Continue Reading" />

sinadura vs. sinadura

Permalink 1

Bizitza gehiegi korapilatzen dugula uste dut, neurri barregarrietaraino!

Atzo, izenik emango ez dudan herri bateko anonimatuan gordeko dudan supermerkatu batean erosketak egin nituen.

Supermerkatuko pasilloetatik burdinazko karroari bultzaka nenbilela apartekorik ez. Karroak beti ezkerreko apaletara eramaten ninduela ihesbiderik gabe? Baina hori ez omen da berria, ondo kalkulatutakoa omen da behar ez dituzun horien tentazioan eror gaitezen.. Baina ni ez nau tranpa horrek harrapatzen. Erosketen zerrenda eramatea baino erremedio hoberik ez da. Tira, tarteka galleta gozoren batek jauzi egiten du karro barrura, bai, kakao portzentaje handiko txokolate beltz ilun horietakoren bat ere erortzen da, bai, baina kito. A! Eta hestekien zonaldean sardana dantzatzera zihoala zirudien bikote batek aspaldi jan gabe nengoen katalan sobrasada eskaini zidan. Ezin horri ere ihesik egin. Ondoren betikoa, jogurten hozkailuan uste baino denbora gehiago. Ez al zaizue gertatzen hainbeste koloreen artean hartu nahi dituzun horiek beti ezkutatuta egotea? Desafio moduko bat da. Soja jogurten eta nire arteko desafio partikular bat. Ezkutaketan jolastea bezala. Izan ere beste jogurt mota guztiak erraz ikusten ditut, beti toki berean. Baina nik nahi ditudan horiek… bizitza propioa dutela esan daiteke, hozkailu erraldoian batetik bestera bizi diren jogurt nomadak, jogurt ibiltariak. 

Tira, karroa bete nuen. Toperaino. Zerrenda ikusita ez nun uste. Baina tira, ordaintzeko kaxetara joateko ordua iritsi zen.

Egindako erosketen ordainagiria sinatzen ari nintzela saltzaileak atentzioa deitu zidan; txartela sinatu gabe nuela eta gauzak horrela salmenta bertan behera geratuko zela baldin eta txartela sinatzen ez banuen. Nik hori beharrezkoa ote zen galdetu nion, eta hark beharrezkoa ez, ezinbestekoa. Ordainagiria eta txartelaren sinadurak konparatzeko alegia. Berdinak behar dute. Horrela ba, txartela bere aurrean sinatu nuen. Saltzaileak ordainagiriko eta txarteleko sinadurak, biak bere aurrean egindakoak, konparatu, eta irribarre egin zidan. “Horrela bai, ondo dago, mila esker”. Nik ere irribarre egin nion. Ezin nuen sinistu. Eta aluzinatuta nire erosketekin alde egin nuen. Ene bada!!

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.