Urriko azken asteburua. Ordu aldaketa. Guztiek ordulariak atzeratzen zituzten, baina berak ez. Berak aurreratu egin zuen. Ez zen despistea izan, bulkada bitxi bat izan zen, denboraren kontrako errebeldia moduko bat. “Zergatik atzera egin?” esan zion bere buruari. Horrela ba, mundu guztiak ordubete gehiago lo zegoela, bera, hurrengo egunean etorkizunean jaiki zen.
Goizeko seietan, zerua oraindik beltz zegoela, gosalduta zegoen, txakurra paseatuta eta egunkari banatzaileak oraindik banatu ez zuen egunkaria irakurria zuen. Boteretsu sentitu zen, arin, une batez mundua berea balitz bezala.
Etxeko leihora irten eta postaria ikusi zuen zortzietan buzoian sartuko zuen gutunarekin. Pareko etxeko haurra bizikletatik erortzen ikusi zuen oraindik lo egon arren. Laino beltz bat ikusi zuen euria hasi aurretik. Guztia mundu osoari baino ordubete lehenago iristen zitzaion.
Hasieran dibertigarria iruditu zitzaion. Mireni esan zion aterkirik gabe ez irteteko, euria egingo zuela; okinari ogi gehiegi labean ez sartzeko esan zion, euria egingo zuela eta jendea ez zela ogia erostera irtengo. Gustura sentitu zen, heroia kasi. Baina botere hori berehala bihurtu zen pisutsu.
Jakin nahi ez zituen gauzak aurreikusten hasi zen. Telefonoak jo aurretik jakin zuen bere anaiak albiste txar batekin deituko zuela. Bi lagun ikusi zituen liskarrean, oraindik isuri gabeko malkoak ikusi zituen. Ja ezin zuen jendea begiratu zer gertatuko zitzaien ikusi gabe. Ohartarazi nahi zituen baina inork ez zekien zertaz ari zen. Nola adierazi denborak konpasetik kanpo utzi zuela?
Elizan sartu zen kandela bat piztea. Kanpandorreko ordulariak zazpiak zirela zioen, baina berean zortziak ziren, bazekien, edo izango ziren. Santu ikusezin bati egin zion otoitz eta izenik gabeko zerbait eskatu zuen: besteek denboran harrapatzen zutenean oraindik esna egotea. Ulertu zuen bera bakarrik bizi zuen minutu bakoitza besteen bizitzatik lapurtutako minutua zela. Agian denborak ez zuen lekukorik onartzen.
Dendariak ikusi zituen kamioietatik fruta kaxak jaisten, ogia usaindu zuen oraindik labetik atera gabe zegoela. Gauza guztiak bere aurrean gertatzen ziren, baina oraindik ez ziren.
Berehala hasi zen aurrerapenaren pisua pairatzen. Bakarrik zegoen oraindik esnatu ez zen mundu batean. Ordu hori lurralde arrotz bihurtu zen, bera bakarrik existitzen zen linboa.
Parkeko banku batean eseri eta begiak itxi zituen. Haizea ufaka zebilen denbora hezi ezina dela gogora arazi nahiko balio bezala. Orduan ulertu zuen: ez zegoen denboran aurreratuta, denboratik kanpo geratu zen.
Etxera itzuli zen. Egongelako ordularia oraindik aurreratuta zegoen, hantxe, gertatzen zenaren berri izango ez balu bezala.
-Zer egin dakidana jakinda?
Leihotik begiratu zuen berriro ere: bikote bat kalea zeharkatzen ari zen, txakur bat zaunka, emakume batek oraindik behar ez zuen aterkia ixten zuen.
Orduan, aulki batean igo eta ordulariaren orratzak atzera mugitzen hasi zen. Tiki-takak hasperen egin zuela iruditu zitzaion, lasaituta. Denbora bere onera zetorrela iruditu zitzaion. Etorkizuna bere lekura itzultzen zela, misterioaren eremura.
Irribarre egin zuen. Bizitza ez zen zer gertatuko zen jakitea, gertatzen uztea baizik.