Arnasestuka iritsi naiz alabaren Jiu-jitsu klasearen irteerara berandu nenbilelakoan, baina ez. Hantxe nengoen aldageletan. Beste guraso batekin berriketan, kontatzen ari nintzaion nola bere semea ezagutu nuen aurreko batean. Berak, bere semeak, ez zuela Jiu-Jitsua gustuko, nahiago zuela Karatea. Baina, zer egingo diot nik, ez naiz zuzenean hariari heltzen diedan horietakoa, itzulinguru bat egin izaten dut, egoeran sartze aldera edo… eta horretan nengoen alabaren lagunaren gurasoak eskua pixka bat altxatu eta ezer esan gabe esan zidanean:
-Aspertzen ari naiz, barkatu.
Ni bat batean isildu nintzen, eta bera beste guraso talde batera batu zen, iritsi eta berehala barrez niri begira. Ni, nigatik barrez ari zirelakotan lotsatuta eta pentsakor.
“Jupe, horrelakoa izan nahi nuke nik. Nola gustatuko litzaidake nire buruarengan hainbeste konfiantza izatea eta ni aspertzen ari den norbait, nire bizitzaren minutuak lapurtzen ari den edonor pikutara bidaltzeko. Minutu guztiak direlako oso baliotsuak. Etxeko grifoan ur ihesaldi baten antzera ikusten ditut alferrikako berriketaldietan galdutako minutu horiek. Denbora, lehorte batean ura modukoa da. Galdutako minutuak egunaren amaierarako azpil handi bat betetzen duen etengabe tantaka ari den txorrota dira. Stop jarioei.”
Baina ondoren pentsatu dut: “Ez, ez eta ez. Guraso hori ergel hutsa da. Ergela eta lotsagabea. Ez nau ezagutzen eta arrazoirik gabe minutuak lapurtzen dituen astun horietako bat naizela pentsatu du, eta nik ez ditut minutuak lapurtzen, ze arraio, nik oparitu egiten ditut. Oparitu. Oparitu, ez naizelako arrangura batean bizi, ez naizelako bizitzan hilda dauden horietakoa, ez naiz garrasian bizi. Behar denean bakarrik hitz egiten dut. Besteez kontzienteagoa naiz, beraien denboraz, beraien estutasunaz nireaz baino. Mamu bat naizelako. Hollywoodeko film horietako mamu atsegin bat, eta mamu horiek zintzoak dira, beraien beharra dagoenean bakarrik agertzen dira, zerbaitez ohartarazteko, besteak arazoren batekin laguntzeko, hiltzaileak harrapatzeko, minutu larriak aurrezteko. Ez naiz enbarazu egitera etorri, mamu batek inoiz ez lukeelako giza itxura hartuko Jiu-Jitsu aldagela batean beste guraso bati kalaka emateko. Guraso hori txepela da, lerdoa edo bestela ez nau ikusi. Batzuetan gizakiek ez dituzte mamuak ikusten.”
Alabak jakari tiraka atera ninduen nire ametsetatik. Orain esna nago, baina zalantzatan nago amets egin ote dudan edo benetako mamua naizen.
Iruzkina uztea