Continue Reading" />

Ordu txikietako autobusa

Etiketarik gabe Permalink 0

Ordu txikietan hartu nuen autobusa ozta-ozta. Garai horietan gutxi izaten gara. Ezagunak kasi. Ia betikoak alegia. Gutxinaka, ohi bezala, guztiak jaisten joan ziren gidaria eta ni bakarrik gelditu arte. Ni atzealdean nindoan, leihoan begirada galduta, pentsamendu hutsetan murgilduta. Bat batean nire geltokia pasatu genuela konturatu nintzen, non gindoazen ez nekien, sekula ez nintzen nire kaletik haratago joan. Konortea berreskuratu, ondo begiratu eta lokartu nintzela ulertu nuen.

Zutitu eta aurrealdera hurbildu nintzen baldarki goiko barran eutsiz.

-Barkatu… -esan nion gidariari- lokartu egin naiz nonbait. Nire geltokia atzean utzi dugu.

Gidariak seriotasun gupidatsuaz begiratu ninduen ispilutik. Horrelakoak lanbidearen parte balira bezala.

-Ez arduratu, linearen amaieran buelta emango dugu -erantzun zidan.

Une horretan irrati ohar bat iritsi zitzaion. Gidariak isilik entzun zuen aparailua belarrian jarrita. Ez nuen ezer asko entzun. Bi kale aurrerago polizia kontrola zegoela ulertu nuen soilik. Berehala espaloira gerturatu eta gelditu egin zen. Segundo batzuk eman zituen aurrera begira pentsakor. Ondoren begirada niregan jarri zuen ispiluaren bitartez.

-Arazo bat dugu -esan zuen.

-Dugu? -erantzun nion.

Ez nekien zertaz ari zen. Ezpainak busti zituen hitz egin aurretik, esatera zihoana kostako balitzaio bezala.

-Patata tortilla ogitarteko bat afaldu dut… -bota zidan.

-Pozten naiz, ni afaldu gabe nago -erantzun nion.

-Lehorra… hura irentsiko zuenik ez zegoen, eta bultza egiteko bi garagardo edan behar izan ditut…

-Garagardoak? Ura edatea ez zaizu okurritu? -esan nion.

-Ba ez, ez naiz oso ur zalea, kalte egiten dit… baina kontua da hor aurrean alkoholemia kontrola dagoela, eta putz arazten badidate, nireak egin duela.

Ez nuen erantzun. Zer esango nion ba? Berak jarraitu zuen.

-Zure geltokia atzean utzi dugula esan duzu. Tratu bat proposatzen dizut: kontrola pasa arte autobusaren kargu egiten bazara, ondoren etxera eramango zaitut. Ate ondoan utziko zaitut.

Amets gaizto batean nengoela pentsatu nuen.

-Autobusaren kargu? Ni?

-Ez da beste munduko ezer. -esan zuen agudo-. Aurrera zuzen kale pare bat besterik ez. Ni zure atzean jarriko naiz, bidaiari bat banintz bezala. Kontrola pasa eta kito. Berriro lekuz aldatu eta zure etxera. Erraza da oso.

Txundituta begiratu nuen. Proposamen eroegia zen. Hain nabarmena zen besteak berehala zuzentzea espero izaten dela; irribarre egin eta txantxa izan dela esango duela. Baina han ez zen irribarrerik izan. Guztiz kontrakoa: bere beldur eta erregu espresio hark urduriago jarri ninduen proposamenak baino.

-Honek ez du zentzurik! -esan nion.

-Zentzurik ez duena da bi garagardorengatik lana kentzea da! -bota zidan- bi seme-alaba ditut, hipoteka eta emaztea langabezian! Zuk ez dakizu ondo putz egiten badut zer datorkidan gainera!

Txistua irentsi nuen. Kalean behera polizia furgonetaren argi urdinak ikusi nitzaken. Argi urdinen eta gidariaren estualdiaren nahasketak nire erabakia ahuldu zuten. Konturatzerako gidariaren jaka jantzita nuen bolantearen aurrean. Laguna berriz nire atzean nire larruzko berokia jantzita.

