bitartean beste mezu bat agertu da. “Ados bazaude emaiozu enter-i!” Harridurak bere atzaparretan harrapatu nau. Ez nekien zer egin. Birus arraro berri horietako bat agian? Spam-a? Mezu berri bat irten da: “Azken aukera duzu, zure 3 desioak nahi badituzu emaiozu enter-i”. Azken mezu hau jakina letra askoz handiagotan irten zait, gorri kolorekoak denak oraingoan, pantaila osoa betez. Ordulari hots jasangaitz bat ere hasi da…tik, tak, tik, tak… eta ihesian bezala aurrera egin dut. Enter-i eman diot. Eta brunba! Ile luze tente zuri ero betaurreko bitxidun bat agertu zait begien aurrean! Jokoaren barrura egin dut jauzi, beraz jokoan hasi naiz ni ere.unknown

-Ez duzu lanparako jeinuaren itxurarik!

-Zorionak, beldur nintzen onartuko ez zenuela!

-Hau guztia zer den jakin minez nago… benetan 3 desio emango dizkidazu? Eta hala bada, non dago trukoa?

-Bizitzan misterioari lekua utzi behar zaio… hobe izaten da egia osoa ez jakitea… baina zure 3 desioak nahi dituzu? Bai ala ez?

Isilik geratu naiz.

-Ez esan ez duzula ezer desio? Edozer,…

-Jakina, mundu guztiak bezala nik ere nire desioak ditut… baina ez pentsa hain erraza denik.

-Hartu behar duzun denbora guztia!

-Eta ametsetan banago?

-Tira ez duzu ezer galtzekorik… eskatu, zure ametsetan beteko da eta esnatzean, kito, akabo ametsa eta akabo desioa! Esan dizut, ez dagoela presarik, hartu nahi adina denbora!

-Hasieran urgenteago zen guztia… eta orain presarik ez?

-Adi ote zinen jakiteko zen, kasurik egin izan ez bazenit beste batengana joango nintzatekeen…

-Aizu, eta zer desio klaseaz ari gara?

-Imajinatu daiteken edozer… adibide bat nahi?

-Adibide bat?

-Bai, adibide bat. Eskatu edozer eta nik bete araziko dut behin behinekoz, hori bai, lau minututara desegin egingo dut. Eta lasai, ez du zure 3 desioen zerrendan kontatuko.

Pentsakor jarri eta gauza nahiko erraz bat eskatu dut. Idazmahai berria behar nuen, aulkia ere bai, ordezko baten beharrean zegoen… une batez begiak itxi eta berriro irekitzean… hara! Hura zen mahaia hura! Ederra, zabala, txukuna… eta aulkia… zer esan aulkiaz… hurrengo lau minutuak portabenturan banengo bezala aulkian biraka eman ditut! Baina konturatzerako aulki berria desagertu eta zaharrean nengoen berriro eserita eta esan beharrik ez dago aulki zaharrak ez zituela bueltak ematen. Portabentura baino Igeldoko jolas parkerako modukoa zen. Zaharra bai, baina xumea bai, eta ederra.

-Ikusi duzu, hau ez da txantxa… benetan nahi al duzu mahai berria eta aulki berria?

-Hori da ba arazoa… ez da hain erraza… Axola al dio desioak niretzat edo besteentzat eskatzen baditut?

-Zure erabakia da, baina ondo pentsatu beharrekoa.

-Aholkuren bat…?

-Saiatuko naiz.

-Demagun mundu osorako bakea eskatzen dudala.

-Ba hau ere 4 minututan amaituko litzatekeela.

-Zure desio guztiak lau minututan amaitzen al dira?

-Gizakiaren ezinbesteko jokabidea da. Gerra amaituko balitz hemen, ziur egon hemendik lau minutura beste nonbait hasiko litzatekeela. Eta horrela etengabe.

-Eta niretzat zerbait eskatuko banu? Adibidez… garaiagoa izatea?

-Puntatik puntara joan zara. Ziur zaude horrek zoriontsuago egingo zintuzkeela? Garaiagoa izateak?

-Ba ziur ezetz, baina, zerbait eskatu behar. Egia esan ez da hain erraza!

-Baliteke ezer behar ez izatea, dagoeneko erabat zoriontsua izatea. Eta ezeren beharrik ez baduzu…

-Egon lasai, ez dut aukera hau galtzeko asmorik… eta dirua eskatuko banu? Asko!

-Eta nola ihes egin ogasunari?

-Ez lukete sinistuko 3 desio eman dizkidatela, ezta?

-Ez.

-Gainera bada gauza bat esan ez dizudana. Ezin diozu 3 desioen kontu hau inori aipatu.

-Inori? Etxekoei ere ez?

-Inori. Esango bazenie, plost. Deuseztatu egingo lirateke.

-Nortzuk? Etxekoak?

-Ez, jakina ezetz, desioak! Plost!

-Aizu lehen ez dizut galdetu, zergatik ni?

-Hori sekretua da, ezin dizut esan. Pentsa ezazu loteria moduko bat izan dela eta zuri tokatu zaizula. Kito.

-Baina loteria balitz esan ahalko nuke, hau berriz ez. Dirua balitz ogasuna, etxe berri bat balitz seguru administrazioarekin ere arazoren bat izango nukeela…

-Inork ez du esan erraza izango zenik. Uko egingo diezu 3 desioei?

-Ezetz ba… hori da zuk nahi duzuna, ezta? Oraindik pentsatzen ari naiz… adibidez… osasuna?

-Tira, ez da txarra… baina osasuna norentzat?

-Ba… guztiontzat, etxekoentzat, familiarentzat, ingurukoentzat… zer arraio… mundu osoarentzat osasuna!!

-Barkatu, hori ez da posible…

-Hara!! Zure mugekin egin dugu topo! Hara, hara, hara…

-Baliteke. Kontua da mundu guztiak osasuna balu ez zela inor gaixotuko, eta inor gaixotuko ez balitz ez litzateke inor ospitalera joango eta bertako mediku eta erizainek ez lukete lanik izango eta kaleratu egingo lituzkete eta langabezian… badakizu, dirudik ez, dirurik gabe jatekorik ez eta jatekorik gabe… zure desio hori kontraesan bat da bere horretan.

-Ba desioen kontu hau oso zaila da.

-Beti daukazu uko egiteko aukera. Txanda-pasa!

-Ez. Inoiz ez. Presarik ez dudala esan duzu ezta? Ba hartu lasai zuk ere…

Eta ordenagailua itzali dut. Orria zuri geratu da. Arratsaldean ekingo diot berriro, Eta aizue, datozen egunetan arduratuta, kezkati, pentsakor, urduri ikusten banauzue jakizue arazo bat daukadala konpondu beharrekoa. Eta susmoa daukat zenbat eta gehiago pentsatu konponbidetik urrunago egongo naizela.

Aizue, zuei ez dizuet galdetu… 3 desioetarako proposamenik?

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.