-Zu lasai -bota zidan-, autobusa handia dirudi, baina bakarrik doa!

Ez zen egia. Traste handi hura ez zihoan bakarrik. Bolanteak zezen plaza izugarri bat zirudien; aurreko parabrisak itsasertzeko zerumuga baino zabalagoa; autobusaren muturra berriz… ikusi ere ezin nuen egin. Etxe oso bat gidatzen ari nintzela zirudien. Aurrera egin nuen hala ere; ez zegoen atzerabueltarik.

Kontrolera iristean agente batek alde batera egiteko agindu zigun. Baldarki egin nuen. Seguruenik egun osoa gidatzen egon diren gidariek horrela egiten dute. Oso baldar. Beste agente bat barrura igo zen bi minutu ostean atea irekitzen asmatu nuen arte.

-Zer? Berria dirudizu! -bota zidan.

-Egun luzea, badakizu -disimulatu nuen.

Barrualde osoa begiratu nuen. Benetako gidaria nire atzean zegoen nire telefonoarekin jolasean plantak egiten. Agentea gerturatu zitzaidan.

-Gabon! Errutinazko kontrola!

Dokumentazioa eskatu zidan. Tiketeraren azpian enpresaren logoa zuen karpeta bat zegoen. Hura eman nion. Ondoren alkoholimetroa atera zuen.

-Egin putz -eskatu zidan.

Nik putz. Ikaraz. Ez nuen ezer edan. Baina horrelakoetan batek susmoa izaten du gorputzak bere kasa komeni ez den edozer sustantzia sor dezakeela. Berriro putz. Agenteak aparailua begiratu eta dokumentuen enpresako karpeta itzuli zidan.

-Ondo da, jarraitu dezakezu! -agindu zidan.

Kasu egin nion, jakina. Kale bat egin nuen aurrera. Beste bat. Hirugarrena. Ez zen komeni berehala gelditzea leku aldaketa egiteko guztien bistara. Nahikoa urrundu nintzanean, abiadura moteldu eta atzera begiratu nuen.

-Ondo da -esan nion-, amaitu da abentura; nahi duzunean bakoitza berera!

Gidaria ez zen mugitu. Leihotik begira zegoen bere pentsamenduetan murgildurik. Zeozer oroitu izan balu bezala.

Segundo bat igarota gelditzeko txirrina jo zuen.

-Hemen da -esan zuen.

-Nola hemen? -erantzun nion.

-Nire etxea. Hortxe da, kale horren bueltan.

Txantxetan jarraitzen zuela pentsatu nuen, baina zutik jarri zen.

-Ez duzu ba pentsatuko… ez didazu horrelakorik egingo, ezta?

-Ez esajeratu -erantzun zidan aterantz zihoala-. Ederki moldatzen zara. Segi zuzen hurrengo biribilgunera eta handik ezkerrera. Gabon pasa!

Gidaria atetik jaitsi zen, eskuarekin agur egin eta pauso azkarrean urrundu zen. Ihesean baina lasai.

Izoztuta geratu nintzen bolanteari helduta. Gidariaren bizkarra desagertzen ikusi nuen kalearen bueltan. Nik ere autobusa hantxe utzita alde egiteko tentazioari jarraituta zutitu eta bat batean bi gazte igo ziren parrandatik bueltan. Batek txartela pasa zuen aurpegira begiratu ere egin gabe. Ondoren emakume bat ere igo zen. Udaletxe aldera ote nindoan galdetu zidan.

-Tira nagusi, eman egurra, berandu gabiltza eta-agindu zidan gazteetako batek.

-Udaletxe aldera zoaz edo ez? -atsoak berriz.

Ez nion erantzun. Ateak itxi eta martxan jarri ginen.

Autobusa hiriko kaleetan murgiltzen zela errealitatea oso aldakorra izan zitekeela pentsatu nuen. Batzuetan nahikoa zela geltoki batean lokartzea bizitza desberdin batean esnatzeko.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.